Posted

Arakil ibarreko haziak gordetzeko sarea

Nekazaritza modernoak mehatxupean jarri zuenean Arakilgo nekazaritza tradizionala, Udala, Sakanako Garapen Agentzia eta Arrea elkartea martxan jarri ziren herritar zaharrenei entzuteko eta haien ezagutza eta egiten jakitea berreskuratzeko. Egun, zenbait toki-barietate berreskuratu dira eta biodibertsitatea gordetzeko eta biderkatzeko sare bat sortu da, ibarreko eta inguruetako biztanleak partaide egin nahi dituena, haziak eta fruta-arbolak landatzeko, biderkatzeko eta trukatzeko.
Ayuntamiento Arakil

- - - - - - - - - - - - -

Arakil ibarrean (Nafarroa), ekonomiaren motor nagusiak historikoki nekazaritza eta abeltzaintza izan dira. Azken urte hauetan, ordea, hori aldatu egin da, egungo nekazaritza-ereduarekin –ikaragarri intentsiboa den eredua– ekoizle txikiak desagertzen ari baitira. Udalak berak adierazten duen moduan, “kontzeju bakoitzean nekazari eta abeltzain txikiak izatetik oso gutxi izatera eta handiagoak izatera igaro gara”.  

Eredu-aldaketa honen ondorio nagusietako bat biodibertsitatea galtzea eta galera horrek berekin dakarren paisaia-aldaketa da. Izan ere, lehen zereala zen gehienen nekazaritza-produktua, eta orain, berriz, artoa da. “Nork bere baratzea lantzen duen gero eta jende gutxiago dago, eta lurrari lotutako ezagutzen transmisioa galtzen ari da”, kexatzen dira Sakanako Garapen Agentziako kideak.  

Eta horri gehitzen badiogu Arakil ibaiaren puntu batzuetan gertatzen den nitratoengatiko kutsadura, lurzoruari ematen zaion erabileraren ondoriozkoa, sektore horretako arduradun-talde batek premiazko ikusi du gauzak beste modu batera egin behar izatea eta beste nekazaritza-eredu bati atea zabaltzea; ingurumenarekin eta pertsonokin errespetuzkoagoa izango den bati, hain zuzen.

Hala jaio da Bertako Barietateak-Semillas de Biodiversidad proiektua, Arakilgo Udalak eta Arrea elkarteak garatua. Elkarte hori espezialista da agroekologia eta elikadura-burujabetza bultzatzeko lurralde-proiektuak dinamizatzen. Eta bi horiei gehitu zaie, gainera, Sakanako Garapen Agentzia.

2020an, 72 elkarrizketa egin zitzaizkien Arakil udalerriko kontzeju guztietako 53 pertsonari, nekazaritzaren eta bertako barietateen erabilerari buruzko informazioa biltzeko. Hain zuzen ere, pertsona horiek hautatzeko, aintzat hartu zen ibarreko herrietako nekazaritzari eta baratzezaintzari buruzko ezagutza eta jakintza tradizionalak edukitzea.

Elkarrizketa horiek 13 espezie desberdinetako 70 toki-barietate identifikatzeko bidea eman zuten: udareondoak, aranondoak, sagarrondoak, pikondoak, hurrondoak, intxaurrondoak, mahatsondoak, gaztainondoak, mizpirondoak, irasagarrondoak, pomoak, babarrunak eta porruak. “Bertako barietateak dira nekazariek hainbat belaunalditan lurralde batean hautatu eta mantendu dituztenak, toki horretako izurriteen eta gaixotasunen baldintzetara egokituz barietate horiek, eta bai biztanleen gustu eta erabileretara ere”, azaldu digute Arrea elkarteko kideek.  

Udala pozik dago elkarrizketa horien emaitzarekin. “Autokontsumorako baratzeetan, bertako barietateen kopurua handia da. Izan ere, araututa dagoen merkataritza-jarduerarik ez egotean, haziei ezarritako arauditik, nekazaritza-politikatik eta merkatu globalaren arauetatik kanpo egon ahal izan baitira neurri batean. Hori dela-eta, bai baratze horiek bai eta haiek jorratzen dituzten pertsonak (batez ere adinekoak badira) biodibertsitatearen eta kulturaren benetako gordailuak dira. Sasoiko elikaduran, tokikoan, dibertsifikatuan duten eginkizuna funtsezkoa izan da eta da gizakion dietan, bereziki orain bizitzen ari garena bezalako krisi-une hauetan, eta hala erakusten dute egungo errealitateak eta azterlan ugarik”.

Proiektu honetan emango den hurrengo pausoa izango da dibulgaziozko gidaliburu bat kaleratzea, elkarrizketetan bildu den ezagutza ekologiko tradizional hori barne hartuko duena. “Bertan, informazio-fitxa bat egongo da barietate bakoitzerako –esan dute Garapen Agentziako kideek–, eta hartan hazkuntzari buruzko datuak egongo dira, besteak beste, fruituaren/barazkiaren deskribapena, ereiteko egunak, loraketa, fruitu-ematea… Baina horrez gain barietate bakoitzaren ezagutzari eta erabilera tradizionalei dagokien informazioa agertuko da: sukaldaritzako erabilera, kontserbatzea, balorazioa eta zaporea preziatzea, eta abar”.

Edonola ere, proiektuaren ardura duten hiru erakundeek ez dute hor gelditu nahi. “Ez da nahikoa barietateei buruzko informazioa biltzea, baizik eta ibarrean berriro sartzeko gauza izan behar dugu. Hori lortzeko, ezagutzari zabalkundea eman behar zaio herritarren artean, barietate horiek erabili, baloratu eta manten daitezen. Hori dela-eta, tokiko talde bat jarri da martxan, eta biodibertsitatea gordetzeko eta biderkatzeko sare bat eratzen du. Sare horrek ibarreko eta inguruetako herritarrak partaide egin nahi ditu, haziak eta fruta-arbolak landatu, biderkatu eta trukatu ditzaten”. Talde hori 25 lagunek baino gehiagok osatzen dute, eta haziak gorde eta mantentzearen, frutikultura ekologikoaren, txertaketaren eta abarren gaineko prestakuntza hartuko dute. Oraingoz, gainera, beren baratzeetan, inguru horretako hamaika barietate biderkatu dituzte jada, zentro publikoetan gordeta zeudenak, esate baterako, NUPen: baratzeko lau barietate, haien artean babarrunak eta perrexila, eta Arakilgo bertako barietateen zazpi sagarrondo.

Proiektuaren bigarren fasea 2021 honetan garatuko da. Fase horretan, zaintza-sare hori sendotu nahi da, aurkitutako bertako barietateen hautaketa bat biderkatuta eta berriro sartuta, hazien banku bat sortuta eta gaztainondoak haztearen, frutikultura ekologikoaren edo babarrunen hazkuntza ekologikoaren gaineko prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduera berriak antolatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.