Posted

Komun-ontziaren saria

Sarritan ahaztu egiten dugu nolakoa izango litzatekeen gure bizimodua komun-ontzirik gertu izango ez bagenu eta era berean ahazten dugu milioika pertsona daudela mundu osoan halakorik ez dutenak. Gates fundazioak kontuan izan du hori guztia eta, hori dela-eta, Goalkeepers saria eman dio Jenifer Colpasi, Tierra Grataren sortzailekide eta zuzendari exekutiboari. Tierra Grata elkarteak, hain zuzen, energia, ura eta saneamendua eramaten ditu, kostu apalean, Kolonbiako urrutiko komunitateetara.

- - - - - - - - - - - - -

2015ean, Kolonbiako biztanleen %90ek eskuragarri zuten edateko ura, baina %10ek, ez. %10 horiek landa-eremuetan bizi ziren. Urte horretan bertan, Bogotá barrutiko herritarren %97,6k komun-ontzia zeukaten, baina Chocóko etxebizitzen %33k baino ez zuten eskuragarri komun-ontzia.  

Orduan, alde horiek ikusita eta murrizteko xedea izanik, esku-hartze sozialean, nazioarteko lankidetzan eta ikerketako mintegietan eskarmentua zuten gazte batzuen taldea eztabaidatzen hasi zen Cartagena de Indiasen (Kolonbia) komunitateek oinarrizko eta etxebizitzako zerbitzuak eskura izatearen urgentziari buruz eta bai nola teknologia sozialek konponbidea erraztu zezaketen.

Eta hala sortu zen Tierra Grata, herrialdeko urrutiko komunitateetara, konponbide deszentralizatu, merke, ez kutsatzaile eta kostu apalekoen bitartez, energia, ura eta saneamendua eramaten aritzen den ekintzailetza soziala. “Esku-hartze sozialeko eredu bat garatu genuen, MISTIGA, barne-lanerako gidaliburu bat, erakundearen barne-esperientzien dokumentazioa hobetu eta pilatzetik sortua. Hiru etapa eta bederatzi fase ditu guztira, eta, egun, erakundearen esku-hartze sozialeko proiektu guztiak kudeatzeko tresna nagusietako bat da”, azaldu dute arduradunek.

Egun, Tierra Grata hiru ekintza-ildotan ari da lanean –energia, ura eta saneamendua–, gauzatzen dituen proiektu desberdinetan. “Gure ustez, «OINARRIZKOA DENONTZAT DA», eta, hori dela-eta, gure programak deialdietarako aplikazioei, funts konkurtsagarriei, gure xede berbera duten beste erakunde edo enpresa batzuekin itunak egiteari, norbanakoen donazioei eta gure erabiltzaileek egindako ordainketen diru-sarrerei esker finantzatzen ditugu.  

Pandemia bete-betean, dena geldiarazi zenean, nazioko eta nazioarteko donazioen kanpainak egin genituen, elkartasun-produktuak saldu genituen, komunitate-jantokiak babestu genituen txikien elikadura bermatzeko, eta instalatzen aritu ginen konfinamendu zorrotzenaren erdian. Hori guztia, komunitateak babesik gabe ez uzteko, eta energia, ura eta saneamendua eskuragarri izango dituzten familien kopurua handitzen joateko”, azaldu du Jenifer Colpasek, erakunde horren sortzailekide eta zuzendari exekutiboak.

Proiektu horiek garatzeko, erakundeak diagnostikoak egiten ditu eta kostu apaleko konponbideak eta eskuragarriak ematen ditu, landa-eremuetako familiek zerbitzuak eskuratu eta muntatzean laguntzeko aukera izan dezaten. “Proiektu bat gauzatzeko aurreneko pausoa da identifikatzea komunitate batek benetan ez duela oinarrizko zerbitzurik edo dituen zerbitzuak ez direla eraginkorrak. Ohartu ginen zenbat eta gehiago aldendu hiri-eremuetatik orduan eta zailagoa zela oinarrizko zerbitzuak eskura izatea. Elektrizitate, ur edo komun-ontzi gutxiago zegoen. Horregatik jarri dugu arreta landa-eremuan”.

Esku hartzeko modu horri esker, denbora honetan, 10.000 erabiltzailerengana baino gehiagorengana iristea lortu du, Caribe eskualde osoan, non programa horiek inplementatu dituen. Komun lehorrak –40 minutuan muntatzen den egitura modular bat– ez du urik behar erabiltzeko, eta, beraz, gorozkiak ongarri bihurtzeko aukera ematen du eta dutxa bat izaten du. Konponbide honek 900 dolar balio du batez beste (760 euro), eta haien %30 onuradunen konturakoak izaten dira.

“2020an, adibidez, hamalau jarduera antolatu genituen, guztira, 561 konponbide berri kokatzeko. Aurten, jada bikoiztu dugu kopuru hori eta hasieran egitea pentsatuko ez genuen lekuetara iristea lortu dugu, esate baterako, La Guajirara eta iristen zailak diren eremu batzuetara Bolívarren, Magdalenan eta Atlánticon.

