Posted

Hegazti migratzaileek gure basoak moldatzen dituzte

Klima-aldaketaren ondorioz tenperaturak berotzen ari direnez, ipar hemisferioko animalia asko goragoko latitudeetara lekualdatzen ari dira bizirik irauteko eta, hartara, beroagoak direnak uzten ari dira. Landareek ezin dute hori egin, eta horregatik hegazti migratzaileek eginkizun erabakigarria dute haiek sakabanatu eta kontserbatzean, haziek distantzia luzeak egiteko eta dozenaka kilometrotara ernamuintzeko aukera ematen baitute, beren optimo klimatikoak okupatu ahal izateko.

- - - - - - - - -

Inoiz aritu gara pentsatzen nola eragiten dieten hegaztien migrazio-mugimenduek gure basoei?

Cadizko Unibertsitateko Biologia Sailak duela gutxi egin eta Nature aldizkarian argitaratu duen nazioarteko azterlan batek agerian utzi du “hegoaldera, hau da, latitude beroagoetarantz migratzen duten hegaztiek sakabanatzen dituztela fruitu mamitsuen Europako zuhaitzen eta zuhaixken %86. Espezie horien %35 baino ez dira barreiatzen hegaztiek iparralderantz migratzen dutenean, udaberrian. Horrek esan nahi du Europako basoetako eta sastrakadietako fruitu mamitsuko landareen heren batek baino ez dutela hegaztien bidez distantzia luzera “norabide egokian” barreiatzeko aukera, klima-aldaketaren ikuspuntutik”, azaldu du Juan Pedro González-Varok, azterlanaren zuzendariak.

Azterlan horretan frogatu dute, gainera, Europako landareak sakabanatzeko ahalmen handiena duten hegaztiak espezie paleartikoak direla: txantxangorriak, txinbo kaskabeltzak, zozoak eta birigarroen zenbait espezie. Oro har, espezie horiek oso ohikoak eta ugariak dira Europan.  

Migratzen dutenean ez dute Saharako basamortua zeharkatzen, baizik eta Europaren erdialdean eta hegoaldean edo Afrikaren iparraldean igarotzen dute negua. “Eta bidaia horietan jasan behar izaten dute ehizaren erasoa, eta horregatik espezie kalteberatzat hartzen dira, beren eginkizuna ezinbestekoa baita landare-espezieak zabaltzea eta ugaritzea ziurtatzeko, baita klima-krisi bete-betean ere”, zehaztu du Juan Pedrok.


Argazkia: Turdus_philomelos_Ilex_aquifolium
Birigarro arrunta (Turdus philomelos) gorostiaren (Ilex aquifolium) fruituak jaten. Gorostiak fruitu emateko duen aldi luzea, udazkenaren eta neguaren amaieraren artean, bat dator birigarroek iparraldera egiten duten migrazioarekin, haziak distantzia luzera latitude hotzagoetara sakabanatzeko aukera dutenean (argazkilaria: David Chapman).

Baina, egiatan hain garrantzitsua al da hegaztien migrazio-mugimenduak aintzat hartzea gure basoak osasuntsu egoteko?

Bai.

Tenperaturak berotzen ari direnez, ipar hemisferioko animalia asko goragoko latitudeetarantz lekualdatzen ari dira eta beroagoak direnak uzten ari dira. “Landareak ezin dira mugitu behin haziak ernamuintzen direnean, baina haziek bai bidaiatu ahal dutela haizearen, uraren edo animalien bidez. Lurra hain azkar ari da berotzen, ezen landareek beren haziak dozenaka kilometrotara sakabanatu behar baitituzte, beren optimo klimatikoak okupatu eta, hartara, toki berrietan populazioak hasi ahal izateko. Eta, hain zuzen, haziak distantzia luzera sakabanatzean hegazti migratzaileek eginkizun erabakigarria izan dezakete”, azaldu du zuzendariak.

Horrenbestez, hegaztien mugimenduari buruz Cadizko Unibertsitateak azken belaunaldiko GPS gailuen bidez lortzen jarraituko duen datu zehatzek honetan sakondu dezakete: klima-aldaketari aurre egiteko erresistenteagoa den etorkizun baterako erabilgarriak diren kontserbatze-jardunbideak garatzean haziak sakabanatzeak duen ahalmenean.

Hemendik urte batzuetara azterlanek agerian utziko dute nola aldatu den gure basoen fisonomia eta nola, klima-krisia gorabehera, landare-espezie askok beste toki batzuetan bizirik irautea lortu zuten hegaztiei esker, ohiko hedatze-eremutik kanpo.

Informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu esteka hau.

Argazkia: Sylvia_atricapilla_Cornus_sanguinea.jpg

Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla) zuhandorraren (Cornus sanguinea) fruituak jaten. Zuhandorrak fruitu emateko aldi laburra du, udazkenean, txinbo kaskabeltzek hegoaldera migratzen dutenean, eta, beraz, haziak distantzia luzera latitude beroagoetara sakabanatzeko aukera dute (argazkilaria: Luis Ojembarrena).

Nature aldizkariko artikulurako lotura: https://www.nature.com/articles/s41586-021-03665-2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.