Posted

Ingurumen-aktibismoa klima-aldaketaren aurrean

Txadeko komunitate nomada batean Hindou Oumarou Ibrahim ingurumen-aktibistaren ahotsa altxatu da, aldaketa klimatikoak bere errealitatea nola aldatzen duen ikusten baitu. Lanbidez geografoa da, eskura zituen teknologia, zientzia eta antzinako ezagutzak batu ditu, eta partaidetza-prozesu bat jarri du abian, bere komunitateko kideek 3D mapa eta maketak osa ditzaten, larre, fruta-arbola eta sendabelarrik onenak non dauden adierazteko.
Copyright by World Economic Forum / Valeriano Di Domenico

- - - - - - - - - - - - - - - - -

Urtarrilaren 28an, CO2 Emisioak Murriztearen aldeko Munduko Eguna ospatuko da. Klima-aldaketak ingurumenarentzat eta gizaki guztientzat dakarren arrisku larriaz herritarren artean kontzientzia handiagoa sortzea da haren helburua.

Klima aldaketaren kontua guztion ahotan dabil. Ez da gauza berri bat. Gure planetak horrelako aldaketa jasan behar izan du ziklikoki, bai natur gertakarien ondorioz, bai plaka tektonikoen mugimenduaren ondorioz, etab. Baina azken bolada honetan zientzialariak bat datoz oraingo aldaketa gizakien eraginagatik gertatzen ari dela esatean.

Klima aldaketak mundu osoari eragiten dio, baina, gauza guztiekin gertatzen den bezala, leku batzuetan gehiago sumatzen dira haren ondorioak, beste batzuetan baino. Adibidez, Afrikako Txad herrialdean mbororo artzainak nomadak dira. Urtero hemendik hara mugitzen dira abereentzat bazkalekurik hoberenen bila. Baina, azkeneko urteetan, gorriak ikusten ari dira Txad lakua izugarri murriztu baita, eta horrekin artzain horien ur iturri nagusietako bat.

Artzain horien artean Hindou Oumarou Ibrahim dugu. 1984an jaiotako Ingurumena babestearen aldeko aktibista da, eta geografoa. Emakumeen eta Txadeko Herri Autoktonoen Elkarteko (AFPAT) koordinatzailea da, eta COP21, COP22 eta COP23ko Herri Indigenen Munduko Ekimenaren zuzendarikide gisa jardun zuen.

Gaztetan, ikasten zuen bitartean, eskolan beti bazterturik uzten zuten indigena izateagatik. Baina, halere, kontent zebilen, mbororo emakumeek ez baitzuten batere erraza ikasten aritzea. Horregatik, 15 urte zituela lehen aipatu den AFPAT elkartea sortu zuen. Haren helburua inguruko nesken eta emakumeen eskubideak babestea eta bultzatzea zen. Erakundeak 2005ean lizentzia ofiziala eskuratu zuen, eta geroztik klimari, garapen jasangarriari, biodibertsitateari eta ingurumena babesteari buruzko nazioarteko jardunaldietan parte hartu du anitzetan.

Emakumeak, klima, ingurumena…, zer nahaste-borraste, ezta? Ba, kasu honetan ez, den-dena gauza bera baita. Hindouk ikusi zuen bere kulturan inork ez ziola soldatari begiratzen bizitzari aurre egiteko, euriari, larreari eta abereei baizik. Naturan aurkitzen zuten behar zuten guztia: elikadura, botikak, heziketa, bakea… Baina baliabide horiek urritzen ari zirela ere ikusi zuen. Askotan gizonak behartuak zeuden hirira lan egitera joatera, haien familiek larreek ematen zituzten elikagaiekin nahikorik ez zutelako. Horietako batzuk Europaraino ere etortzen ziren, nahiz eta haien bizitza arriskuan jarri bidean.

Hori dela eta, Hindouk bere eskura zeukan teknologia, zientzia eta antzinako ezaguerak elkartu zituen, eta mapa eta 3Dko maketak egiten hasi zen. Haietan ur putzuak eta iturburuak jarri zituen, fruituak ematen zituzten zuhaitzak, animaliak pasatzen ziren pasabideak, etab.

Baina ez zen horretan gelditu. Mapa horiek egiterakoan, parte hartzeko prozesu bat abian jarri zuen, zonaldeko gizonen eta emakumeen artean leku bakoitzean naturak eskainitako  baliabideak biltzeko, eta guztien artean kudeatzeko. Lan garrantzitsua zen hura. Alde batetik, bertako jendea konturatu zelako zer aberats ziren herrixkak, larreak eta ibaiak; eta, bestetik, emakumeak lehendabiziko lerrora pasa zirelako. Ordura arte, gizonak hizketan zeuden bitartean, emakumeak beti atzean egon behar zuten, erabakiak hartu ezinean. Baina egitasmo horri esker, ahotsa berreskuratu zuten. Gizonek zekitena behin esanda, emakumeek zuzentzen zuten gaizki zegoena, eta haien ekarpenak egiten zituzten: “hemen uzta egiten dut nik, hemen sendabelarrak daude, hemen oso goxoak diren aranak hartzen ditut”…

Gaur egun Hindouk bere ekimenarekin jarraitzen du. Unescon klima aldaketak zekartzan migrazio arazoak adierazi zituen; hamaika artikulu kaleratu ditu klima-aldaketaren aurrean eta Munduko Ekonomia Foroaren Agenda lantzean herri indigenek dituzten eskubideak aitortzearen garrantziaz; etab.

2016an, hautatu zuten gizarte indigena ordezkatzeko Parisko Klima Akordio historikoaren sinaduran, apirilaren 22an. Eta 2019an, Nazio Batuek Garapen Jasangarrirako Helburuen defendatzaile izendatutako 17 pertsonetako bat bihurtu zen.

Klima Aldaketari buruzko Herri Indigenen Nazioarteko Foroko presidentea da, eta taldea ordezkatzen du Desertifikazioa Borrokatzeko Nazio Batuen Konbentzioan eta Justizia Klimatikoaren aldeko Aliantza Panafrikarrean. Gainera, Nazio Batuen Batzorde Politikoko, Herri Indigenen Elkarteko eta Afrikako Herri Indigenen Batzorde Koordinatzaileko kidea da.

Eta ingurumen-aktibista izaten jarraitzen du gehien kezkatzen zaiona lau haizetara hedatzeko: herri indigenek bizi diren lurrak edukitzeko eta administratzeko legezko eskubidea lortzeko garrantzia. Adierazten duenez, legezko eskubide horiek bermatuko dute komunitate indigenak garapen ekonomikoetarako ahalmena izatea, eta petrolioa erauzteko, meatzaritzako eta zentral hidroelektrikoetako proiektuak abiaraztearen ondoriozko joan-etorrien kalterik ez izatea.

Gustukoa izan baduzu post hau, agia interesgarria izango dira beste hauek:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.