Aski ezaguna da lorategiak zaintzeko eta bonsaiak inausteko Japonian duten artea, eta bai japoniarrek zuhaitzekiko duten harreman estua ere.
Hori dela-eta, ez da harritzekoa han bertan, Japonian, duela 600 urte baino gehiago teknika bat erabiltzen hasi izana zura lortzeko zuhaitzak moztu behar izan gabe.
Teknika horren izena Daisugi da, eta honela deskriba genezake: bereziki helburu horretarako landatutako Japoniako zedroak inausteko oso modu zehatza. Helburua da zuhaitzek eurek kimuak sortzea; ezin hobeto uniformea, zuzena eta erabat korapilorik gabea izango den zur bihurtuko diren kimuak, zehazki.
Sistema XIV. mendekoa da. Uste denez, Kitayama izeneko eskualdeko goi-klasean eta samuraien artean erabat zurez egindako etxebizitza-mota bat modan jarri zenean sortu zen. Eskualde horretan ez zegoen lur lau gehiegi, eta zuhaitzak mazela aldapatsuetan landatu eta lantzea izugarri zaila izan zen, eta, beraz, Daisugi teknika erabili zuten arazoari irtenbidea emateko. Ondorioz, arbolazainek plantazioen kopurua murriztu ahal izan zuten, uztaren zikloa azkartu eta zur trinkoagoa ekoitzi, lorategi ederrak sortzen zituzten aldi berean.
“Daisugi” hitza “sugi” hitzetik dator –Japoniako zedroaren barietate bat–, eta gutxi gorabehera “plataformako zedroa” edo “mahai-zedroa” esan nahi du; izan ere, teknikak ekartzen baitu zuhaitzaren gainean zerbait jarri dela iruditzea, gainean gauzak jartzen zaizkion mahai bat balitz bezala. Hain zuzen ere, mahaia zedroa da eta bere gainean dagoena zedro gehiago da. Hau da, begiratu batean, badirudi zedro handietan zedro txikiagoak lantzen direla.
Daisugiak, horrenbestez, ahalbidetzen du zura sortzea, jatorrizko zuhaitzari kalterik egin gabe. Hori lortzeko, bi urtean zuhaitzaren oinarriko kimuak inausten dira, enborra zuzen egon dadin, soil-soilik goiko aldeko adarrak utzita. Zedroa osorik haz dadin 20 urte igaro behar dute, eta orduan izango da, denbora hori igarota, zuhaitza osorik moztu gabe zura moztea lortuko den unea, hartara, zuhaitzak hazten eta zur gehiago sortzen jarraitzeko. Badira aldi berean 100 kimutik gora sor ditzaketen zuhaitz zaharrak.
Nahiz eta jardunbide hau oso hedatua izan zen duela mende batzuk, egun ez da erabiltzen zura sortzeko, teknika ez baita oso eraginkorra (lehenago esan den moduan, 20 urte itxaron behar dira emaitzak lortzeko). Baina ezinbestekoa izaten jarraitzen du lorategi apaingarrietan, bere edertasun estetikoarengatik erabiltzen baitute haietan.
Utzi erantzuna