Posted

Berriztagarrien krisi batez hitz egin liteke?

Luis Merino ingurumen-kazetari eta Energías Renovables aldizkariaren zuzendariaren hitzetan, “zerbait gaizki egiten ari gara, inork ez baditu nahi haize-parkeak edo beste energia berriztagarri batzuk gertu. Argi dago soil-soilik energia berriztagarrietan oinarrituta dagoen energia-eredu batera igaro behar dugula, energia konbentzionalak arazo larriak eragiten ari baitira. Horrek ez du esan nahi, ordea, energia berriztagarriak edozein eratara instalatu ahal direla”. Eztabaida mahai gainean dago.

- - - - - - - - - - - - - - - -

Granadako enpresa batek Arren jarri nahi zituen bi eguzki-instalazio fotovoltaikoei ezezkoa eman zien Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilean. Arrazoia, ibai-parkeari eragingo zion kaltea eta hirigintza-bateraezintasuna.

2023ko urrian, ingurumenaren aldeko erakunde gehienek abiarazitako bide judizialak, partikularrek sustatu zituzten beste ekintza batzuekin batera, erantzuna aurkitu zuen Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren hirugarren atalean, hainbat epai eman baitzituen, kautelazko neurriak barne, eta haize-parkeak kokatzeko zazpi proiektu bertan behera uztea ekarri baitzuen.

2022ko urtarrilean, Plataforma Manifiesto de Burela izenekoa jaio zen, Kantauri itsasoko-Ipar-mendebaldeko arrantza sektorea defendatzeko. Hogeita hamar bat arrantzalek sinatuta, itsasoan haize-parkeak jartzearekin bat zetorren, itsasertzeko arrantza-jarduerarekin adostasunean, baldin eta adostasun horrek ez bazion kalterik egiten arrantza-jarduerari. Hori dela-eta, ulertzen zuen itsasoko haize-parkeak ez direla bateragarriak plataforma kontinentalean arrantzan aritzearekin.

Zer ari da gertatzen?

Luis Merino ingurumen-kazetari eta Energías Renovables aldizkariaren zuzendariaren hitzetan, “zerbait gaizki egiten ari gara, inork ez baditu nahi haize-parkeak edo beste energia berriztagarri batzuk gertu”.

Eztabaida mahai gainean dago.

“Gogoan dut plataforma kontinentalaren gainean egin nahi ziren itsasoko lehen haize-parkeen proiektuek eztabaida izugarria ekarri zutela. Arrantzaren sektorea proiektu haien aurka zegoen erabat. Ingurumenaren ikuspuntutik, zientzialarien komunitateak ziurtatzen zuen parkeek eta haize-plataformek itsas erreserba moduan ere joka zezaketela, seguru asko, egungo eta etorkizuneko arrantza ziurta zezaketela, gune batzuk mugatzen baitzituzten, gehiegizko ustiapenetik eta gehiegizko arrantzatik kanpo uzteko. Horrek, ordea, talka egiten zuen arrantzaleen interesekin, arrantzan egin ahal izateko kaiei uko egin behar baitzieten”, azaldu du Merinok.

Lehorrean, antzeko zerbait gertatzen da abeltzaintzarekin. Zenbaitetan, ez zaio harrera onik egiten haize-erroten presentziari, paisaian, ekonomian eta abarretan ekartzen dituen aldaketengatik. “As Bestas” film sarituak ikuspuntu-sorta horren muturreko kasu bat erakusten du. Izan ere, Rodrigo Sorogoyen zuzendariak Film Onenaren Goya saria jaso zuenean, agurtzeko, “haize-energia bai, baina ez horrela” esan zuen, udan Rapa das Bestas jai ospetsuko protagonistak diren zaldiak bizi diren mendietan, Pontevedran, Sabucedoko mendietan, jarri nahi dituzten haize-parkeen proiektuei aipamena eginez.

Hala eta guztiz ere, etxebizitzen arloan, gero eta gehiago dira energia sortzeko eguzki-panelen alde egiten duten etxeak. Eguzki-zerga deitutakoa indargabetu eta gero, herritarrek autokontsumoak instalatzeari ekin zioten eta 2022aren amaieran 2.507 megawatt baino gehiago zeuden instalatuta teilatuen eta estalkien gainean. Badirudi gailurra jo zela orduan, antza denez autokontsumorako 2023an instalatu zirenak 1.700 megawatt izan zirela uste baita (hemen ikusi). Edonola ere, interesak hor egoten jarraitzen du.

Gainera, erakundeek gero eta gehiago egiten dute energia berdearen alde. Iruñerriko Mankomunitatea, esate baterako, bere autobusak eta ibilgailuen flota elikatzeko erregai fosilak erabiltzea baztertzeko plan bat garatzen ari da. Horrez gain, Eugiko urtegia erabiltzen du elektrizitatea sortzeko, eta zabortegiko gasaren isuriak baliatzen ditu sare orokorrean energia elektrikoa injektatzeko eta biometanoa sortzeko. Erakundeak urak arazteko duen araztegia energia-uharte moduan ibil daiteke, bere baliabideekin sortzen duen elektrizitateari esker, eta abar.

