Hondakinengatiko kezka kirol-arlora ere iritsi da, bestela izan ezin zitekeen moduan. Hartara, aurten, dominak, podiumak eta bai alojamenduak ere material birziklatuekin eginda zituzten olinpiar joko batzuk izan ditugu (irakurri hemen), eta hondakinak botata uztea haiek bilduta borrokatzea xede duten zenbait kirol-erronka ezagutu ditugu (irakurri hemen).
Orain, badakigu kezka hori Espainiako Vuelta txirrindularitza-itzulira ere iritsi dela, zirkuitu profesionaleko etapakako lasterketa iraunkorrena eta zirkularrena izaten saiatzen ari baita.
Azkeneko edizioan, aurrekoan sortutako hondakinen %34 murriztea lortu zuen, baina oraingoan (abuztuaren 14a eta irailaren 4a artean) asmoa du erabilera bakarreko plastikozko botilarik erabiliko ez duen etapakako lehenbiziko lasterketa bihurtzea. Horretarako, akordio bat izenpetu du Aquaservice enpresarekin, eta enpresa hori Vueltaren ur-hornitzaile ofiziala izango da 2024a arte.
Hartara, lasterketak iraungo duen 21 egunetan, Aquaservicek ur-banagailu eta ur-bidoi berrerabilgarriak eta berriz betetzekoak erabiliko ditu 90.000 litro-ur banatzeko, inolako hondakin plastikorik sortu gabe, eta 23 txirrindulari-taldeak hornitzeko, antolakuntzako kide diren langileak, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko agenteak, publiko bisitaria eta akreditatuta egongo diren hedabideak.
Banagailuen sistemak ahalbidetuko du erabiltzaileek beren botila berrerabilgarriak bete ahal izatea beren kontsumo pertsonalerako eta bai erabilera bakarreko plastikozko 180.000 botila baino gehiago erabiltzea saihestea ere.
Beste alde batetik, adierazi behar da beste aliantza batzuek ere lagunduko dutela lasterketa egin bitartean iraunkortasuna sustatzen. Adibidez, “Tropel berdeak” –ingurumenaren arloko 200 boluntariok baino gehiagok eratutakoa, Óscar Pereiro txirrindulari ohi eta Tourraren irabazle izandakoa lagun dutela– 21 etapetako bakoitzaren ondoren hondakinak biltzeko miaketa bat egingo du, eta ez bakarrik mendiko etapetan, orain arte egiten zen moduan.
Ecovidriok, bere aldetik, Tourraren eta Giroaren adibideari jarraituta, birziklapenerako hiruzpalau kilometro-puntu kokatuko ditu etapa bakoitzean, txirrindulariek beren hondakinak bota ahal izateko. Eta horrez gain, munduko edukiontzi handiena kokatzeaz arduratuko da.
Bai edukiontzi horietan bilduko diren beirazko hondakinak, eta bai kanpainako irudiekin pertsonalizatuta egongo diren eta lasterketa igaroko den udalerrietan kokatuko diren edukiontzietan bilduko direnak ere etapa bakoitzeko garaikurrak egiteko erabiliko dira.
Beste alde batetik, liderrek jantziko dituzten maillotak, SMS Santinik eginak, ehun-zuntz birziklatuekin eginda egongo dira.
Vueltakeragingo duen aztarna ekologikoa neurtuko du Feníe Energíak; 2021eko itzuli honetan erabiliko den autoen flotak izango dituen 69 ibilgailuak erabat elektrikoak izango dira; Ecopilasek eta Ambilampek standak edo erakusmahaiak jarriko ditu irteeran eta Vuelta Parkean publikoak hondakin horiek eraman eta edukiontzietara botatzeko; eta Segafredok kartoi birziklatuarekin egindako 30.000 edalontzi baliatuko ditu kafea zerbitzatzeko.
Horiek dira 2021eko Vueltan gauzatuko diren ekintzetako batzuk, baina ez bakarrak, eta, jakina, ez dira izango azkenak. Izan ere, iraunkortasuna aintzat hartu beharreko gaia da, eta denbora luzean konpromiso jarraitua exijitzen duena.
Iturriak:
Hablando en vidrio: https://hablandoenvidrio.com/la-vuelta-mas-sostenible-historia-ecovidrio/
Burgos Conecta: https://www.burgosconecta.es/economia/vuelta-2021-convierte-primera-6265252751001-20210726083506-vi.html
Residuos Profesional: https://www.residuosprofesional.com/vuelta-elimina-plastico-de-un-solo-uso/
Utzi erantzuna