Posted

Salarte, Cádizko badia leheneratzeko tresna bat

Padurak CO2 hustuleku garrantzitsuak izaten dira eta bai kokaleku pribilegiatua ere biodibertsitaterako. Gainera, gatzagak izaten dituzte, ekonomiarako eta gizakion bizitzarako hain garrantzitsuak izan diren elementuak. Cádizko badia gure arreta deitzen duen padura horietako bat da. Eta arreta hori emate aldera, 2012an Salarte sortu zuten, zientzia-, ingurumen-, etnografia-, ekonomia-, gizarte- eta kultura-ekimenen bidez gatz-padura leheneratu, kudeatu eta haren balioa nabarmentzeko asmoa duen irabazteko asmorik gabeko erakundea.

- - - - - - - - -

Aurreko argitalpen batean azaldu genuen moduan, duela 200 milioi urte, itsasoak estaltzen zuen Iberiar penintsularen zati handi bat.

Ondorioz, gatzak estali zituen egun ezagutzen ditugun lurretako asko eta oso produktu baliotsu bihurtu zen, adibidez, elikagaiak kontserbatzeko. Hala, esate baterako, lurraldeen segurtasuna eta ohorea zaintzen zuten soldaduen eta gerrarien zerbitzuak ordaintzeko, elementu hori erabiltzen zuten, eta gaztelaniaz “salario” izena hartu zuen soldatak.

Toki askotan, gatza erauzteko jarduera haren oroitzapenak daude oraindik ere, eta, hartara, herri eta toki askoren izenetan “gatz” hitza aurkitzen dugu, adibidez, Leintz Gatzaga, Getze, Gatzaga (Lakar)… izenetan.

Cádizko badian ere garatu zen jarduera hori. Kokaleku geoestrategiko garrantzitsua zen, Amerikarekin zuen merkataritzarengatik. Baina hozkailuak asmatzeak eta, oro har, hotzaren industria garatzeak ekarri zuen gatzak ordura arte izan zuen protagonismoa galtzea.

Ekonomia-atzerakada hori gure egun hauetaraino iritsi da. Izan ere, 1960ko hamarkadan hango paduretan 160 gatzaga inguru zeuden, eta egun bostek baino ez dute irauten.

Eta arrazoi horregatik sortu zuten SALARTE Gatz Padura Zaindu eta Leheneratzeko Funtsa. Irabazteko asmorik gabeko erakundea da, profesional independenteen talde batek eratu zuena 2012an, Cádizko badiako gatz-padura leheneratu, kudeatu eta haren balioa nabarmentzeko xedearekin (besteak beste), zientzia-, ingurumen-, etnografia-, ekonomia-, gizarte- eta kultura-ekimenen bidez.

Salartek paduraren kudeaketa iraunkorrean lan egiten du, gizarte- eta ekonomia-onurak sortu ditzan, biodibertsitatea indartu dezan eta herritarrek lurraldearekin duten lotura sendotu dezan.

Izan ere, gatzagak alde batera utzirik, padurak berez dira CO2 hustuleku garrantzitsuak eta kokaleku pribilegiatua biodibertsitaterako. Izkirak, otarrainxkak, mihi-arrainak, urraburuak eta lupiak bizi dira ur haietan, eta, beste hegazti batzuen artean, flamenkoek edo mokozabalek eta zikoinek self-service fresko eta gozoa izaten dute beren eskura. Horregatik behar dute arreta berezia.

Arreta hori erakartzeko modu bat “A poniente” jatetxea irekitzea izan da. Han, Ángel León sukaldariburuak zur eta lur uzten ditu bezeroak mikroalgekin egindako jakiekin edo organismo bioluminiszenteekin, hondartzako belarrekin edo uretako gramineoekin egindakoekin.

Baina ez da bakarra izan.

Salarte erakundeak, SEO BirdLife gobernuz kanpoko erakundearen bidez, Cádizko badia “Saltpan Initiative” Europako proiektuan sartu du, MAVA fundazioak finantzatuta BirdLife Internationalen bitartez, bertako gatzagak leheneratzeko lanak egite aldera.

Beste alde batetik, Cádizko Unibertsitatearekin elkarlanean, Cádizko Badia Natura Parkearen barnean, La Esperanza gatzagan ugaltzen diren zangaluzeen espezieek habia egitera bideratutako eremua hobetu eta handitzeko lan batzuk egiten ari da.

Eta, horrez gain, ‘Saltpan Initiative Salinas y Esteros: humedales que conectan vidas’ dokumentala ekoizten ari da, itsasertzeko hezeguneek eta gatzagek hegaztien migrazioan duten garrantziari buruz eta gizakiok haien kontserbaziorako kudeaketan eta aprobetxamendu iraunkorrean dugun eginkizunari buruz.

Izan ere, erakunde honek zerbait argi badu, hori da gizartearen inplikazioa funtsezkoa dela proiektu guztiak ongi bururatzeko, pertsonek padura osasuntsu bat edukitzearen alde onak ikusten badituzte, hala edukitzeko ahalegin guztia egingo baitute. Horregatik garatzen ditu lurraldea zaintzeko akordioak, eta zientzia- gizarte-, kultura-, ekonomia-, etnografia- eta ingurumen-ekimenak sustatzen ditu.

Erakundearen webgunean bertan hau diote: “Gizartearen ingurumen-kalitatea eta ongizatea hobetzeko lan egiten dugu, biodibertsitatea bultzatuz. Paduretakoak, gatzagetakoak eta cadiztarrak izatearen harrotasuna berreskuratzeko irrika dugu”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.