Posted

Bonelli arranoa, lagunduta arriskuen aurrean

AQUILA a-LIFE proiektuak Bonelli arranoaren presentzia handitu nahi du, hegazti harrapari hori galzorian baitago. Hain zuzen, GREFAk koordinatzen duen proiektu horrek finkatuta dituen helburuak dira harrapariaren habitat naturala lehengoratzea, ale berriak sartzea eta aurrera egin ahal izateko dituen mehatxuak minimizatzea.

- - - - - - - - - - - -

Badakizu AQUILA a-LIFE izeneko proiektu bat dagoela eta Bonelli arranoaren presentziaren hedadura handitzeko xedea duela?

Galzorian dagoen hegazti harrapari bat da. Gainerako arrano handien artean bizkorrentzat jo daiteke, adaburuen artean altuera baxuan hegan egiteko eta basoaren barnean sartzeko gauza baita. Gainera, leku irekietan ehiza egin dezakeenez, bere elikagai-espektroa oso zabala da.

Larreratzeko eremu handiak izaten ditu, eta haietan hauek guztiak jaten ditu: erbinudeak, ur-arratoiak, eper gorriak, untxiak, erbiak, usoak, usapalak, zozoak, birigarroak, ahateak, koartzak, antxetak, muskerrak, eta abar, eta abar.

Gainera, super harrapakarien taldean dago. Izen horrek ez dio aipamena egiten super heroi bati, baizik eta beste harrapakari edo predatzaile batzuk hiltzeko gai diren animalien taldeari. Izan ere, bere elikatze-dietaren barnean beste harrapari batzuk daude, hala nola zapelatz arruntak, belatzak, gabiraiak, belatz gorriak eta mozoloak.

Hain zabalak diren elikatze-ohitura horiek laguntzen digute harrapari honek ingurumen-ingurunean duen funtsezko eginkizunaren kontzientzia hartzen, bere harrapakinen gainean egiten duen populazio-kontrolari buruzko informazioa ematen baitigu bere presentziak.

Bonelli arranoaren habitat naturala txikiagotzen ari da, bere populazioa bezala.

Horregatik sortu da proiektu hau, Bertako Fauna eta haren Habitata Lehengoratzeko Taldeak (GREFA) koordinatzen du eta bertan parte hartzen dute hauek bazkide moduan: Arabako Foru Aldundia, Fundació Natura Parc (Mallorca), Nafarroako Ingurumen Kudeaketa-Nafarroako Gobernua (GAN-NIK), ISPRA (Italia) eta LPO/BirdLife (Frantzia).

 GAN-NIK erakundeko biodibertsitateko langile teknikoaren hitzetan, “Europako proiektu bat da. Mendebaldeko Mediterraneoko zenbait herrialde daude inplikatuta bertan, eta horrek ahalbidetzen du eskala handiko kontserbatze-ikuspegia izatea. Jatorria duela zenbait urte izan zuen, LIFE Bonelli proiektuan, eta, horrenbestez, aurrerapen eta lorpen handiak ditu jada, eta AQUILA a-LIFE proiektuak jarraitutasuna eman dakieke”.

Proiektuaren lan-ildoak barne hartzen du, habitata lehengoratzeaz eta arranoak natura-ingurunean berriro sartzeaz gain, animalia honentzako egungo mehatxu nagusiak aintzat hartzea, arreta berezia jarrita elektrokuzioetan. Horretarako, elektrizitate-enpresen, tokiko administrazioen eta gai honetan aditu diren pertsonen laguntza edukitzeko asmoa du. “Gainera, gure Bonelli arranoa bezain enblematikoak ez diren beste espezie batzuei mesede egiten dieten eta habitata hobetzeko diren beste neurri batzuk planteatzen dira”, gehitzen dute GAN-NIKetik.

Harrapari honek aurrez aurre dituen heriotza ez-naturalerako mehatxu handien artean, linea elektrikoez gain, itotzea dago. Urmaeletako uraren islak erakartzen duen animalia da Bonelli arranoa, eta gerturatzen denean erori egiten da eta gero ezin da atera.

Esate baterako, Argiñarizko urmaelak arrisku hori du. Urmaela Iruñerriko Mankomunitateak lehen kudeatzen zuen Nafarroako zabortegi zahar batean kokatuta dago, eta orain erakundeak berak lehengoratu du. Urmaeleko ura tranpa hilgarri bihurtzea ekiditeko, Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK bere sozietate publikoaren bidez, ihes egiteko sistema bat jarri du.

“Ihes egiteko bi egitura-mota kokatzen ditugu –adierazi dute GAN-NIKeko teknikariek–: landareztatutako uharte flotagarri batzuk eta nylonezko oihal bat inguratzen duten gomazko bi geruza dituen mihi bat. Goiko aldean bi ainguraketa-puntu dituela, bere pisuarengatik erortzen da eta, aldeetako bat zimurtsua denez eta kanporantz ikusgai gelditzen denez, animaliek ateratzeko behar duten moduan heltzeko aukera ematen du”.

Hain zuzen ere, Arguiñariz da, Guirguillano, Bidaurreta eta Sorakoitzekin batera, askatuak izateko Nafarroara joan den ekainaren 21ean iritsi ziren Bonelli arranoaren lau txitetako baten izena (prentsa artikulua irakurtzeko, klikatu hemen). Aleak, bi ar eta bi eme, 78, 42, 45 eta 49 egunekoak, hurrenez hurren, Frantzian itxian hazteko bi zentrotatik heldu ziren eta Madrilgo Bertako Fauna eta haren Habitata Lehengoratzeko Taldetik (GREFA). Hegaztiak askatzearen asmoa da Girgillao-Etxauri ingurua Bonelli arranoa bizitzeko tokietako bat izatea berriro, duela 15 urte gertatzen zen moduan.

Denborak baino ez du adieraziko berriro sartzea eraginkorra izan den edo ez, eta era berean adieraziko du harrapari hau lehen zegokion lekua berreskuratzea lortzen ari den edo ez. Oraingoz, LIFE lehen proiektuaren (LIFE Bonelli) eta AQUILA a-LIFE proiektuaren esparruan egindako lanek beren emaitzak eman dituzte. Egun, Nafarroak Bonelli arranoaren bi lurralde ditu, egindako ahaleginaren fruitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.