Posted

Erleek arrainak izan nahi dute

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, mundu osoko elikagai-laboreen %87 erleek polinizatzen dituzte, eta, horrenbestez, gure elikadura haietan oinarritzen da zuzenean. Hala ere, hainbat arrazoirengatik, espezie asko galtzen ari dira. Arrazoi horietako bat ezjakintasuna izango da?

- -

Beste post batean aipatu genuen bezala (irakurri hemen), existitzen diren polinizatzaile handienak dira erleak, lorea duten landareen %85 intsektu horiek polinizatzen baitituzte. Hala ere, espezie batzuk desagertzen ari dira, eta arrazoiak askotarikoak dira:

  • Deforestazioak eta monolaborantza gero eta gehiago hedatzen joateak ekartzen du erleen elikagaia urritzea, lorerik gabeko lursail handi eta handiak egotean.
  • Pestiziden erabilera hedatuak pozoitu egiten du.
  • Klima-aldaketa haien habitatak desagerrarazten eta korridore naturalak gutxitzen ari da. Horrez gain, espezie inbaditzaileekiko interakzioa bultzatzen ari da, eta espezie horiek beren harrapakariak izan daitezke azkenean.   

Zenbaitetan, mehatxu horiek egoera bitxiak ekartzen dituzte. Adibidez, maiatzaren 31n, Kaliforniako auzitegi baten epaia kaleratu zen, eta bertan jasotzen zen erleak arraintzat har daitezkeela legez, zirkunstantzia batzuen pean.  

Zentzugabekeria badirudi ere, erabaki hori Kaliforniako Galzoriko Espezieen Legean (CESA, ingelesezko siglen arabera) kokatzen denean ulertzen da. Izan ere, lege hori hauek babesteko diseinatu zen: “bertako hegaztien, ugaztunen, arrainen, anfibioen, narrastien eta landareen espezieak eta subespezieak”. Beraz, ornogabeak ez dira agertzen babestu beharreko espezieen zerrendan.

Halere, legeak “arraina” honela definitzen du: “arrain basatia, moluskua, krustazeoa, ornogabea, anfibioa, edo animalia horietako edozeinen zatia, errunaldia edo obulua”. Hortaz, definizioa zabaltzeari esker, ornogabeek (eta talde horretan sartzen dira erleak) zaintza-legearen babesa jasoko lukete.

Baina zein dira erleak eta zein da haien balioa?

Erlauntzeko ezti-erleak dira ezagunenak, nahiz eta egiatan erleen familian gutxiengoa diren. Esate baterako, Iberiar penintsulan erleen 2.000 espezie baino gehiago daude, baina bakarra da eztia egiten duena.

Gainerakoak erle bakartiak dira. Erlauntzik ez duten erleak eta eztirik egiten ez dutenak. Izan ere, habiak lokatzetan, maskor handietan, zurtoin hutsetan edo zuhaitzen hutsuneetan eraikitzen dituzte, eta arrautzak bertan jartzen dituzte, nektarrez eta polenez inguratuta, larbek elikagaia dutela ziurtatzeko. Gero, gelaxkak lurrarekin edo hondakin berdeekin ixten dituzte, ondorengoek hurrengo udaberrian argia ikusiko dutela ziurtatuz. Hori dena burutzeko, hiri eremuetan batzuetan intsektuentzako hotelak kokatzen dira (hemen irakurri)

Prozesu honetan, erle bakarti bakoitza 100 loretara joan daiteke egunean, kumearentzat elikagai moduan jarriko duen nektar- eta polen-bola lortzeko, eta horrek, era berean, inguru horretan dauden landare loredunak polinizatzen laguntzen du. Gainera, gelaxka bakoitza ixteko behar dituen materialak garraiatzeko zortzi bidaia egitera hel daiteke.

Beraz, joan-etorri horiekin ez da harritzekoa planetako espezie polinizatzaile handienetako bat izatea.

Espezie batzuk lore bakar batean espezializatu dira; beste batzuk, aldiz, jeneralistak dira eta eskura dituzten ia lore guztiak polinizatzen dituzte. Horretarako, scopa izeneko organoa dute, atzeko hanketan eta abdomenean dituzten bilo batuk (espezie batzuetan, gorputz osoan ikusten dira). Bilo horiek polena hartzen dute eta gutxi gorabehera bi kilometroko erradioan garraiatzen dute, eraikitzen ari diren habiaren inguruan.

Elikagai-kantitateak, erlazio proportzional batean, errunaldi bakoitzeko arrautza-kopurua eragingo du, eta, horrenbestez, etorkizunean jaioko diren banakoen kopurua. Eta bai sortuko diren intsektuen tamaina eta haien sexua ere. Zenbat eta elikagai gehiago izan, orduan eta handiagoak izango dira banakoak eta eme-kopuru handiagoa egongo da.

Erle bakarti batek 60 erle arruntek adina lore polinizatzen ditu. Eta horrek, biodibertsitatean ez ezik, gizakion jarduera ekonomikoetan ere badu eragina. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, mundu osoko elikagai-laboreen %87 erleek polinizatzen dituzte, eta, hortaz, haien eskasia arazoa izan daiteke zenbait lekutan. Izan ere, nekazaritza-plantazio batzuetan fruta-arbolen polinizazio artifiziala egin behar izan dute jada.

Ikusten denez, intsektu txiki honen balioa bere tamaina baino dezente handiagoa da. Zaindu dezagun.

*Iturria:

https://www.erienewsnow.com/story/46635905/las-abejas-de-california-pueden-ser-consideradas-legalmente-peces-y-tener-las-mismas-protecciones-segn-un-tribunal

https://sapienscuriosa.blogspot.com/2022/05/las-ciudades-en-las-que-vivimos-y-sus.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.