Posted

Eskolako autobusak kontatutako billabesen istorioak

“Pasadas las 4” antzerki-taldeak urteak daramatza hiri-garraioko autobus bat Iruñerriko ikastetxeetako jolastokian aparkatzen. Han, era informal eta ludikoan, Bertak, laguntzaile atsegin eta dibertigarriak, hainbat egoera planteatzen ditu, bultzatzeko ikasleek zalantzan jartzea jokaera negatiboak, zenbaitetan normalizatuegi daudenak, gogoeta egitea gizalegezko arauen eta bizikidetzakoen gainean, eta hainbat dinamika barneratzea, gidariarekiko, gainerako bidaiariekiko eta, jakina, naturarekiko errespetuzkoak diren dinamikak, zehazki. “Egiten duguna da jardunbide egokiak gogoraraztea eta bai garraio publikoa eskuarki erabiltzeak ingurumenerako dituen onurak ere”.

- - - - - - -

Ez dago zalantzarik: pandemiak aldarazi egin du mugitzeko dugun modua. Iruñean eta Iruñerrian, hain zuzen ere, garraio publikoaren erabilera %90 gutxitu zen 2020ko konfinamendu-hilabeteetan. Egun, pixkana lehengoratzen badoa ere, eskaera 2019an zegoenaren %73 da oraindik ere, urte horretan 40 milioi bidaia baino gehiago egin baitziren (irakurri hemen iazko datuak).

Eta horrek -datu bitxia izan zitekeen, besterik gabe- arazo handia du bere baitan; izan ere, bidaia horietako askoren ordez oinez egindako ibilaldiak edo bizikletaz egindakoak egon badira ere, kasu gehien-gehienetan ibilgailu partikularra aukeratu baita, hiri batean horrek berekin dakartzan kutsadurako, poluzioko eta zirkulazio-pilaketetako arazoekin (Hamar arrazoi garraio publikoa erabiltzeko).

Hori dela-eta, Mancoeduca ingurumen-heziketako programak mugikortasuneko jarduerak sustatu nahi ditu, garraio publikoaren erabileraren garrantziaren gainean ikasle gazteak sentsibilizatzeko balioko dutenak. Eta ahalegin horretan, hiru artistaren laguntza du: Belén Otxotorena, Inma Gurrea eta Patricia Eneritz, edo, bestela esanda, “Pasadas las 4” antzerki-taldea. (hemen eska dezakezu jarduera)

Belen Otxotorena
Inma Gurrea
Patrizia Eneritz

Hiru emakume horiek dira “Billabesetako istorioak” jardueraren sortzaileak hiri-garraioko autobus baten barnean garatzen den antzezpenarenak. Lortu nahi den xedea da zerbitzua hobeki ezagutzea eta jokabide arduratsuak barneratzea. “Umorea eta harridura baliatuta, billabesen barnean beharrezkoak diren jardunbide egokiak (izen hori ematen diegu Iruñerriko hiriarteko autobusei) ekartzen ditugu gogora, eta bai garraio publikoa eskuarki erabiltzeak ingurumenerako dituen onurak ere”.

Hori lortzeko, autobus publiko bat aparkatzen dute eskolako jolastokian eta ikasleak “hegaldi berezia” egitera gonbidatzen dituzte. Hala, era informal eta ludikoan, Bertak, laguntzaile atsegin eta dibertigarriak, hainbat egoera planteatzen ditu, bultzatzeko ikasleek zalantzan jartzea jokaera negatiboak, zenbaitetan normalizatuegi daudenak, gogoeta egitea gizalegezko arauen eta bizikidetzakoen gainean, eta hainbat dinamika barneratzea, gidariarekiko, gainerako bidaiariekiko eta, jakina, naturarekiko errespetuzkoak diren dinamikak, zehazki. “Hasieran, ikasleak harritu egiten dira hegazkineko laguntzaile bat aurkitzen dutelako autobusean, baina berehala sartzen dira istorioan eta aktiboki parte hartzen dute proposamenean. Poz-pozik egoten dira. Oso ederra izaten da haien harridura-aurpegiak ikustea, ongi pasatzekoak, arretaz entzutekoak…”. 

Jarduerak hogeita hamar minutu inguruko iraupena du, eta Lehen Hezkuntzako azken ziklorako eta DBHko lehenbiziko mailarako da. Horrenbestez, batzuetan, errezeloak sortzen ditu, batez ere, nerabeengan. “Urriak diren aldi horietan, oso pozgarria izan da ikustea geureganatzen gindoazela eta azkenean erabat sartzen zirela konbentzioan eta planteatutako ekimenetan. Oro har, isiltasun- eta enpatia-giroa sortzen da, eta oso atsegingarria izaten da”.