Eta hori guztia, hainbat aliaturen babesarekin, adibidez, NBGP Nazio Batuen Garapen Programarena eta Garapenerako Banku Interamerikarrarena.

Proiektuak hiru fasetan garatzen dira:

“AURRE-INSTALAZIOAN, azterketaren, batzarraren eta inkestaren hasierako faseak ditugu, eta, oro har, komunitatearen testuingurua hobeki ulertzeko eta ezaugarri nagusiak identifikatzeko tresnak dira, proiektua hurrengo etapan gauzatzea xeheago planeatzeko bidea emango dutenak.

INSTALAZIOAREN etapan, elkarrekin sortzeko, gaitzeko eta gauzatzeko faseak ditugu. Tierra Grataren esku-hartze sozialeko ereduaren etapa honetan ikusten dira, hain zuzen, emaitzak modu tazituan, eta barne hartzen du komunitateetako kideen parte-hartze aktiboa.

Azkenik, INSTALAZIO ONDORENGO etapan, galdetzeko, batzarra egiteko eta emaitzak aztertzeko amaierako prozesuak daude. Azken batean, proiektua amaitzea dakarte, eta helburua da egindako lanaren inpaktua neurtzea, arrakasta izan duen edo ez ikusteko, komunitatean sozializatzeko, atzeraelikadura edo feedback eraginkorra jasotzeko eta emaitzak ikusgai egiteko barneko eta kanpoko publikoari.

Gainera, gure zerbitzuekin batera, esku-hartze sozialeko programa bat egiten dugu, komunitateen barnean gaitasunak sortzeko helburua duena. Horregatik nabarmentzen dugu Zaindarien gure programaren garrantzia. Zaindariena komunitateen barneko batzorde kudeatzaile bat da, eta kokatutako konponbideen jarraipena eta konponketa egiteko ardura duen talde teknikoa bihurtzen da”.

Duela gutxi, Gates fundazioak aitortza egin die Colpasi eta haren taldeari, Goalkeepers Global Goals saria emanda, edateko ura eta saneamendua eskura izatea hobetzeko egindako lanarengatik. Zehazki, Garapen Iraunkorrerako Helburuetan seigarrena da hori, eta horiek dira sariaren ardatzak.

“Gai hauek ikusgai egiteko bidea ematen digu sari honek –azaldu du Jeniferrek–. Komuna edukitzea funtsezkoa da, batez ere emakumeentzat, eta, horrenbestez, poz ikaragarria sentitzen dugu behar duenari lagundu ahal izatean”.

Izan ere, hori da Gates fundazioak gehien baloratu duena erabakia hartzean: “Hau urgentziazko gaia da herrialderako. Izan ere, 4,9 milioi pertsonak ez dute eskura komun txukunik, eta 1,4 milioi pertsonak ez dute eskura ez komun garbirik ez eta urik ere”.

Eta izan ere, mendebaldean, sarritan ahaztu egiten dugu nolakoa izango litzatekeen gure bizimodua komun-ontzirik gertu izango ez bagenu, eta era berean ahazten dugu milioika pertsona daudela mundu osoan halakorik ez dutenak.

Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bideo hau ikus dezakezu:

*Proiektuetako batzuk:

Energia, Grata, 2021eko adibide batzuk:

Tierra Gratak eguzki-energia eraman die La Guajirako familia indigenei: https://tierragrata.org/tierra-grata-lleva-energia-solar-a-familias-indigenas-de-la-guajira

Samyren ibilaldia: kilometro eta erdi telefono bat kargatzeko: https://tierragrata.org/la-travesia-de-samy-kilometro-y-medio-para-cargar-un-telefono

Energia eskuratzeak utopia izateari utzi dio Montes de María azpi-eskualdean: https://tierragrata.org/acceder-a-energia-deja-de-ser-una-utopia-en-los-montes-de-maria

Ura, Grata, 2021eko adibide batzuk:

Recon eta TIKArekin batera, ur segurua eraman dugu Bolívarko landa-eremuetara: https://tierragrata.org/junto-a-recon-y-tika-llevamos-agua-segura-a-zonas-rurales-de-bolivar-2

Atlánticoko nekazari-familiek ur segurua izango dute eskura: https://tierragrata.org/familias-campesinas-del-atlantico-podran-acceder-a-agua-segura

Higienea, Grata, 2021eko adibide batzuk:

Tierra Gratak komun lehorrak kokatu ditu Guajira garaian, hezkuntza hobetzeko: https://tierragrata.org/tierra-grata-instala-banos-secos-para-mejorar-la-educacion-en-la-alta-guajira

La Guajirako beste hiru komunitatek eskuratu zituzten komunak Tierra Gratari esker: https://tierragrata.org/tres-nuevas-comunidades-de-la-guajira-accedieron-a-banos-gracias-a-tierra-grata

Tierra Gratak komun ekologikoak kokatu ditu Corraliton: https://tierragrata.org/tierra-grata-instala-banos-ecologicos-en-corralito

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.