Arroken eta hondarraren geruza batek edo gehiagok eratutako formazio geologikoak dira akuiferoak, eta barnean ura hartu eta edukitzeko gai dira. Lurzorutik iragazten diren eta geruza iragazgaitz horietaraino iristen diren euri-urei esker eratzen dira, eta geruza horiek ura igarotzea ekiditen dute eta lurpeko barrunbeetan biltzea ekartzen dute.
Ibaiak, aintzirak eta hezeguneak lurpeko ur horien gainazaleko agerpenak dira, fluxua trukatuz ura behar dutenean elikatzen dituen lurpeko uraren biltegi horrekin eta haien fluxuaren zati bat hartuz gainazaleko ur gehiegi dagoenean haiek elikatzen.
NBEren datuen arabera, ur geza likidoaren %97 akuifero horien barnean dago. Eskualde arido eta erdiaridoetan, sarritan, ur-iturri bakarra dira. 2.500 milioi pertsona haietako uren mende daude soil-soilik, beren oinarrizko beharrei erantzun ahal izateko. Nekazaritzarako ureztatze-uraren %50 akuiferoetatik abiatuta ponpatzen da. Erreserba giltzarria da lehorte luzeetan, besteak beste, Ameriketako mendebaldekoan, Brasilgoan eta Australiakoan.
Lurpeko ura edateko uraren horniduraren oinarria da, saneamenduarena, nekazaritzarena, industriarena eta ekosistemena. Geruza freatikoaren sakonera, zati batean, muinoetatik haranetarako mazeletan landare-espezie desberdinek kokaleku desberdinak hartzearen arduraduna da. Lurpeko uren eraginez arrokak disolbatzean, leizeak eta sarbegiak sortzen dira. Basamortu-inguruneetan, lurpeko uren deskargak oasiak eratzen ditu…
Baina gehiegizko erabilera eta giza jardueren ondoriozko kutsadura akuifero horien bideragarritasuna arrisku larrian jartzen ari dira, eta horrek berekin dakartza arazo ekonomikoak, gaixotasunak eta bai urarekin lotutako gatazkak ere.
Biztanleriaren hazkundea akuiferoek duten mehatxu nagusietako bat da. Gizaki gehiago egoteak giza jarduera gehiago egitea esan nahi du, etxebizitzetakoak, nekazaritzakoak edo industriakoak. Jarduera horiek akuiferoak drainatzen ari dira, sistema naturalek haiek betetzeko duten erritmoa baino azkarrago drainatzen ere, eta horrek ekartzen du lurpeko urak ahitzea eta berekin dakarren guztia: erreken emaria gutxitzea, iturburuak edo hezeguneak lehortzea, landaredia galtzea, putzuen ur-maila murriztea eta lurra hondoratzea.
Gizakion jarduera, era berean, akuiferoak kutsatzea ekartzen ari da, nekazaritzako ongarriengatik edo simaurrarengatik. Kutsadurak lurpeko uren kalitatea degradatzen du eta mehatxua da gizakion osasunerako eta osasun ekologikorako.
Kostaldeko eremuetan dagoen agortzea ere kutsadura-iturria da, akuiferoetan ur gazia sartzea eragiten baitu.
Eta hori gutxi balitz bezala, akuiferoak ahitzeak hiriaren azpian ekartzen du justu azpian dagoen lurra hondoratzen hastea.
Espero da Lurreko biztanleria, ia 8.000 milioikoa 2020an, 11.000 milioikoa izatera heltzea 2100ean. Errealitate horren aurrean, gizakiek ikasi beharko dute elikagai nahikoak ekoizten lurzorua, ura eta klima suntsitu gabe. Eta hori da, hain zuzen, gizateriak aurrez aurre duen erronka handienetako bat.
Lurpeko uren kudeaketa iraunkorra konponbidearen muina da. Lurpeko uren kudeaketa egokia funtsezkoa da, arazoa arindu baitezakete, haien erabilera arduratsua eta birjartzea bilatzen badugu.
Horregatik aurtengo Uraren Munduko Egunak arreta ur gezan jarriko du, eta, are zehazkiago, akuiferoetan dagoen ur gezan. ‘Lurpeko ura – Ikusezina ikusgai egiten’ lelopean, baliabide hori desagertzeak mundu osoko biztanleriarentzat edukiko lituzkeen ondorio larriak erakutsi nahi dira.
Esan beharra dago duela 30 urte, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak martxoaren 22a Uraren Mundu Eguna izendatu zuela. Geroztik, egun hori ospatzen dugu, naturako elementu horren garrantziari buruz hausnartzeko aitzakia moduan.
Iruñerriak akuifero batetik edaten du, Artetatik alegia (irakurri hemen). Hori dela eta, aipatutako lelo hori hartuta, Ecoblog honetan post batzuk presatatu ditugu zure intereskoak izan daitezkeenak:
https://www.fluencecorp.com/es/importancia-de-preservar-el-agua-subterranea/
Utzi erantzuna