Posted

Nafarroako Emausko Trapuketarien 50 urteak

Ekonomia zirkularra, birziklapena, berrerabiltzea, ingurumen-aktibismoa, gizarte-ekintza… Hitz eta termino horiek guztiak existitzen ziren duela berrogeita hamar urte, eta denborarekin esanahi berria hartzen joan dira, zenbait erakunderi esker, besteak beste, Nafarroako Emausko Trapuketariei esker.

- - - - - - - - - - - -

Aurtengo martxoan, Nafarroako Emausko Trapuketariek 50. urtemuga ospatuko dute. Taldea 1972an jaio zen, etxebizitzetan erabiltzen ez ziren objektu guztiak jasotzeko helburuarekin, haiek konpondu eta saltzeko gero. Hartara, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan zeuden pertsonei ere laguntzen zitzaien.

Duela 50 urte lehenbiziko azoka egin zutenean, arrakasta handi-handia izan zen. Alde batetik, jaso eta konpondu zuten jenero guztia saldu zuten, eta, hartara, milioi bat pezeta lortu zuten, dirutza handia garai hartarako. Bestetik, bildutako diru horrek Santa Luzia herrixkan ijito familia bat kokatzeko balio izan zuen, ordura arte Barañainen ozta-ozta bizi zena. Geroztik, Emausko Trapuketariek ez dute eten gizartearen eta ingurumenaren aldeko lana.  

Egun, Nafarroako Emausko Trapuketarien komunitatea ia 300 pertsonak eratzen dute, eta jatorri guztietakoak dira. Eguneroko objektuak berreskuratu eta birziklatzeko lan egiten dute: tamaina handikoen hondakinak, ehun-hondakinak, hondakin elektronikoak eta abar.  

Kasu batzuetan, jada erabiltzen ez ditugun objektu horien bizitza luzatzen dute, konponduta eta salduta ondoren, beste pertsona batzuek erabiltzeko aukera izan dezaten. Hori eginda, ekonomia zirkularra sustatzen dute, konpontzeak energiaren erabilera eta produktu berriak sortzeko lehengaiak erauztea murrizten baitu. 

Beste kasu batzuetan, objektuak birziklatzea aukeratzen da. Emausko Trapuketariek Berriozarren, Nafarroan, duten nabera, helburu horretarako kokatutako edukiontzietara botatzen den eta garbiguneetara eramaten den arropa iristen da. Berriozarren, arropa hori bereizi eta sailkatu egiten da, azoketan salgai jartzeko edo, gaizki badago, trapu edo hari edo ahuntz-ile bihurtzeko, gero jantzi berriak, trapuak, gure autoetarako alfonbrak edo kuxinetarako betegarriak egiteko baliatuko direnak.

Botatzen ditugun tresna elektriko eta elektroniko desberdinak bildu eta sailkatu ere egiten dute Trapuketariek. Haietako gehienak, oraindik erabil daitezkeenak eta erraz konpondu ahal direnak, berriro salgai jartzen dira. Eta konpondu ezin direnak desmuntatu egiten dira eta piezak ateratzen zaizkie, unitate berriak egitean osagai horiek berriro erabili ahal izateko, baina lehengai guztiak berriro erauziko balira baino askoz ere ingurumen-kostu txikiagoarekin.

Altzariak, bizikletak, liburuak, jostailuak… mota guztietako gauzak iristen dira Trapuketarien eskuetara, eta maitasunez berrikusi eta garbitzen dituzte, berriro erabiltzeko, ekonomia zirkularra gauzatuz. Hala, duela 50 urte talde jakin baten bizitzeko eraren oinarria zena, orain planeta klima-larrialditik salbatzeko irtenbide iraunkorretako bat bihurtu da. Ez da ahaztu behar Trapuketarien mugimenduaren oinarrietako batzuk bat datozela Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorrerako Helburuekin: 10. helburua, berdintasunik ezak murriztea; eta 12.a, ekoizpen eta kontsumo arduratsua.

Izan ere, gure egungo ekonomia-ereduak, ekonomia linealak, ekartzen du energia-gastua izugarri igo izana eta klima-aldaketaren eta baliabide-eskasiaren arriskuak hor egotea. Gainera, iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen artean berdintasunik ez sozialak eta ekonomikoak betikotzen laguntzen ari gara. Garrantzitsua da errealitate horiek ezagutzea eta bai mundua nola alda daitekeen jakitea ere.

Horregatik hartzen du garrantzi berezia ingurumen-heziketako programek egiten duten lanak, besteak beste, Mancoeducak (Nafarroan), Lehen Hezkuntzako ikasleekin ekonomia zirkularra jorratzen baita. “Mancoeducan elkarlan estuan aritzen gara Emausko Trapuketariekin, eta Altxor bat nire zaborretan jarduera egiten dugu. Jarduera horretan, bisita egiten da objektuak berreskuratzeko plantara, zenbait pertsonarentzat zaborra dena beste batzuentzat benetako altxorrak izan daitezkeela ikusi eta ohartarazteko. Beste alde batetik, DBHko ikasleekin, Traputzen izeneko jardueran, arropari ematen diogun erabilera esploratzen dugu eta ingurumenean duen inpaktua, egiteko erabili diren materialen edo ekoitzi den lekuaren edo izan diren baldintzen arabera. Gure kontsumo-ohiturak edo gehiago erabili behar ez ditugunean gure jantziekin egiten dugun kudeaketa ere bereziki nabarmentzen ditugun alderdiak dira”, azaldu dute Nafarroako programa horren arduradunek.

Bi jarduera horietan, botatzen ditugun baina erabilgarriak izaten jarraitzen duten objektu horien guztien oso ikuspegi erreala ematen die ikasleei Trapuketarien berreskuratze-plantara bisita egiteak. Baina horiek ez dira egiten diren jarduera bakarrak. Planta horretara bisita birtuala egiteko eta egiten den lana ezagutzeko aukera ere eskaintzen zaie ikastetxeei, DBHrako Trap moda online tailerraren eta Lehen Hezkuntzarako Emausen altxorrak tailerraren bidez. 

Heziketa-komunitatetik kanpo, herritarrek, oro har, fundazio honen zoko eta zirrituak ezagutzeko aukera dute, eta, aldi berean, hondakina baliabide bihurtzeko beharrari buruz hausnartzeko. Hartara, ingurumen-sentsibilizazioa garatu beharreko giltzetako bat bihurtzen da, ohiturak aldarazteko eta kontzientziak pizteko asmoa dagoenean.

Hori dela-eta, eta berriro Nafarroan, doako bisita gidatuak ditugu Berriozarko zentrora larunbatero, goizetan, eta bai azoka bat ere, egoera eta erabilera ezin hobean dauden bigarren eskuko altzariak eta objektuak erosi ahal izateko. Eta hori gutxi balitz bezala, mundua ingurumen-krisitik salbatzea ekar dezaketen ingurumen-ekintzetan sakontzen da 2030 Helburua ihes-jokoan.

Ekonomia zirkularra, birziklapena, berrerabiltzea, ingurumen-aktibismoa, gizarte-ekintza… Hitz eta termino horiek guztiak existitzen ziren duela berrogeita hamar urte, eta denborarekin esanahi berria hartzen joan dira, zenbait erakunderi esker, besteak beste, Nafarroako Emausko Trapuketariei esker.

Gai honi buruzko beste post batzuk:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.