Posted

Eugi Iruñea eta Iruñerria hornitzeko iturriaren oraina

1971n lanean hasi zenetik eta 1973an ofizialki inauguratu zutenetik, Eugiko urtegiak edaten ematen die Iruñeari eta Iruñerriari urte osoan. Hori dela-eta, debekatuta dago bertan nabigatzea (motorrarekin eta motorrik gabe), bainatzea eta arrantzan aritzea. Urtegiko uraren bolumena, nagusiki, prezipitazioen mende egoten da, eta egiten den kalitate-kontrola sakona da. Interesa du faunari eta turismoari dagokionez.

- - - - - - - - -

1973an inauguratu zuten Eugiko urtegia, Esteribarren. Grabitate-presa bat da, oinplano makurrekoa, 252 metroko luzera duena, 44,3 metroko altuera maximoa ibaiaren mailaren gainean, 20,26 hektometro kuboko bolumen erabilgarria eta 628 metroko kota maximoa. Hain zuzen, Iruñeari eta Iruñerriari edaten ematen die urte osoan, eta horregatik debeku da bertan nabigatzea (motorrarekin eta motorrik gabe), bainatzea eta arrantzan aritzea.

Urtegiak Arga ibaiaren urak hartzen ditu, eta, lehenago esan den moduan, erabilera nagusia Iruñea eta beste udalerri batzuk urez hornitzea da. Hornikuntza hori Iruñerriko Mankomunitateak kudeatzen du. Ureztatzea eta ekoizpen hidroelektrikoa garrantzi gutxiagoko beste erabilera batzuk dira.

Faunari dagokionez ere badu interesa, hegazti migratzaileen eta bai igarabaren presentziarengatik. Ibai-zatia, gainera, oso ona da amuarrainentzat.

Presapean dagoen ibai-zatiak emari-gorabeherak izan ditzake, erabilera hidroelektrikoarengatik, nahiz eta garrantzi gutxikoak diren. Zati hori emari murritza izatera hel daiteke (uda-sasoian), baina inoiz ez da lehortzera iristen.

Iruñerriko batez besteko balioen arabera, eskasia hidrikoa dagoen hilabeteak ekain eta irail artekoak dira. Neguko eta udaberriko hilabeteetan, aldiz, prezipitazio-balioak handiagoak izaten dira, eta, hori dela-eta, urtegia bete egiten da. Horrenbestez, urri eta maiatz artean, ahalik eta gehiena biltzen da, udako eskaerari erantzun ahal izateko, urteko eskaera handiena orduan izaten baita.

Prezipitazioez gain, Arga ibaiaren urekin batera, urtegiak lau sakan nagusiren ekarpena hartzen du: bi alde bakoitzetik (Gurutxaga eta Iungoz, ekialdean, eta Subarrondi eta Goitean, mendebaldean).

Zenbaitetan, urtegian dagoen urak kota absolutuak gainditzen ditu (600, 610 eta 620 m s.n.m.), gainezkabidearen kotara iristen da eta handik hustu egiten da sobera dagoen ura.

Edaten den uraren kalitatea bermatzeko, Iruñerriko Mankomunitateak kontrolak eta analitikak egiten ditu astero, eta bai edateko on bihurtu aurretik Urtasunen sartzen den uraren analisiak ere (Urtasungoa edateko uren araztegia da, urtegitik 1,5 kilometrotara dagoena).

Neurri horiei esker, operazio-erabakiak hartzen dira. Hala, sakonean edo hondoan astero hartzen den tenperaturaren kontrolak zehazten du zein unetan gertatzen den termoklina (goiko ur-masa hozten eta jaisten den unea, beheko geruzekin nahastuz eta lohiei eraginez). Ondorioz, hondoko urak husteko une ezin hobea zein den finkatzen da, urtegiaren hondotik gai organikoak eta metalak (burdina eta, nagusiki, manganesoa) kentzeko xedearekin. Huste-operazio horren helburua da Urtasungo araztegira heltzen den uraren kalitatea hobetzea, hartara, ura edateko on bihurtzeko fasean, Iruñerrira bideratu aurretik, erreaktibo gutxiago erabiltzeko.

Eskuarki, urak husteko operazio hori irailean egin ohi da 1991z geroztik, nahiz eta salbuespenak izan diren. Adibidez, 2022an, lehorteak ekarri zuen uraren maila ohiko kotatik behera egotea eta, beraz, komenigarri jo zen ez hustea, hurrengo hilabeteetako hornikuntza ziurtatu ahal izateko.

Eugiren funtzionamenduari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, bideo hau kontsultatu ahal duzu:

Eta urak husteko operazioa interesatzen bazaizu, bideo honetan ikusiko duzu zer eragin duen Iruñean.

Azkenik, Uraren Mundu Egunaren ospakizuna dela-eta, urtegiaren gaineko argitalpen hauek prestatu ditugu, beharbada, interesgarriak izango zaizkizulakoan.

Urpeko ontzi bat Eugi urtegian

“Ura Iruñerrirako 1973z geroztik” infografia

Eugi, Iruñeari edaten ematen dion edalontzia

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.