2025eko apirilaren 28an, beltzera itzali zen dena eta, hala, ohartu ginen zeinen zaurgarriak garen gure mendekotasun energetikoarekin lotuta.
Hori dela-eta, hainbat arlotan energia-iturri klasikoen alternatibak aurkitzeko egiten ari diren ahaleginek garrantzi berezia hartzen dute.
Sendoa Florez Palacio telekomunikazioetako eta elektronikako irakaslea da, eta bai hidrogenoak eskain ditzakeen aukerak esploratzen ari den ikerketa-arloko zale amorratua ere.
“Lan egiten dudan tokian (Somorrostro Hezkuntza Zentroa) instalazio fotovoltaiko bat egin dugu, eta hidrogenoa sortuko duen elektrolizagailu bat elikatu ahal izateko diseinatu dugu”.
– Zer da elektrolizagailu bat?
Elektrolisia fenomeno teknologiko bat da, eta uraren partikulak oxigenoan eta hidrogenoan disoziatzea ahalbidetzen du. Oxigenoa atmosferara itzultzen dugu, baina hidrogenoa guretzat hartzen dugu, metatu egiten dugu.
– Zertarako?
Oso dentsitate energetiko altua edukitzeko berezitasuna du hidrogenoak, eta erregai moduan erabili ahal izango litzateke, adibidez, hidrogeno bidezko autoak iristen badira azkenean (horretaz ari garela, badaude batzuk jada merkatuan). Edo energia elektriko moduan.
Kontuan izan behar da energia elektrikoa ezin dugula metatu. Sortzen den energia elektrikoa kontsumitu egin behar da.
Haatik, hidrogenoarekin fluido bat sor daiteke, elektrizitate-eskaera oso handia dakarten goieneko une energetikoak dauden momentuetan erantzuna emateko.
– Hala esanda badirudi hidrogenoa arazo askoren irtenbidea izan litekeela. Baina beldur pitin bat ere ematen du. Historiak gogorarazten digu hondamendiak eragiten dituela, adibidez, Hindenburg zepelinaren leherketa. Izan ere, leherketa horrek globo gidatu horien abiazio komertziala amaitzea ekarri zuen.
Bai, egia da. Kezka gehien eragiten duen alderdietako bat hidrogenoaren segurtasuna da, bereziki automobiletan, eta lehertzeko duen ustezko arriskua.
Baina aintzat hartu behar da, beste edozein gas bezala sukoia bada ere, hidrogenoa erraz diluitzen dela airean eta, hortaz, lehertzeko dituen mugak baxuak direla.
Beraz, gezurrak ezeztatzen joan behar da. Adibidez, Hindenburg zepelina lehertu zen ez zegoelako diseinatuta hidrogenoarekin funtzionatzeko, helioarekin baizik. Eta ikusi zen sugar handia, neurri handi batean, aireontzia estaltzen zuen margoaren ondorioa izan zen, substantzia sukoiek osatuta baitzegoen, adibidez, aluminioak eta burdin oxidoak.
– Hidrogenoa sortzeko oinarri gisa ura erabiltzeak ere zalantza eragiten dit, ura ondasun urria baita planetan.
Kalkulatu behar den lehenbiziko alderdia da kilowatt bat sortzeko erabili behar den ur-kantitatea. Agian, ezustekoa hartuko dugu, ez baita izango pentsatzen duguna adina.
– Eta kalkulatuta daukazue?
Bai, noski. Eta esan diezazuket elektrizitatea sortzeko ur kilogramo bat erabiltzen badugu ez dugula gero beste kilogramo bat ur lortuko, berriz jartzeko, baina ez dela alde handirik egongo.
Egia da ez ditugula baliabide hidrikorik gabe utzi behar halako gutxi duten tokiak, logikoki, baina itsasoaren ondoan bagaude, adibidez, eta hortik ura lor badezakegu, destilatu ahal dugu, sor dezakegu eta gero itzul dezakegu.
Dena den, hau garrantzitsua da: ura itzultzea erauzi dugunean zuen kalitate berberarekin. Esate baterako, itsasoko ura bada, berriro ere gazi itzuli beharko dugu, bestela ekosistema apurtzen ariko baikara.
– Itxaron, ura deseraikitzen duzuela eta gero berriro eraikitzen duzuela esaten ari zara?
Bai. Guk erregai-pila izena duen tresneria bat erabiltzen dugu. Urak dituen bi hidrogeno-elektroiak bereizten ditu eta zirkuitu elektriko batetik igaroarazten ditu. Hidrogeno-katioiak mintz batetik igaroko dira, eta mintz horren beste aldean berriro konbinatuko dira zirkuitu elektrikotik datozen elektroiekin. Han, bonbilla bat pizteko edo mikrouhin-labe bat martxan jartzeko eginkizuna betetzen dute.
Beren zeregina bete eta gero, hidrogeno-molekula horiek oxigenoarekin konbinatzen dira berriro eta ur-lurruna osatzen dute. Eta hala ixten da berriro zirkulua, berriro izango dugulako H2O preziatua.
– Horrenbestez, hidrogenoa energia-krisiaren irtenbidea izan daiteke?
Hori asko esatea da. Oraindik asko gelditzen da ikertzeko. Dena den, esan diezazuket hidrogenoa elementu ugariena dela unibertsoan eta dituen aukera energetikoak oso handiak direla. Orain ikertzaileak aztertzen ari direna da nola erauzi aprobetxamendu energetiko hori guztia.
Hidrogenori buruz gehiago jakiteko:
Utzi erantzuna