Javier Blasco Zumeta Lehen Hezkuntzako maisua zen Aragoiko Pina de Ebro herrian. Naturarekiko zaletasunak, ordea, ekarri zion ikasgelako lau hormen muga uztea eta nahi zuenari erakustea Monegros basamortuko ekosistemak barne hartzen dituen gauza miragarriak.
Egun, aktibista, entomologoa, ornitologoa, naturalista, hizlaria, aholkularia, idazlea… dela esaten dute, bainak berak garrantzia kentzen die “titulu” horiei guztiei.
Aitortza eta sari ugari ere jaso du: Pina de Ebro herriko urrezko intsignia (1995), Alfontso X.a. Jakitunaren Ordena Zibilaren gurutzea (1996), Aragoiko ingurumeneko saria (2004), Jaulín saria naturaren defentsan (1994, 2010). Pina de Ebroko Udalak, gainera, parke bati bere izena jartzea erabaki zuen. Dena den, bera definitzeko erabiltzen dituzten kalifikatzaileei ematen dien balio berbera ematen die Blascok aitortza eta sari horiei.
Izan ere, berak behin eta berriz esaten du eskertuta egon behar duena bera dela. Lehenbizi, Félix Rodríguez de la Fuenteri eman behar dizkio eskerrak, taxidermia erakusteko eskatu baitzion eta hark erantzun baitzion “bizirik dauden animalien lagun izateko, ez hilik zeudenena”. Horrek ekarri zuen ehiztari eskopeta alde batera utzi eta prismatikoak erabiltzen hastea.
Eta gero, zalantzak argitzeko helburuarekin behin eta berriz kontsulta egin dien espezialisten taldeari. “Egia da. Naturalista autodidakta gisa, nik izugarri ikasi dut liburuekin eta nire galderei eman dizkieten erantzunekin”.
Edonola ere, Monegros basamortuko estepa desberdinen inbentarioa egiten bere bizitzako 12 urte igaro zituen dibulgatzaile honi zientziak zor diona asko da. Mundu erdiko ehun espezialista baino gehiago zituen talde batekin, flora eta faunako 4.000 espezietik gora identifikatu ziren, eta haietatik 200 espezie inguru berriak ziren.
Baina nola liteke hori hala izatea? Nola ez zen lehenago inor ohartu basamortu horrek barne hartzen zuen biodibertsitatearen aberastasunaz?
“Duela gutxi arte leku elkor eta hondatutzat hartu izan delako”, adierazi du Javierrek. Gainera, hau gogorarazi du: “Espezie haietako dozenaka ez ziren agertzen ingurune hurbiletan. Haien ahaide hurbilenak mendebaldeko Asian zeuden. Hori ere ezustekoa izan zen, eta ekarri zuen egun Monegros Europako paisaia zaharrenetakotzat hartu ahal izatea”. Inbentariorako esteka
Zientziari egin dion ekarpena, horrenbestez, oso garrantzitsua izan da eta etorkizunerako geldituko da, aurkitutako espezie berrietako askok haren izena baitute: javieri, zumetae, blascozumetai, blascoi…
Inbentario horren ondoren, Javier Blasco Zumetak batera egin zituen ikasgeletako maisu-lana eta hegaztiei eraztunak jartzen aritzea. Kamera digitalak agertzeak eta Internetek zabalkunderako ematen dituen aukerek ekarri zuten Javierrek gida bisual bat prestatzeko proiektu bat bururatzea, Aragoin dauden hegazti-espezie desberdinak zehazteko eta haien sexua eta adina erregistratzeko. Hartara, maiz erabiltzen diren eta lumadien deskribapen hutsetan oinarritzen diren argitalpenak irudiekin ordeztu zituen. Hala sortu zen Aragoiko Hegaztiak Identifikatzeko Atlasa.
Javierrek bere ingurunearekiko izan duen inplikazioak, gainera, historiarekin eta etnologiarekin lotutako alderdiak jorratzea ekarri dio. Horren emaitza izan dira ‘Callejero de Pina de Ebro’, Aragoiko kanpandorreen inbentarioa eta Pina de Ebro udalerria mugarriztatzen duten mugarriak berrikustea
Beste aktibisten esperientziak ezagutu nahi badituzu:
Premiazkoa: hondakin plastikorik ez ibaietan
Green-influencerrak edo mundu hobea lortze aldera eragina izateko saiakera












Utzi erantzuna