Posted

Asakatasuna institutoren ibai bazterreko tximeleta

“Gizarte batek ibaiarekin ezartzen duen harremanak agerian jartzen du gizarte horretako harreman-eredua, bai naturarekin, bai eta gizartea eratzen duten kideen artean ere”. Gogoeta horixe izan zen “Askatasuna. Ibai bazterreko tximeleta” proiektuaren abiaburua, Nafarroako Burlata herriko Askatasuna BHIk duela sei urte hasi zuena. Hartara, proiektu horrek, ingurumen-kontzientzia harrarazteko helburua betetzeaz gain, eskola-arloko lan bat interes orokorreko produktu nola bihur daitekeen erakusten du argi eta garbi.

- - - - - - - -

Arga ibaia beti egon da lotuta Burlatako Askatasuna Bigarren Hezkuntzako Institutuari, eta horixe izan da, hain zuzen, ikasleek aurtengo prestatu duten erakusketa honen abiapuntua: Arga 2022: Jakintzaren dibergentzia. Erakusketa hori Atarrabiako Pilategian egon da ikusgai, baina erakusketarako bertarako sortutako collageetan begi hutsez ikus daitekeena baino gehiago dauka.

“Zure ondoan gaituzu eta gure ondoan zaitugu. Zurekin ikaskuntza eta ezagutzaren ibilguek elkar elikatzen dute, gurutzatzen dira errealitatez bustitzen dira”.

“Txoko ederrak, erosoak dituzu ezkutuan gordeta… Urtero bezala uholdeek gure kutsadura zure bazterretan utzi digute erakusgai, aurten nabarmenago, indartsuago… behingoagatik zuk gure ondora hurbildu zinen eta guk ezin sartu”.

“Eta bai, gure collageen eta argazkietako musa  ere bazara. Horregatik garbi nahi zaitugu barrutik, kanpotik…”.

“Askatasuna. Ibai bazterreko tximeleta” proiektuaren barnean dagoen erakusketa hau kudeatu duen e Ongai irakasleak poema hori ere prestatu du. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 2016-2017 ikasturtean Hezkuntza Berrikuntzari buruz egin zuen deialdiaren barnean onartu zen proiektua, eta seigarren edizioa izan da oraingo hau.

Iraide Ongai irakasleak koordinatuta, proiektuaren asmoa da arlo desberdinetako gaitasunak era transbertsal eta integralean lantzea. “Ibaiaren ekosistema ikuspuntu desberdinetatik abiatuta jorratu nahi dugu, alde batetik, gaitasunak era integralean garatzen, eta, bestetik, datuak biltzen eta modu esperimentalean ikertzen gure ibaiaren dinamikak. Horretarako, heziketa-komunitatearen inplikazio graduala bilatzen dugu, enbor berberaren sustraiak eta adarrak baikara”, azaldu du Iraidek.

Proiektua, nagusiki, DBHko 2. eta 4. mailetan garatzen dute, eta, curriculuma aintzat hartuta, Batxilergoko 1. mailara ere zabaldu da, Nafarroako Historia eta Geografia irakasgaietan.

Aurreko ikasturteetan, jarduerak eta proiektua mintegien arabera garatu ziren. Hala, Biologia-Geologia mintegian, adibidez, garatu zituzten jardueretako batzuk izan ziren ornogabeen laginketak egitea eta ibaiko makroornogabeak behatzea laborategian. Fisika eta Kimikakoan, uraren parametroak neurtu eta aztertu egin ziren. Matematikakoan, estatistikak egin ziren eta era logikoan antolatu ziren ateratako datu guztiak.  Plastikakoan, hondakinak biltzen aritu ziren eta hondakin horiekin eskulturak egin zituzten, eta, gainera, ertzeko landareak marraztu zituzten. Gizarte-zientzietakoan, ibaiaren bidearen plano topografikoa egin zuten eta klimaren faktoreak aztertu ziren, ikastetxeko estazio meteorologikoan. Euskarakoan, ibaia ibiltzen den lurralde osoaren deskribapena egin zuten, eta bai proiektu osoaren eta ondorioen laburpena ere. Gorputz-heziketakoan, ibilbideak diseinatu ziren bizikletaz eta patinetan ibiltzeko, eta orientazio-tailerrak egin ziren. Eta azkenik, Teknologiakoan, blog bat jarri zuten martxan, ikasleek beren esperientzia guztiak kaleratu eta partekatu ahal izateko.

Lan horrek guztiak egin du institutuak aukerak eta aliantzen sarea zabaltzea. Hala, herritarren zientziaren metodologia oinarri duen “Arga ibaia” proiektuan parte hartu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoak gauzatzen duenean, eta bai Mancoeduca ingurumen-sentsibilizaziorako heziketa-programan ere.

Iraide iazko biomaratoian, Mancoeducako bi hezitzailekin

Eta ikasturte honetan, Mancoeducarekin batera, geologiari buruzko jarduera berri bat gidatu du Ibai Parkean.

“Gizarte batek ibaiarekin ezartzen duen harremanak agerian jartzen du gizarte horretako harreman-eredua, bai naturarekin, bai eta gizartea eratzen duten kideen artean ere. Hori dela-eta, ikastetxean ibaia gure egunerokoan sartu nahi izan genuen eta haren zati sentitu”. Gogoeta hori da ikastetxe honetako proiektuaren motorra, urtetik urtera sendotzen eta erreferentziazko bihurtzen doan proiektu honena.

Izan ere, proiektu horrek, ingurumen-kontzientzia harrarazteko helburua betetzeaz gain, eskola-arloko lan bat nola haz daitekeen eta interes orokorreko produktu nola bihur daitekeen erakusten du argi eta garbi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.