Hartara, pitin bat zentzugabea den modu batean, eta musika lagun duten hainbat dinamikaren bidez, laguntzaileak jarrera-sorta bat eskaintzen du, jokaera zuzen batetik harago doazenena. Saio dramatizatuaren azken zatian, gainera, ikasleek parte hartzea sustatzen da: gidariarekin eta laguntzailearekin hitz egin dezakete; pasadizoak eta beren bizipenak kontatzen esku har dezakete; eta abestu eta dantzatu ere egin dezakete. “Jakina, ahalegintzen gara ikasleek ongi pasatzen eta, bide batez, baita guk ere. Izan ere, ongi pasatzen dugu eta ikaragarri ikasten dugu. Baina, batez ere, lortu nahi dugu ikusten gaituztenek sentitzea billabesaren gainean duten pertzepzioa aldatu egin dela berriro ere garraio publikoa erabiltzen dutenean”.

“Pasadas las 4” taldeak urte asko daramatza jarduera hau egiten, eta, hortaz, pasadizo ugari ditu bere inguruan. “Behin, mutiko batek jakin nahi izan zuen nork garbitzen zuen billabesa, patata-zorro huts bat aurkitu zuelako eserlekuen artean. Beste batean, neska batek galdetu zuen zergatik ez zeuden gu bezalako laguntzaileak zerbitzuko ohiko lineetan. Autobusaren martxei eta esku-frenoari buruz ere galdetu izan dute, eta bai hainbat bitxikeria ere, adibidez, zenbat kilometro egiten dituzten billabesek San Fermin jaietan. Behin, irrati-igorgailuaren gaineko interesa adierazi zuten, norekin konektatzen den gidaria billabesaren barnetik aritzen denean, eta beste noizbait oso kritikoak izan dira diru gutxi duten familientzako txartelaren prezioarekin”.

Anekdota horiek gogora ekartzen dituzten bitartean, aktoreek irribarre egin eta ondokoa esaten dute: “Pertsonenganako jokaera ona eta errespetua hobetzeko eta normalizatzeko, azpiegitura eta material publikoak zaindu behar izatearen gainean kontzientzia harrarazteko eta, bide batez, ingurumen-sentsibilitatea pizteko modu bakarra heziketatik egitea dela sinetsita gaude guztiz. Mankomunitateak planteatzen duen moduan, gure ustez, gakoa da proiektu zabalak egitea, koordinatuak eta denboran irauten dutenak (ez jarduera puntualak), pertsona baten bizitzaren inguruan dauden arlo guztiak hartzen dituztenak barne: eskola, familia, lagunak, aisialdia…”.

Eta badakite zertaz ari diren, eskarmentu handia eta erreferentzia ugari baitituzte. “Sarritan, Kolonbian lan egiten dugu. Eta han ikusten dugu udal desberdinek sentsibilizazio-kanpaina etengabeak egiten dituztela, eta herritarrek ondasunak denenak izatearen zentzu handiarekin lan egiten dute: garraio publikoa zaintzen dute, garbi edukitzen dute, errespetu handiz jokatzen dute erabiltzen duten gainerako pertsonekin…

Han oso garrantzitsua da garraio publikoaren erabilera sustatzea. Egia da Kolonbiako hiri handietan murrizketak dituztela, adibidez, “pico eta placa” esaten diotena, egunen eta orduen arabera ibil daitezken edo ez daitezkeen matrikulak arautzeko, baina era berean da egia herritarrek auto-pilaketa ikaragarriak (“trancón” esaten diete han) eta kutsadura maila altu-altuak jasaten jarraitu behar dutela.

Ingurumenari dagokionez, natura-aberastasun handiko herrialdea da Kolonbia, biodibertsitate inbidiagarria duena. Erakunde publikoek ekosistema desberdinak eta natur parkeak babesteko xedea duten proiektu ugari bultzatzen dituzte, baina, aldi berean, enpresa handiek baliabide zoragarri horiek ustiatzeko bidea ematen jarraitzen dute. Esan dezakegu estrategia horiek pitin bat kontraesankorrak direla”.

Eta horretan dabil “Pasadas las 4” konpainia. Autobusaren barnean kontatzen diren istorio horiez gozatzen jarraitzen duen ikasle-talde horrengana; hainbat balio irakasten dituzten istorioak, hala nola errespetua, bizikidetza eta ingurumen-sentsibilizazioa.

Ikusi nahi al duzu ingfurumen sentsibilizazioa lantzen duten beste artista batzuk?

*Beste ikuskizun batzuk

“Pasadas las 4” Nafarroako antzerki-talde bat da, arlo horretan eskarmentu handi-handia duena. “Egun, zenbait ikuskizun ditugu martxan: ROUTE 6.6, gitarra elektriko baten sei hari, sei istorio bihurtuak; 105 años de GLORIA FUERTES en la memoria, zenbat une alai eman dizkigun “guardiako poeta” honek!; eta El burlador sin sardina, Spanish Brass (2020ko Musikako Sari Nazionala jasoa) metal boskote ospetsuarekin koprodukzioan egindako proiektua. Azken horrekin, gainera, berriro helduko diogu Kolonbian zeharreko bira bati, COVID-19aren ondorioz atzeratu behar izan baikenuen”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.