Posted

“Bai antzerkian eta bai ingurumena zaintzean ere, denok ikusle eta aktore gara aldi berean”

1989an Gus Marionetas taldea sortu zenetik, Susana Pellicerrek eta Fernando Arreguik beren txotxongilo-antzerkia sentsibilizaziorako eta mezuak helarazteko tresna bihurtu dute. Gehien lantzen duten gaietako bat ingurumena zaintzea da, Fernandok adierazten duen moduan, “egoerak agerian uzten baitigu ez goazela bide onetik”. Agertokitik eta birziklapenaren gainean egiten dituen tailerretatik, Gus Marionetas mezu hau zabaltzen saiatzen da: “antzerkia bizirik dagoen zerbait da, artisten sorkuntzekin eta ikusleen begiradarekin arnasten duena. Eta ingurumenarekin antzeko zerbait gertatzen da”.

- - - - - -

1989an, Susana Pellicerrek eta Fernando Arreguik Gus Marionetas taldea sortu zuten, eta proiektu horretan, txotxongiloak sortzea ez ezik, istorioak kontatzeko modu berri bat ere lantzen zuten.

Geroztik, penintsula osoko agertokietan aritu dira eta hainbat erkidegotako antzerki-zirkuituetan parte hartu dute (Gaztela eta Leon, Madril, Asturias, Valentzia, Aragoi, Andaluzia), jaialdietan (Fetén-Asturias, Balear uharteak, Lleida, Málaga, Alacant, Bilbo, etab.), liburu-erakusketetan, (A Coruña, Kordoba, Madrilgo Liburu Azoka, etab.) eta beste ekitaldi batzuetan (Círculo de Bellas Artes de Madrid, Centro Cultural de la Villa de Madrid, La Casa Encendida Madrilen, Guggenheim museoa Bilbon, Donostiako Musika Hamabostaldia, Musikaren Europako Eguna Madrilen, Juvenalia, etab.). 

Nazioartean ere egin dute emanaldiren bat (Katowice jaialdia Polonian, Taza Marokon eta Hendaian), eta lankidetzan aritu dira hezkuntza-arloko proiektuetan (Las Aventuras de Kalz y Tin bideoen bilduma) eta gizarte- eta kirol-arlokoetan (9. Korrika sustatzeko bideoa eta Osasunako maskotak egitea).

Halako curriculuma edukita, Iruñerriko Mankomunitateak 2019ko urrian komun-forma zuen txotxongilo bat sortzeko agintzea –Komunaren Mundu Egunaren oroitzapena egiteko programatutako sentsibilizazio-ekintzetan baliatzeko– ustekabekoa izan zen eta, aldi berean, motibazio handia eragin ziena.

 “Ez dago zalantzarik erronka izan zela –gogora ekarri du Fernandok, irribarre batekin–. Inoiz ez genuen halako premisarik eduki aurrez aurre: pertsonaia bizidun gisa, komun bati bizia ematea. Gure ikuskizunetan ohikoa zen objektuei bizia ematea, baina komun bati ematea gure begiradatik pitin bat urrun zegoen.  

Aurreneko pausoa eskala txikian zenbait modelo sortzea izan zen, eta irudi sinpatikoa, adeitsua eta atsegina bilatzea. Gero, pertsonaia tamaina errealean sortu genuen eta bere mugimendua bilatzen joan ginen. Orduan, espero genuena baino are hobeto funtzionatzen zuela ikusi genuen, oso adierazgarria zela. Eszenaratzea osatzeko, atrezzo-elementu batzuk egin genituen: ponpari tiratzen zitzaion bakoitzean altxatzen zen kapela bat, “Retretok” (txotxongiloari jarri genion izena) abesten zuen bitartean dantzatu egiten zen komuneko eskuila bat…

All-focus

Abestia jaso genuenean iritsi zen ginga. Sergio Salinas kanta-idazlearen lan bikainak eta erritmo dibertigarri eta gogoraerrazak azken emaitza lortzen lagundu zuten. Neska-mutikoek berehala ikasi zuten “Pixa, plasta eta papera bezala baino ez” kantaren errepika. Oso dibertigarria izan zen”.

