Posted

Lege berria, landako zentzumen-ondarea babesteko

Zenbaitetan, turisten eta landako bizimoduen arteko bizikidetza arazotsua izaten da. Oilarrak kukurrukuka aritzen direlako edo kanpaiek gaueko isiltasuna eteten dutelako auziak errepikatzen dira. Orain, Frantziako Parlamentuak lege bat onartu du landako zentzumen-ondarea zaintzeko, eta bertan jasota dago bai usainak eta bai soinuak ere berezko dituztela herriek, herrietan paisaiak ere berezkoak diren moduan.

- - - - - - -

Duela urte bat, Nel Cañedo Asturiasko artzain eta youtuberrak bere bideoetako bat birala izatea lortu zuen, landako turismoari buruzko gogoeta batekin. Landa-hotel baten jabeak jarritako salaketa baten ondoriozko gogoeta izan zen, hain zuzen; jabe hori kexatu egiten baitzen hoteletik gertu dagoen etxalde bateko oilo eta oilarrek bezeroak eragozten zituztelako, ordu txarretan jotzen zutelako. “Zer ordu dira horiek, adiskideok? –erantzun zuen artzainak-. Izan ere, ordu txarra niretzat goizaldeko hirurak dira, maizterrak lorategian daudenean txunda, txunda, txunda entzuten; baina oilasko batek goizeko seietan edo zapietan kukurruku egitea normala da. Zertarako etortzen zarete orduan herrira? Landako turismoa egitera. Eta gainera “landako” esaten diozue!”.

Kanpaiak eta beren hotsa ere kexa eta auzien protagonistak izan dira. Esate baterako, Gironan, hotel baten jabeek udalera jo zuten, hark neurriak har zitzan eta gauez kanpaiek egiten zuten zarata geldiaraz zezan, hotel horretako maizterren atsedena asaldatzen zuelako.

Landako bizimoduen eta biztanleen (gehienak hiri-esparruetatik iritsiak) edo bisitarien arteko bizikidetza-arazo hauek gure mugen barnean eta haietatik kanpo errepikatzen dira. Joan den maiatzean, esate baterako, Frantziako Ardèche departamenduko biztanle batek bizilagunaren oilarra hil zuen, egunsentian egiten zuen kukurrukuak gogaitzen zuelako. Eta Oléron uharteko herritarrek (hori ere Frantzian) ere auzitegietara eraman zuten Maurice oilarra, goizetan jotzeagatik.

Horrek guztiak ekarri du Frantziako Parlamentuak lege bat onartzea aho batez, “herrietako zentzumen-ondarea” babesteko. Hartara, lege horri esker, landako lurraldeak, paisaiatzat jotzeaz gain, lurralde horien ondarearen barnean dauden usainen eta soinuen multzotzat ere hartzen dira. Lege-testuak otsailaren hasieran hartuko du indarra, eta oinarri juridikoa izango da, beren bitartekotza-lana beharrezkoa denean tokiko agintariek baliatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.