Azaroko aste batean, jeneralean azkenean edo azkenaurrekoan, milaka eta milaka boluntario europarrek kontsumo iraunkorraren eta ekonomia zirkularraren gaineko berriak zabaltzen dituzte beren komunitateetan. Hondakinen Prebentziorako Europako Astea edo European Week for Waste Reduction (EWWR) esaten duguna da, eta aurten azaroaren 20a eta 26a artekoa izango da.
Aste hori aitzakia harturik, Elur Ulibarrena Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoko zuzendariak bisita gidatua egin zuen hilaren 20an, Atarrabiako San Andres Errotan (Nafarroa), “Ontziak” izeneko bere erakusketan. Zehazki, aldi baterako erakusketa da, museoaren beraren bilduma iraunkorrekoak diren pieza etnografikoen hautaketa batek eratua.
“Ontziak” erakusketaren asmoa da ontzien diseinuaren eta etengabeko hobekuntzaren garrantzian sakontzea antropologiaren ikuspuntutik, asmamena eta eguneroko esperientzia inspirazio-iturri moduan erabiltzearen bidez aurrerabideari bide ematen joan den berrikuntza nabarmenduta.
Baina, batez ere, gure arbasoen bizimodua islatzen du, erabat iraunkorra zen bizimodua, etengabeko errespetuan ekosistemarekiko. Hautaketa hori ikusita erraza da etxeko tresnak kontserbatu, aprobetxatu, berreskuratu eta berrerabiltzearen garrantziaz hausnartzea, lehen egiten zen moduan, haiek gure historiaz hitz egiten baitute. Ura, elikagaiak eta beste baliabide batzuk edukitzeko ontziak; denek dute zerbait esateko. “Bizitza ikusteko modua erabat aldatu dugu, globalizazio-prozesuaren ondorioz, pertsona gehienok ez baitugu ekoizten kontsumituko dugun hori –azaldu du Ulibarrenak–. Horren emaitza da ez garela ohartzen edozein mailatan kontsumitzen dugun guztia ekoizteko behar izan diren ahaleginez. Gainera, pertsona gutxik planteatzen diogu geure buruari gure kontsumoak asetzeko zenbat baliabide behar diren… Duela gutxi hori ez zen horrela; oso ongi neurtzen ziren hala ahalegina nola erabili beharreko baliabideak”.
Erakusketako piezak beren balio historiko artistiko eta teknologikoarengatik hautatu dira, oso askotarikoak diren arbasoen ezagutzak baitituzte. Ontziak hainbat materialekin eginda daude: harria, zeramika, metalak, zura, adarkia, ehuna, zumea, kuia… Eta artxiboko argazkiak dituzte lagungarri. “Bitxia delako baten bat aipatu behar badut, ziur asko bainuontziko berogailua aipatuko nuke. Kobre mailukatuarekin egindako pieza bat da, XVIII. mendekoa, garai hartarako oso teknologia modernoa duena eta oso ohikoa den arazo bat konpontzen duena: bainuontziko ura hoztea. Oso ongi pentsatuta eta gauzatuta dago, eta horrek agerian uzten du egin zuen pertsonak oso ongi ezagutzen zuela arazoa, erabili beharreko teknologia eta arazoari irtenbidea emateko material egokiena”, aipatu du Elurrek.
Era berean, gehitu du “arte xehe”, “herri-arte” edo artisautza esaten zaienetakoak diren zenbait objektu artistikok eratzen dutela multzoa: “Gure arbasoek, beren garaian, pentsatu, sortu, berriro pentsatu eta bizitza planteatzen joaten zen arazoak konpontzen zituzten, askotan sentiberatasun artistiko handiarekin. Hori dela-eta, erakusten diren objektuak, beren baitan, benetako artelanak dira, eguneroko erabilerako objektuak izanik, estetikaren balio erantsia baitute”.
Amaitzeko, Elur Ulibarrenak erakusketa gogoetarako leiho moduan definitu du, “gure egungo kontsumo-ereduaren gainean eta ingurunearekin dugun deskonexioaren gainean, duela urte gutxi genuenaren aldean. Gure ingurunearekin konektatu behar dugu berriro”.
Utzi erantzuna