Edonola ere, hori ez da taldeak ingurumen-sentsibilizazioaren gaian egin duen lan bakarra. “Cletaren ametsa” ingurumena errespetatzeko premia zabaltzeari eskaini zion lehen ikuskizuna izan zen. “Zalantzarik gabe, bide onetik ez goazela erakusten digun egoera batek eragiten digun kezkak motibatzen gintuen –jarraitu du Fernando Arreguik–. Alde batetik, ingurunearekiko sentsibilizazioa dutela jaiotzen diren pertsonak daude, eta, bestetik, hala jaiotzen ez direnak. Bigarren horiek dira ikasi behar dutenak, eta zenbat eta lehenago egin, orduan eta hobeto denontzat. Horregatik, gure ikuskizuna txikienentzat egiten dugu. Izan ere, antzerkia, entretenigarria izateaz gain, bitarteko ona ere bai baita mezuak helarazteko. Hezkuntza-baliabide eraginkorrak eman ditzake, eta ikasgelakoen osagarriak”. 

Antzeztearen arloan dituen ezagutzak ingurumen-sentsibilizazioaren zerbitzura jartzeaz gain, taldeak txotxongilo-antzerkiaren alderdi plastikoa gerturatzen die beren tailerretara joaten diren ikasleei. “Hasieran, kultura-programazio desberdinetan, txotxongiloak sortzeko hainbat tailer ematen genuen aginduz. Baina gero geurea sortzea planteatu genuen. Hasierako premisa erraztasuna izan zen, hartara, pertsona guztiek izan zezaten sortze-esperientzia honetara gerturatzeko aukera, txotxongilo bat egin eta antzerki-pertsonaia “bihurtu”, ahotsaren, mugimenduaren eta kontatzen zuen istorioaren bidez.  

Aurrerago, “Cletaren ametsa” ikuskizunaren haritik, ingurumenaren aldeko errespetuaren ideian gehiago sakondu nahi izan genuen, birziklapenaren bidez. Hortik sortu zen material gehienak “erosi gabeak” eta birziklatuak (itsaskin pitin bat eta beste gauzaren bat izan ezik) zituzten txotxongilo-tailerren formatua. Gure asmoa zen tailerretara etortzen zirenei beste begirada bat proposatzea; eguneroko material askok ematen ahal dizkiguten bigarren erabilera horiek bilatzera bideratutako begirada, hain zuzen”. 

Tailer horietako bat ASORNA elkarteari (Nafarroako Pertsona Gorren Elkartea) eman zitzaion, 2014ko otsailean. “Koloreen, tresnen eta sortuko ziren animalien izenen oinarrizko hiztegi bat prestatu genuen. Elkarteko interpretatzaile batek lagundu zigun. Eta gero, “Cletaren ametsaren” antzezpen bat prestatu genuen, zeinu-hizkuntzako bi interpretatzailerekin. Jeneralean, mota honetako ikuskizunak egiten dira interpretatzaileek elkarrizketa guztiak itzultzen dituztela, baina guk lortu genuen interpretatzaileak elkarrizketan aritzea pertsonaiekin”.

Eta oroitzapen horiekin utziko diogu Fernandori bere proiektuan lan egiten jarraitzen. Zehazki, Mexikoko Emmanuel Márquez dramaturgo, zuzendari eta txotxongilolariarekin egingo duen elkarlan bat da, adin guztietako ikus-entzuleentzat izango den ikuskizun bateko zati bat sortzeko. Zenbait taldek parte hartuko dute bertan, eta Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian estreinatuko dute 2021ean. 

Baina agurtu aurretik, esan digu oso garrantzitsua dela gogoan izatea aldaketa sozialak pertsonok eragin eta bultzatzen ditugula, ez politikek. Ardura eta erantzukizuna norbanakoaren balioa dela lehenbizi, eta beste ardura eta erantzukizun batzuei batuta balio kolektibo bihurtzen dela, soziala. Eta ingurumenaren babesak, antzerkiak bezala, aktoreak behar dituela, egunez egun beren egunerokotasunean errezitatu-birziklatuko duten protagonistak, beren agertoki partikularrak zainduko dituztenak, ingurune biziak lortzeko, osasunaz gain, edertasuna eta oreka emango digutenak.  

“Antzokiak ez dituzte betetzen erakundeek, ikus-entzuleek baizik. Antzerkia zerbait bizia da, artisten sorkuntzekin eta ikus-entzuleen begiradarekin arnasten duena. Antzeko zerbait gertatzen da ingurumenarekin. Ingurumenak, kontserbatzeko, gure begirada ere behar du, gure ahotsa, gure eskuak. Denak gara ikusleak eta aktoreak aldi berean; une oro eta egunero”.  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.