Posted

Iruñea eta Iruñerria. handituz zihoan biztanleria bat urez hornitzeko erronka

Ur-hornidura berri bakoitza une magikoa da, mugarria herri baten historian. Duela 125 urte Iruñeak jauzi kualitatiboa egin zuen. Artetako iturburutik ura ekartzen hasteak eta Mendillorriko ur-biltegiak abian jartzeak eguneko 24 orduetan edateko ura izatea ziurtatu zioten egunetik egunera handiagoa zen biztanleria bati. 1895. urtea zen

- - - -

Gaur erronka baten istorioa kontatuko dizuegu. Haren xedea: hirira ura iritsaraztea. Zailtasuna: maximoa.

Iturria ireki eta ura izatea, egun hain ohikoa iruditzen zaigun ekintza hori, denbora askoan pentsaezina izan zen. Putzuak eta ibaia hornidura-iturri nagusiak izaten ziren edozein hiritan. 

Gero, sistema hori ordeztu egin zen, hornidura erregularra eta kalitate hobekoa ematen zuena jarrita. Iruñean 1790etik aurrera izan zen (bai, Frantziako Iraultza hasi berria zenean). Iruñera Subitzako iturburutik iritsi zen ura, egun oraindik ere zutik dagoen Noaingo akueduktuaren bidez. Ubidea oraingo San Ignazio kalean kokatutako ur-biltegi handi batean bukatzen zen, eta handik hiriko iturrietara banatzen zen. Ordura arte, iturriak harresietatik kanpo baino ez zeuden, baina, esan dugun moduan, asmoa ura hiriaren erdiguneraino iristea zen eta, hortaz, bost iturri eraikitzeko agindua eman zen: Errekoleten iturria, Neptuno haurra (egun Kontseiluko plazan), Navarreríakoa, Mari Zuria (lehen Gazteluko plazan eta orain Taconeran) eta Kontseilukoa (orain Gendulaingo jauregiaren barnean). Luis Paret arduratu zen diseinatzeaz, eta bere lanak oraindik ere kontserbatzen dira.

Obra handi hori egin eta handik ehun urtera, hornidura eskasa zen gero eta gehiago hazten ari zen biztanleria batentzat, eta, ondorioz, beste irtenbide bat bilatu behar izan zen. Hartara, Mendillorriko ur-biltegiak eraiki ziren, Artetako iturburutik iristen hasi zen ura hartzeko, Goñibarren kokatuta (12.000 m3). Bueno, egiatan, hasiera batean proiektatu ziren erantzuna emateko iturburu horretatik Iruñeraino urak egiten zuen bidaian haustura gertatzen bazen. Gero, ordea, biltegi moduan hartzen hasi ziren, bi egunean biztanleria hornitzeko. Matxura korapilatsuen kasuan ere, kontsumoa mugatu ahal izango zen eta Mendillorriko ekarpenarekin 15 edo 20 egunean iraun ahal izango zen, gutxienez! 

Horrenbestez, ur-ekartze horrek soberan bermatzen zuen murrizketak eta Subitzako iturburuko ekarpen eskasak ekartzen zituen gainerako eragozpenak amaitzeko Iruñeak behar zuen edateko ura. Izan ere, ordura arte hiriko zeinahi hiritarrek 10-15 litro ur izaten zituen egunean, baina iturburu berriarekin egunean 200 litro ere eduki zitzakeen! Dena den, une horretan oso zaila zen ongi kalkulatzea ur-premia, datu demografiko zehatzak eta, batik bat, uraren erabilerak eta xedeak falta baitziren. Edonola ere, aski baino askiagotzat jo zen 30.000 pertsona inguruko biztanleria bati erantzuteko.   

Inaugurazioa mugarri historikoa izan zen, handikiro ospatu zena. Eta adibide honek ederki erakusten du: Sarasate pasealekuan urmael bat kokatu zen eta herritarrak bertara hurbiltzen ziren, edalontzia eskuetan zutela, handik edateko eta ura dastatzeko asmoarekin. 

Historia del abastecimiento de agua en la Comarca de Pamplona liburuaren irudia. Artetako ura ekartzearen inaugurazioa orduan Valentzia pasealekuko iturrian, 1895eko uztailaren 6an

Ur-biltegiak eraikita, ur-eskasia amaitzeaz gain, edateko uraren kalitate txarrak eragiten zituen prozesu gastrointestinal larriak ere amaitu ziren. Izan ere, garai hartan ura edateak arrisku handia ekar zezakeen. Horrez gain, industria-erabilerarako gero eta handiagoa zen ur-eskaerari ere erantzuna eman nahi zitzaion. Lantegiak hedatzen ari ziren bete-betean!

Hala eta guztiz ere, hobekuntzak garrantzitsuak izan ziren arren, laster sortu ziren herritar guztiek kanilako ura eskuratu ahal izatea eragotzi zuten lehen arazoak. Ekarpen partikularra edukitzea oso garestia zen Iruñeko familientzat, eta laster bihurtu zen bereizketa sozialaren zeinu. Beste alde batetik, arazo teknikoek ezinezko egiten zuten, esate baterako, ura eraikin askotako goiko aldera iristea.  

Oztopo horiei guztiei, sozialak ziren beste batzuk gehitu zitzaizkien. Etxe aberatsetan lan egiten zuten “zerbitzari” askorentzat arazo handia izan zen etxean kanilako ura edukitzea, ondorioz ezin baitziren iturrira joan eta han tarte batean beste batzuekin egon, sozializatu. Horregatik, ez zen harritzekoa, behin baino gehiagotan, etxean kanilako ura bazegoen, neska askok uko egitea hartan lan egiteari. Antza denez, garai hartako bikote- eta lagun-harreman asko iturrian elkartzetik sortzen ziren, eta, hortaz, denak ez zeuden elkartzeko aukera hari uko egiteko prest.  

Historia del abastecimiento de agua en la Comarca de Pamplona liburuaren irudia. Eskuz garbitzea, kanilako urik gabeen la Comarca. Lavado a mano sin agua corriente

Hori hala izanik, kaleko iturriak erabiltzen jarraitu zen eta, gainera, ugaritu egin ziren. 1935ean, adibidez, lehenago aipatu ditugun ornamentuzko iturriak aski ez zirenez eskaerari erantzuteko, “ordainpeko iturri publiko” esaten zieten hamahiru erabiltzen ziren. Haietan, bizilagun guztien artean ordaintzen zen ura, oso prezio merkeetan. 

Ur-eskaera handitzen joan zen biztanleria emendatzen zen neurrian. Hori hala izanik, 1942an, hirugarren ur-biltegia kokatu zen Mendillorrin, 13.000 m3-ko edukiera zuena. Hornidura ere aldatu zen eta hasierako 70 l/s-etatik 150 l/s-etara igaro zen 1936an, 255 l/s-etara 1953an eta 450 l/s-etara 1961ean.  

Egun, ur-biltegi horiek lanean jarraitzen dute, 1942 eta 1975 artean eraiki zituzten beste lau modernoagorekin batera. Denen artean 68 milioi litro ur edukitzen dituzte, Artetako eta Subitzako iturburuetatik eta Eugiko eta Itoizko urtegietatik iristen direnak. Ur-biltegi guztien artean herritarrek beren iturrietatik ur edangarria berme osoarekin edan ahal izatea ahalbidetzen dute. Aspaldi joan ziren kaleko iturria etxeko kanilako ura izatea baino nahiago zen egunak.

Ur-biltegien barnealdea.

Ur-biltegietara bisita birtuala egin ahal izateko, hona hemen lotura hau: (https://navarra360.com/files/mendi_mcp/es/)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.