Posted

Hondakinei buruzko albiste faltsuak ezeztatzen

Informazioaren aro honetan, desinformazioa eritasun larria da. Zenbaitetan, zaila izaten da egiazkoa eta gezurrezkoa denaren artean bereiztea, eta horrek denbora eta energia kentzen dio benetan garrantzitsua denari: mezu argia eta zehatza helaraztea herritarrei. Esku artean dugun kasu honetan, asmoa da helaraztea orain arte egin izan dugunak ez duela balio jada, eta, hortaz, ohiturak eta pentsamoldea aldatu behar ditugula. Hondakinek ez dute zertan zaborrak izan, baizik eta baliabideak izan daitezke, baina hori hala izateko ezinbestekoa da herritar guztion laguntza eta elkarlana. Izan ere, ongi egiteak batzen gaitu eta mesede egiten digu, saihesteko moduko isurpenekin zigortzen jarraitzen dugun planetari on egiten dion moduan.

Iruñerriko Mankomunitatea 2021eko urrian gai organikoak eta gainerakoen frakzioa botatzeko edukiontziak elektronikoki irekitzeko sistema berria ezartzen hasi zenetik eta orain arte, bildutako gai organikoak %14 izatetik %44 izatera igaro gara.   

Nahiz eta hobekuntza nabarmena den, oraindik ere Europako eta Foru Komunitateko legeek ezarritako helburuetatik urrun gaude. Esate baterako, Nafarroako Hondakinen Planak finkatuta dauka 2027rako %70eko helburua. Bere aldetik, Espainiako Hondakinen Legean sartuta dagoen Europako zuzentarauak jasotzen du 2035ean sortzen diren hondakinen %10 baino ezin izango direla isuri zabortegietara, berotegi-efektuko gasen isurpenen iturri nagusietako bat baitira.

Hala ere, erakundeak ez du amore ematen bere ahaleginean eta aurrera jarraitzen du sistema elektronikoa hedatzeko eta haren informazioa emateko kanpaina gauzatzen. Izan ere, gai organikoekin lotutako emaitza onez gain, beste frakzio batzuen bilketetan ere emaitza positiboak ikusten ari baita, besteak beste, ontzien eta paper eta kartoiaren bilketan.

Alabaina, ohiturak eta pentsamoldea aldatzea lortzeko herritarrei kontzientzia harrarazi behar zaien bide honetan, kontraesana dakarten mezuak aurkitzen ditugu, eta horrek ez du laguntzen ez batzuen ez eta besteen lana. Fake news edo albiste faltsuak ugaritu egiten dira eta, zenbaitetan, zaila da egiazkoaren eta gezurrezkoaren artean bereiztea.

Hedatuen dagoen albiste faltsuetako bat da edukiontziak irekitzeko erabiltzen den txartel elektroniko berriak herritarren intimitatea eta pribatutasuna urratzea dakarrela. Txartela helbideari lotuta dago (ez pertsonei, telefonoei edo beste edozein daturi), eta, beraz, ezin dira erlazionatu irekitzeen datuak pertsona fisikoekin. Izan ere, Mankomunitateak zuzenean alderatzen ditu uraren, elektrizitatearen edo gasaren fakturatik ateratakoekin, zeinak, askoz ere zehatzagoak izan arren, inoiz ez diren erabiltzen kudeaketakoak ez diren beste kontu batzuetarako.

Era berean, gezurra da sistema berri honekin jakin daitekeela pertsona edo familia bakoitzak zein hondakin-mota sortzen dituen. Txartelek gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziak zenbatetan irekitzen diren besterik ez dute erregistratzen. Eta era berean da gezurra isuna jarriko zaiela edukiontziak irekitzen ez dituztenei. 

Txartel berriekin lotutako albiste faltsuek ere egiten diote erreferentzia edukiontzia ukitu behar duen erabiltzaileak txartelak erabiltzeagatik eduki dezakeen osasungaiztasun-arazoari. Alde horretatik, Mankomunitateak gogora ekartzen du sarraila jarri zaien edukiontzi guztiei, ireki ahal izateko, pedala jarri zaiela. Hartara, txartela erabiltzen dutenek soil-soilik botoi bat sakatu behar dute sistema aktibatzeko. Eta hori bera egin behar izaten da igogailu batean, txirrina jotzean, atari baten atean edo kalea gurutzatu ahal izatea eskatzeko aukera ematen duten semaforoetan.

Gainera, app bat sortu da (“SIGMA MCP”) eta edukiontzia urrutitik irekitzeko aukera ematen du. Kasu horretan, ez da ukitu behar ez aktibatzeko botoia ez eta sarrailako inolako elementurik ere.

“Sistema berria irizpide teknikoak aintzat hartu gabe aukeratu da”. Informazio hori entzuten da kalean, baina egia dena da Mankomunitateak azterlan batzuk agindu zituela, arrakasta handiena zuten bilketa-sistemak ezagutzeko, eta beste hiri batzuetako esperientziak aztertu zituela, adibidez, Anberes, Ljubljana, Brescia eta Imola hirietakoak, orain Iruñerrian ezartzen ari den sistema bezalakoa baitute eta emaitza onak izaten ari baitira.

“Sistema berriak edukiontzi berri asko erostera behartu du eta horrek kalte ekonomikoa eta ingurumenekoa dakar berekin”. Zabaldu den beste albiste faltsu bat da eta kontraesana dakar, gainera, errealitatearekin. Izan ere, sistema berriak lehendik zeuden edukiontzi guztiak birmoldatu ditu, beren bizitza baliagarriaren amaierara iritsi zirelako ordeztu behar zirenak izan ezik. Azken horiek kendu egin dira eta berreskuratzaile bati bidali zaizkio, plastikoa birzikla dezan.

Eta horiek bezala beste komentario asko daude, inoiz isiltzen ez direnak eta, gainera, ugaritzen doazenak. “Zaborrak IMk bereiz ditzala, guk tasak ordaintzen ditugu-eta”; “Berdin du guk hondakinak bereizteak, IMk denak nahastu eta zabortegira botatzen ditu”; “Hondakinak etxean bereizten baditugu, zabortegian bereizten dituzten pertsonen lanpostuak galduko dira”; “Pertsona bakar batek egiten duenak ez du axola; kutsatzen dutenak enpresak dira”; “Ongi dago tamaina handikoak kalean uztea, hartara, behar dituenak aprobetxa baititzake” (hori gezurra dela ohartzeko post hau irakur dezakezu); eta abar eta abar.

Arazoa ez da halako zurrumurruak edo komentarioak sortzea, baizik eta arreta benetan garrantzitsua denetik desbideratzea: orain arte egin dugunak ez du balio eta aldatu egin behar dugu. Hondakinak baliabideak izan daitezke, baina prozesuan ez galtzeko ezinbestekoa da herritar guztiek laguntzea eta elkarlanean aritzea. Izan ere, ongi egiteak batzen gaitu eta mesede egiten digu, saihesteko moduko isurpenekin zigortzen jarraitzen dugun planetari on egiten dion moduan. Gure esku dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.