Posted

“Walking Videoak”: hiriak ezagutzeko modu berri bat

Pandemia borrokatzeko modurik onena etxean gelditzea den garai honetan, teknologia berriek hirietara hurbiltzen gaituzte, modu lasai batean, oinez eta kaleak zehaztasunez ezagutuz: argi naturala, giro-soinua, denbora erreala… Etenaldirik gabe, “WalkTuber” esaten zaienek egunerokoa erakusteko modu berri bat asmatu dute.

- - - - - - - -

“Walking Video” esaten zaie, eta halakoak egiten dituztenei, “WalkTuber”. Duela bi urte inguru Youtuben kaleratzen hasi ziren bideo batzuen modalitatea da, eta, pandemiaren eta ezin bidaiatuaren ondorioz, gorantz doan kontsumo-joera dutenak.  

“Slow TV” ere esaten zaie (tb geldoa), pertsona askorentzat erlaxatzekoak diren edukiak ematen baitituzte. Izan ere, gaueko orduetan handitu egiten da halakoak ikustea; hiriko giro-soinuak lo hartzen laguntzea lortzeko hondoko irudi eta soinu moduan bideo hauek erabiltzen diren gaueko orduetan, hain zuzen.

Lehen pertsonan grabatuta, hiria beste ikuspuntu batetik erakusten dute. Etenaldirik gabe, ikusten ari dena kontatzen duten azpitituluekin, musikarik gabe, kaleetako soinuak, argiak eta atmosfera hartzen, besterik ez. “WalkTuberrak” kamera eskuetan dutela ibiltzen dira oinez, egunez eta gauez, euritan eta eguzkipean. Hiri handiak, herri txikiak, mendiak eta bidexkak… toki guztiek merezi dute barnetik erakustea, zehatz-mehatz, erakusleihoetan geldituz, monumentuetan eta bai oinezkoen aurpegietan ere.

Iraupena aldatu egiten da. Izan ere, lehen orduan New Yorken edo Parisen grabatutako paseo batzuk hamar minutukoak dira, gosari on bat laguntzeko ezin hobeak; eta beste batzuk, berriz, besteak beste Manhattango hau –ekaitz bete-betean grabatua, eta bost milioi bisitatik gora dituena–, bi ordu ingurukoak. Trumoiak, euri-soinua lurrera erortzean… hauek dira ikus-entzuleek gogokoen dituzten bideoak.

“WalkTuberren” kopurua gero eta handiagoa da, eta bai sortzen dituzten lanena ere. Londresen, Sanpo Stroll egunero ateratzen da grabatzera. Paseoak egiten ditu hirian ordu desberdinetan, eta egunero auzo desberdin bat erakusten du.

Eta Italian, Prowalk Toursek paseoak grabatzen ditu Venezian, Florentzian, Erroman, eta milioika bisita lortzen dituzte grabazio horiek.

Nahiz eta gutxi diren, emakume diren “WalkTuberrak” ere badaude, eta haietako bat da “The Walking Girl”

Bere bideoak 4Kn grabatuta egoten dira (ohikoena, argitalpenen formatu honetan), giro-soinua errespetatzen dute eta agertzen doanaren azpitituluak izaten dituzte (monumentuei, leku desberdinei eta abarri buruzko informazio turistikoa), eta, gainera, iruzkin pertsonalak izaten dituzte. Esate baterako, egileak hitz egin izan du ehun urtetik gorako historia duten saltoki txikiek frankizia handien aurrean duten egoera ikusteak eragiten dion nahigabeaz.  

Ohioko neska bat elkarri eragiten aritu zen kanalean: betidanik Euskadira bidaiatzeko ametsa izan zuela esan zuen, COVID-19aren ondorioz inoiz betetzerik izango ez zuela uste zuen ametsa, eta, beraz, paseo birtual hauekin asko gozatzen zuela. Horrez gain, gurpil-aulkian ibili behar duen adineko gizon batek, etxetik bertatik ateratzeko zailtasunak izanik, adierazi zuen “walking video” hauek bizia ematen ziotela.  

Eta horixe da asmoa. Helburua argia da: hiria oinez ibilita erakustea, “bertan ibiliko bazina bezala”.  

Pandemia borrokatzeko modurik onena etxean gelditzea den garai honetan, hiriak ezagutzeko era on bat izan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.