Orduan, zer gertatzen da? Berriztagarrien krisi batez hitz egin dezakegu? Energia horiek behar bezala funtzionatzeko behar dituzten azpiegiturak instalatzeari mesfidantza izateaz hitz egin liteke? Zeren ondorioa da hori?

“Bizitza osoan ariko gara gai hauei buruz hitz egiten –aitortu du Merinok–. Izan ere, paperezko gure aldizkariaren aurreneko alean, 2001eko urrian, sektore batzuetan berriztagarriak kokatzeak eragiten zuen arbuioa aipatzen genuen jada…

Nire ikuspuntua da berriztagarriak ez daudela ingurumenean inpaktuak izatetik libre, ez direla inpakturik gabeak. Baina inpaktu edo eragin horiek gainerako energiek dituztenak baino infinituki txikiagoak dira. Horrenbestez, balantzea positiboa da. Energia berriztagarriak instalatu behar dira.

Horrek ez du esan nahi, ordea, edozein tokitan koka daitezkeenik. Ingurumenaren arloko legeria zorrotz bete eta betearazi behar da, legeria horrek zehaztu eta erabakitzen baitu non koka daitekeen haize-parke bat edo eguzki-planta bat eta non ez. Eta gero, parke horiek eraiki eta jardunean aritzeko lanetan, era berean izan behar da zorrotza.

Baina, horrez gain, funtsezkoa da mota honetako proiektuak kokatuko diren herrietako biztanleekin hitz eginda gauzatzea. Aurreneko minututik bertatik hitz egitea. Eta, behin kokatuta daudenean, parke horiekin batera biziko diren pertsonek sentitzea haien etekin ekonomikoetako batzuk zuzenean partekatzen dituztela. Herritarrek ikusten badute enpresa bat iristen dela proiektu batekin, herriaren ondoan jartzen duela, inolako azalpenik eman gabe, eta herritarrek ez dutela inolako etekinik jasotzen trukean, enpresa horrek arbuioa seguru izango du”.

Egoera horren aurrean, argi dago ingurumen-komunikazioak eginkizun erabakigarria duela. Gizartean kontzientzia sortu behar da, eta oso ongi azaldu behar da zein diren energia berriztagarrien onurak eta zein eragozpenak. Eta hori egiten ari gara? Nola hobetu ahal izango litzateke ingurumen-komunikazioa eta -dibulgazioa zalantza gutxiago egoteko eta, batez ere, horren gaineko gardentasun handiagoa egoteko?

“Hori bera da bizitza osoan neure buruari galdetzen ari natzaiona –aitortu du Merinok–, 1980ko hamarkadaren amaieran ingurumen-kazetaritzan lanean hasi nintzenetik.

Nolabaiteko gogoeta-ariketa egin behar da, eta hori egiteko gure ekintzen, gure bizimoduaren, ondorioak azaldu behar dira, gauzak beste modu batera egin behar ditugula ulertzera iristeko. Argi dago soil-soilik berriztagarrietan oinarrituta dagoen energia-eredu batera igaro behar dugula, teknologia konbentzionalak arazo larriak eragiten ari baitira. Horrek ez du esan nahi, ordea, energia berriztagarriak edozein modutara instalatu ahal direnik. Funtsezkoa da behin eta berriz esatea eta nabarmentzea abantailak eragozpenak baino askoz ere handiagoak direla”.

Eta hori beste ingurumen-alderdi batzuetan aplikagarria izango litzateke? Klima-aldaketa, klima-larrialdia, klima-krisia behin eta berriz errepikatzen diren kontzeptuak dira, biztanleriaren zati batean ekoantsietate handia eragiteko eta biztanleriaren beste zati batean, aldiz, erabateko axolagabekeria eragiteko arriskua dutenak. Ez al dago tartekorik?

“Ingurumenari dagokionez iraunkorra den modu batean bizitzeko alderdi eta zentzu guztietan egin behar ditugun aldaketek hainbat kostu edukiko dituzte. Eta horregatik errepikatu eta nabarmendu behar dira onurak. Giltzarria da jendeak hautematea onura horiek ere berarentzat direla, modu batera edo bestera.

Gaingiroki, uste dut natura babestea, gure ingurunea, guren ingurumena, ona dela guretzat, gure seme-alabentzat eta atzetik eta ondoren etorriko direnentzat. Litekeena da jende askori hori ulertzea kostatzea, beste gauza batzuetara baitaude, inoiz ez baitiote planteatu beren buruari. Baina une honetan ez dugu gogoeta handirik behar ulertzeko natura, gure ibai eta basoen osasuna, etxetik gertu dugun parkearen osasuna ezinbestekoa dela gure geure osasunerako”.

Interesgarritzat hartu baduzu artikulu hau, agia izango dituzu gustuko beste hauek:

Energia berriztagarriak bailara bat biziberritzeko

Zabortegi bat zena orain gozatzeko tokia da

Enplegu berdeak: orain handia duten etorkizuneko lan-aukerak

 

 

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.