Posted

Intsektuentzako hotel errekorduna, Eskozian

Highland Titles Eskoziako natura-erreserba errekorren Guiness liburuan sartu zen, intsektuentzat munduko hotel handiena aurkeztean, 199,9 metro kubokoa. Hartara, egitura horrek lekua kendu zion Poloniako Varsovia hiriko Garatzaileen Poloniako elkarteari, haren hotelak 89,37 metro kuboko edukiera baitzuen. Eskoziakoaren arduradunen arabera, kontserbaziorako ingurumen-mezua nabarmentzeaz gain, egitura pizgarria izan daiteke herritarrek erreserba bisitatzeko. “Zenbat eta bisitari gehiago eduki, orduan eta jende gehiagok ikusi ahal izango du egiten ari garen lana”.

-

Aurreko argitalpen batean (irakurri hemen), naturgune bat lehengoratzeko Eskoziako ekimen bitxi bat aurkeztu genizuen. Zehazki, Highland Titles proiektua zen, Eskoziako Highlands eskualdean dagoen ingurumen-erreserba, giza jardueraren ondorioz kalte handia hartua zuen inguru batean oreka ekologikoak lortzeko xedea zuena. Jarduerak arreta jartzen zuen bertako landare-espezieak berreskuratzean eta, aldi berean, erreserbako animalientzako habitatak sortzen saiatzen zen.

HightLand Titles
HightLand Titles

Saiakera horretan, joan den martxoaren 28an, kontserbazio-enpresa hori errekorren Guiness liburuan sartu zen, intsektuentzat munduko hotel handiena aurkeztean, 199,9 metro kubokoa. Hartara, egitura horrek lekua kendu zion Poloniako Varsovia hiriko Garatzaileen Poloniako elkarteari, haren hotelak 89,37 metro kuboko edukiera baitzuen.

Eskoziako intsektuentzako hotela Sitkako izeiarekin eginda dago, Highland Titles natura-erreserban bertan ebakia. Egur horrez gain, hargintzako adreiluak, banbuzko kanaberak, egur-ezpalak, basoko zuhaitzen azalak, basa-loreen haziak, buztinezko hodiak eta marrubien sareak erabili dira.

“Aurrekaririk gabeko ekimen honek ingurumen-mezuarekin du zerikusia”, adierazi du Douglas Wilsonek, Highland Titlesen zuzendari exekutiboak. “2006an erosi genituen lur hauek, errendimendu baxuko Sitkako izeiaren baso-sail bat zenean. Zuhaitz horiek ez ziren bertakoak, eta, Highlands eskualdeko zati handienean bezala, era desegokian landatu ziren 1980ko hamarkadaren amaieran, gehiegi pentsatu gabe eta biodibertsitatea aintzat hartu gabe. Natura lehenbiziko tokian jartzen duen zerbaiterako zuhaitz horiek berak erabiltzea mundua aldatzen ari denaren sinboloa da”.

Hain zuzen ere, 2007aren aurretik, orain ehun hektareako natura-erreserba dena landu egiten zen lursaila izan zen, gero abereentzako bazkalekua eta, azkenean, egurraren ustiapenerako erabili zen. Lursail horretan, kanpoko espezie asko landatu zituzten, merkeak eta azkar hazten zirenak, eta, flora endemikoaren gainean eragin txarra izateaz gain, ia desagerrarazteraino, faunarengan ere izan zuten.

Izan ere, hori izan zen Peter Bewis, heziketaz botanikaria, lursail hura eskuratzera eta nola lehengoratu pentsaraztera bultzatu zuena. “Ohartu nintzen Eskoziako Highlands eskualdeko txoko bateko baso-masaren %98 ebaki egin zela eta bertako basoaren orban bakartu eta txiki batzuk baino ez zirela gelditzen. Horregatik pentsatu nuen zer egin nezakeen errealitate hori aldarazteko”.

2021eko irailean hasi ziren intsektuentzako hotela eraikitzen, eta 2022ko martxoaren hasieran amaitu zuten. Natura-erreserbaren administratzaile Stewart Borlandek kokatzen parte hartu zuen, beste zazpi pertsonarekin batera. Orain, egindako lanari begiratzen dio eta espero du, kontserbaziorako ingurumen-mezua nabarmentzeaz gain, egitura pizgarria izatea herritarrek erreserba bisitatzeko: “Zenbat eta bisitari gehiago eduki, orduan eta jende gehiagok ikusi ahal izango du egiten ari garen lana”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.