Posted

Zer dira tximeleten oasiak?

- - - - - -

Aurreko argitalpen batzuetan, intsektu batzuek polinizaziorako duten garrantziaz hitz egin genuen (hemen irakurri). Eta oraingo honetan, tximeletez ariko gara, talde horretako zati eztabaidaezina baitira.

Gauza jakina da intsektuek naturan dagoen espezie-multzo ugariena eratzen dutela. Intsektuen familia handiaren barnean, biodibertsitate osoko espezie-kopuru handienak dituzten azpitaldeak dira koleopteroenak eta himenopteroenak, eta tximeletena hirugarren tokian dago sailkapen horretan.

Horrek oso elementu garrantzitsu bihurtzen ditu kate trofikoetan, funtsezkoak baitira hegaztien, saguzarren eta ugaztun intsektujaleen espezie askoren elikaduran, eta horrez gain, oso lagungarriak dira izurriteen kontrol naturalean. Hala, landare, predatzaile eta parasito asko hertsiki daude tximeleten espezie edo talde jakin batzuen mende, eta horregatik ingurumen-kalitatearen adierazle bikainak dira.

Esate baterako, zientzia-komunitateak organismo eredugarri moduan baliatzen ditu tximeletak, habitata galtzearen edo zatikatzearen inpaktua aztertzeko, eta bai egungo klima-aldaketa ikertzeko ere.

Baina hori ez da kontu berria, hainbat mendean organismoen multzo “eredugarritzat” hartu izan baitira biologiaren, nabigazioaren, enbriologiaren, eboluzioaren, genetikaren, populazioaren dinamikaren, natura kontserbatzearen, medikuntzaren eta abarren arloetan.

Egun, ordea, eta giza jarduerak eragindako aldaketen ondorioz nagusiki, tximeleten kopuruak gutxitzen ari dira mundu osoan. Adibidez, egiaztatu ahal izan da larredietako espezie propioak %30 murriztu direla Europan 1990 eta 2011 artean.

Hori hala izateak ekarri du zenbait erakundek eta taldek ahalegin guztiak egitea polinizatzaile honen kontserbaziorako hainbat proiektu garatuz, hala nola “Tximeleten oasiak” izenekoa. ZERYNTHIA  elkarteak entomologiaren arloko profesionalak eta profesionalak ez direnak biltzen ditu, eta ekimen horren bultzatzaileetako bat da. “Animalia baliotsu eta eder hauek kontserbatu eta baloratzeko bidea emango duen gizarte-kontzientzia sortzeko ahalegintzen gara, ekosistemek behar bezala funtzionatzeko nahitaezkoak baitira”, azaltzen dute elkartearen arduradunek.

Horretarako, partikularrak, erakunde publikoak, heziketa-komunitateak eta enpresak gonbidatzen dituzte, tximeletentzat eta beste intsektu polinizatzaile batzuentzat lagungarriak diren landareak landatzera, hartara, berdeguneak hobetzen laguntzeko.

Tximeleten oasiak oso proiektu erraz eta xumea da, eta bertan parte har dezake interesa duen eta tximeletentzat eta beste polinizatzaile batzuentzat egokienak diren landareak kokatzeko lursail txiki edo handi bat duen edozein pertsonak. Koka daitezkeen landareen adibide asko daude, esate baterako, erromeroa, errukula, ezkaia, malbak, asunak, azak, bortusaia, mihilua, eta abar. Bortusaia landare ona da Papilio machaon erakartzeko, adibidez, eta arrautzak bertan jartzeko. Hartara, behatzen joan ahal da bai ale helduak eta bai tximeleta honen ziklo biologiko osoa ere (arrautza, beldarra, krisalida eta heldua). Eta izpilikuak xurgatzera etortzen diren heldu asko erakartzen ditu, esate baterako, Vanessa tximeletak eta kolibri-esfingeak.

Egiatan, helduentzat, lorea duen edozein landare da egokia, batik bat, usaintsuak. Dena den, saiatu behar da beti bertako espezieak izatea: ezkaia, mihilua, oreganoa…”.

Eta dirudienez, proposamena harrera ona izaten ari da, asko baitira oasi hauek kokatu diren tokiak eta askoz ere gehiago egitasmoarekin bat egiteko daudenak.

Proiektuak, gainera, herritarren parte-hartzea sustatzen du, flora- eta fauna-espezieak taldean identifikatzeko balio duen iNaturalist aplikazioan jasotzen baita.

Eta esperientzia eta tximeletengana gerturatzea erabatekoa izan dadin, elkarte horrek mintzaldiak eta tailerrak ere antolatzen ditu, hain ederra eta harrigarria den intsektu hau sakon ezagutzeko aukera emate aldera.

Graelsia, Aranguren ibarrean

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.