Posted

Lurraren eremu magnetikoa ez da estatikoa

Aski ezaguna da gure planetan eremu magnetikoaren inbertsioak gertatzen direla aldian behin. Baina orain arte ez zen ulertzen zer ondorio edo inpaktu izan dezaketen bizian eta/edo ingurumenean. Zuhaitz fosil bati esker azkeneko inbertsioan zer gertatu zen ezagutu dute: ozono-geruza hondatu zen eta erradiazio ultramorearen maila eta ionizazio atmosferikoa izugarri handitu zen.
Imagen de Anja #helpinghands #solidarity#stays healthy en Pixabay

- - - - - - - - - - - - -

Aurreko argitalpen batean, milaka urte dituen Aragoiko arte bati buruz hitz egin genuen, 2021eko Europako Zuhaitz izendatu baitzuten (hemen irakurri).

Orain, milaka urte dituen beste zuhaitz bati buruz ariko gara: duela 42.000 urte bizi izan zen, azken glaziazioaren amaieran, Ngawhako hezeguneetan, Zeelanda Berriaren iparraldean. Hain zuzen, kauri fosil bat da, ezin hobeto kontserbatu dena eta langile batzuek lurpetik atera zutena lursail bat prestatzen ari zirenean. Hori berez berezia izan badaiteke ere, are bereziagoa da kontuan hartzen badugu enborreko eraztunek 1.700 urteko erregistro sinestezin bat eskaintzen zutela, Lurraren ingurumen-baldintzena, eremu magnetikoaren inbertsio-aldi labur bat hartzen duena.

Aski ezaguna da gure planetan eremu magnetikoaren inbertsioak gertatzen direla aldian behin. Baina orain arte ez zen ulertu zer ondorio edo inpaktu izan dezaketen bizian eta/edo ingurumenean.

Milaka urteko zuhaitz horren fosilaren gainean egindako azterlanaren arabera, uste da duela 42.000 urte, Adams gertaera esaten zaiona izan bitartean (800 urte iraun zuen, eta urte haietan poloen magnetismoa aldatu egin zen eta gero lehen bezala egotera igaro zen), ozono-geruza nabarmen hondatu zela, eta, hortaz, erradiazio ultramorearen mailak oso handiak izan zirela eta ionizazio atmosferikoa izugarri handitu zela.

Litekeena da horrek berekin ekarri izana egungoetatik desberdinak ziren ingurumen-kondizio batzuk izatea. Esate baterako, aurora borealak planeta osoan hedatuko ziren, eta aire ionizatuak eragindako ekaitz elektrikoen maiztasuna eta gogortasuna handitu egingo zen.

Horren guztiaren ondorioz, gizaki primitibo haiek haitzuloetan bilatu behar izan zuten babesa. Izpi ultramoreek, suteek eta, oro har, arriskuek eragiten zieten beldurrak, beharbada, lurraren erraietaraino bultzatuko zituen, mundu magiko eta espiritual baten babesaren bila. Hala azalduko litzateke labar-artea hazi izana. Izan ere, uste da eskuetako hatzak okre gorrian inprimatzeak adierazten duela eguzki-babesgarri moduan erabiltzen zutela, egun talde indigena primitibo batzuek erabiltzen duten moduan.

Gerta liteke orain antzeko zerbait?

Lurraren eremu magnetikoa ez da estatikoa. Izan ere, erabat inbertitu edo alderantzikatzen da aldian behin, 10.000 urte inguru irauten duen prozesu batean. Azken inbertsio geomagnetiko handia duela 780.000 urte gertatu zen, baina gero zenbait inbertsio igarokor gertatu dira, eskurtsio edo ibilaldi geomagnetiko ere esaten zaienak. Haietan, poloak aldatu egiten dira eta gero lehengo egoerara itzultzen dira.

Eskurtsio geomagnetikoen iraupena ehunka eta milaka urte artekoa da. Gertatu zela egiaztatuta dagoen azkena, hain zuzen, duela 42.000 urte inguru izan zen. Orduan, eremu magnetikoa inbertitu egin zen, eta, gainera, indarra galdu zuen ehunka urtean.

Egun, ikusten ari gara Lurraren eremu magnetikoa ahultzen ari dela, %9 gutxi gorabehera azken 170 urteetan, eta baliteke horrek adieraztea inbertsio bat gertatuko dela, nahiz eta ezin den iragarri igarokorra izango litzatekeen edo ez.

Argi dagoena hau da: bere ondorioak ez lirateke duela 42.000 urtekoen antzekoak izango. Izan ere, erradiazio kosmikoak energia elektrikoko sareak eta sateliteak suntsituko lituzke, eta, horrenbestez, gure gizarte teknologikoa, egun ezagutzen dugun eran, desagertu egingo litzateke.

Iturriak:

https://www.nationalgeographic.com.es/ciencia/arboles-milenarios-fosilizados-explican-inversion-campo-magnetico-tierra_16424

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.