Mancoeduca sentsibilizaziorako heziketa-programaren helburu eta balioetako bat da iraunkortasuneranzko bidean heziketa-komunitateari lagun egitea. Hogeita hamar urtean baino gehiagoan ikaskuntzak partekatu ditu irakasleekin eta eskola-komunitatearekin mintegietan eta lantaldeetan ingurumen-gaiei buruz (konpostajea, eskolan hondakinak kudeatzea eta abar) eta buru-belarri aritu da ingurumen-sentsibilizazioa errotu eta sartzeko adin desberdinetako ikasleen artean.
Baina 2020 honek ekarri du lehen baliozkoa zenak gauetik goizera halako izateari uztea. Egoera berriek heziketa-eredua berrasmatzera behartu gaituzte. Horren ondorioz, Mancoeducan jauzia egin dugu arlo digitalera eta jolas-estrategiak garatu dira etengabe, edukiak erakargarriak izatea eragiteko eta jardueretan parte hartzen duten pertsonengan ikaskuntza esanguratsuak lortzeko.
Eta jardutea ezinbestekoa zen lehenbiziko une horien ondoren, orain hausnartzeko unea iritsi da, jolas-teknikak eta -dinamikak ikaskuntza- eta heziketa-prozesuetan aplikatzearen gainean hausnartzekoa.
Eta hori egiteko, heziketa-programak parte hartzen duten alde guztien laguntza eduki nahi du. Horregatik antolatu du zenbait adituk parte hartuko duten web-mintegi (ikusi bideoa) batzuen zikloa: “El juego y la educación en tiempos revueltos” (Jolasa eta heziketa garai nahasietan).
Aditu horien artean dago Norberto Cuartero. Cuartero lizentziaduna da psikopedagogian, eta hezkuntza bereziko eta atzerriko hizkuntzako maisua. Egun, eskolak ematen aritzen da Zaragozako Colegio Teresiano del Pilar ikastetxean eta UNIR unibertsitateko Gaitasun Digitalak irakasgaian. Bere egunerokoan, jolasa aplikatzen du ikasgelan, Flipped Classroom ereduan oinarritzen da eta gamifikazioa erabiltzen du bere ikasleen inplikazio handiena lortzeko. Bere proiektu gamifikatua garatzeko gehien baliatzen duen plataformetako bat Genially da, eta, gainera, haren mandataria da.
Horrenbestez, ez da harritzekoa bere azalpena jolastearen eta jolasaren garrantziaren gainekoa izatea: “Heziketa-ingurunean jartzen dut arreta, hezteko jolastean. Dituen abantailak lantzen ditut, eta ikusten dut nola eraldatu, Jolasean Oinarritutako Ikaskuntza metodologia edukitzeko”.
Ikus-entzuleek metodologia horren izaera ongi ulertzeko, Norberto hainbat alderditan gelditzen da: jolasaren erabilera, sortu zen moduan; bere osagaien erabilera; haien aldaketa; jolasaren egokitzapenak; eta jolas digitalaren bertsioa.
“Niretzat garrantzitsua da nabarmentzea jolasari esker parte-hartzaileak askoz ere motibatuago daudela eta galtzea (okertzea) onartuta dagoen testuinguru baten pean ikasten dutela”.
Irakasleen komunitatean jolasaren sena esnarazteko xedea izanda beti, heziketaren arlorako berariaz sortutako jolasak esploratzen ditu, dauden jolasak erabili eta egokitzen erakusten du, haien elementu batzuk erabiltzen ditu irakaskuntzaren alderdi zehatzetan eta tresna digitalak baliatzen ditu edozein eduki didaktiko jolas bihurtzeko.
Motibazioa, dibertimendua, ikaskuntza… Dena giltzarria da heziketan, eta, are gehiago, jolasean oinarrituta dagoen eta gure egunerokoan nagusitzen doala dirudien heziketa batean. Izan ere, garai berriek metodologia berriak ekartzen dituzte berekin. Orain, letra jolasten sartzen da.
Utzi erantzuna