Posted

Legezko babesa iheslari klimatikoentzat?

Egun, hutsunea dago legean, klimaren ondoriozko iheslariak babesteko orduan, hau da, itsasoaren maila handitzeak, lurralderen bat basamortu bihurtzen joateak edo lehorteak eragiten dien eta beren etxetik joatera behartuta dauden pertsonak. Klimaren ondoriozko migrazioak errealitatea dira, eta emendatzen doaz. Zenbait herrialde lehenbiziko pausoak ematen ari dira, legezko babesa emateko.
Imagen de Gerd Altmann en Pixabay

- - - - - -

Nahiz eta klima-aldaketaz hitz egiten dugun guztietan burura datorkigun lehena isurpenak, kutsadura, berotegi-efektua, bero-boladak, urakanak, hondamendi klimatologikoak edo poloak urtzen joatea den, ezin dugu ahaztu aldaketari datxekion giza faktorea. Izan ere, egia bada ere gizakia dela klima-aldaketaren arduraduna, era berean da egia biktima ere badela. Are gehiago, argi dago planetak iraungo duela gure ekintzak gorabehera, ez, ordea, gure espezieak.

Klima-aldaketa berekin ekartzen ari den ondorioen artean, iheslari klimatikoen migrazio-mugimenduak daude. Itsasoaren maila handitzeak, lurralderen bat basamortu bihurtzen joateak edo lehorteak eragiten dien eta beren etxetik joatera behartuta dauden pertsonak dira, hain zuzen.  

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera (UNHCR), 2050 aldera, 50 eta 200 milioi pertsona artean izango dira beren etxeetatik ihes egin beharko dutenak klima-aldaketaren ondorioz. Batzuk beren herrialdearen barnean geldituko dira, besteak beste, Luisianaren hegoaldean dagoen uharte bateko biztanleak, AEBetan, estatuko lurralde garaietan ari baitira kokatzen. Baina beste askok mugak gurutzatzea beste erremediorik ez dute izango.

Egun, pertsona horiek babestuko dituen hutsunea dago legean. Izan ere, 1951ko Genevako Konbentzioak, Iheslarien Estatutuari buruzkoak, jazarpenetik, gerratik edo indarkeriatik ihes egiten dutenak babesten ditu, baina kanpoan uzten ditu ingurumen-arrazoiengatiko desplazatuak edo immigranteak. Izan ere, nahiz eta zenbaitetan arrazoiak begien bistakoak eta objektiboak diren (berariazko hondamendiak), gehien-gehienetan migrazio-mugimenduak motelagoak diren aldaketen ondoriozkoak izaten dira, hala nola itsasoaren maila handitzen joatea edo lurralde bat basamortu bihurtzen joatea, eta haiek sarritan estu lotuta daude pobreziarekin, tokiko krisi ekonomikoekin edo testuinguru politiko nazionalekin. Eta horrek guztiak zaildu egiten du sailkatzea.

2020ko urtarrilean, ordea, Zeelanda Berria bere araudian klima-aldaketaren ondoriozko iheslariaren estatusa kontuan hartu zuen lehen herrialdea izan zen, “iheslari klimatikoak” beren jatorrizko herrialdera itzultzera behartzea legez kanpokoa zela zehaztu eta erabaki zuenean.

Arrazoia izan zen Ioane Teitiotak –Kiribatiko herritarra eta Zeelanda Berrira joana– “iheslari klimatikoa” izatea eskatu izana. Izan ere, argudiatu zuen itsasoaren maila handitu izanak bere jatorrizko herrian “bizi ahal izateko lekua urria izatea eragin zuela, eta horrek, era berean, liskar bortitzak ekarri zituela lurrarengatik”. Horren ondorioz, alegatu zuen bere bizitza arriskuan zegoela. Epaiketaren ondoren emandako epaiak jaso zuen estatuek giza eskubideen arloko betebeharrak urratuko dituztela krisi klimatikoak eragindako arriskura itzultzen badute inor.  

Erabakia ez zen bete beharrekoa, baina jarraitu beharreko eredu moduan erabili ahal izango litzatekeen bidea adierazten zuen, bai auzitegi nazionaletan eta bai eztabaida publikoan ere.

Eta, jakina, bere oihartzuna izan zuen. 2020ko abenduan, Bordeleko Apelazio Auzitegiak baliogabetu egin zuen jatorriz Bangladeshkoa zen pertsona batek Frantziako lurraldea utzi behar izateko betebeharra. Osasun-arazo larriak zituen eta arnas gutxiegitasuna, bere jatorrizko lekuan airearen kalitate txarrak eraginda. Alderdi medikoak aintzat hartzeaz gain, auzitegiak kontuan hartu zituen Bangladeshen klima-baldintzak, asiloa eskatu zuen pertsonak, itzultzen bazen, osasuna larritzeko arriskua eta heriotza goiztiarra izateko arriskua zuela adierazi baitzuen. 

Hori izan zen mota honetako kasu batean epai judizial batek klima-errealitatea arrazoitzat aipatu zuen lehen aldia.   

Eta dena aintzat hartuta, pentsatzekoa da ez dela azken aldia izango. Migrazio klimatikoak errealitatea dira, emendatzen doaz eta legezko babesa behar dute. Ikusten denez, herrialde batzuk lehenengo pausoak ematen ari dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.