Posted

Liburu libreak edo letrak eskultura bihurtzen direnean

Liburuak ez dira betiereko egoten ez liburu-dendetako ez eta argitaletxeetako apalategietan. Katalogotik kanpo egotera igarotzen dira eta bai halako beldurra eragiten duen garbitzeko prozedurara ere, edo bestela esanda, kentzeko edo, are gehiago, suntsitzeko gertu dauden aleak hautatzera. “Liburu libreak” erakusketak ahanzturatik salbatu ditu liburu horietako zenbait eta eskultura txiki bihurtu ditu. Hartara, haietako istorioak, pertsonaiak eta paisaiak biziberritu egin dira, ikus-entzuleengana iritsi dira eta literaturari eta, oro har, arteari berezkoa zaion magian bildu dituzte.

- - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Pandemiak kalte handiena egindakoetako bat sormena izan dela esaten dugunean, bat-bateko hizketaldietatik, ustekabeko topaketetatik eta abar sortzen diren ideia horiez, proiektu horiez ari gara, batez ere. Azken batean, osasun-krisiak ebatsi dizkigun harreman horiez.

Hizketaldi horietako baten jaio zen, hain zuzen, “Liburu libreak” egitasmoa, Blanca Esther Iriartek –Burlatako Haur Liburutegiko liburuzaina (Nafarroa)– Kontxesi Vicente Isiegaseri –erakusketa honen sustatzailea– garbitzeko zituen liburu-bilduma batzuk eskaini zizkionean abiatu zen sortze-prozesua. Asmoa: zerbait artistikoa sortzea. “Maiz joaten naiz liburutegira –azaldu du Kontxesik–, bi alabekin. Han ezagutu nuen Blanca, eta han hasi ginen artearekiko eta liburuekiko gogo bizia partekatzen. Katalogotik kanpo zituen bilduma batzuk gainetik irakurtzea proposatu zidanean, interesgarria iruditu zitzaidan proposamen ireki bat egitea, non eleberriko istorioak liburua objektu artistiko bihurtzera gonbidatuko gintuen, sortzaile bakoitzaren ikuspuntutik”.

Hartara, bi aldiz pentsatu gabe, zenbait artistarekin harremanetan jarri zen: Itziar Alforja, Fernanda Álvarez, Eva Morant, J.M. Ascunce, Lola Azparren, Puri Bermejo, Irene Cabañas, Blas Campos, La Chincheta Bruna (Sonia Ilzarbe eta Eneko Pérez), Alba García González, Txema Goldaratz, Raquel Inglés, Josan López de Pariza, Gonzalo Nicuesa, Alicia Otaegui, Paco Polán, Marijose Recalde, Fabiola Ruiz, Juan Sukilbide, Elur Ulibarrena, Hector Urra eta Lourdes Urricelqui. Denek “hartu zuten proposamena jakin-minez eta gogo handiz, proposamen desberdina baitzen. Bakar bat ere ez zen ezezaguna, modu batera edo bestera topo eginak baikinen nire ibilbide artistikoan: Ziudadelako aretoetan erakusketak egiten, Nafarroako Museoan, kultura-etxeetan, arte-arloko ikastaroak egiten Uharteko Arte Garaikideko Zentroan… Baten bat, gainera, nire ikaslea izana zen, gero prestakuntza hartzen, erakusketak egiten eta ikastaroak ematen jarraitu duena”.

Emaitza erakusketa paregabea izan da (Atarrabiako Pilategian, urtarrilaren 10a arte), eta bertan artista bakoitza gazte-literaturako izenburu handietan oinarritu da. “Eskulturak, argazkiak, pop up, mugimendua, itzalak, metaforak, erliebeak… ikusi ahal izango ditugu. Erakusketak Julio Verneren bidaia ezinezkoetan biltzen gaitu, Homeroren lanean, zenbait emakumeren biografiatan, besteak beste, Marie Curie edo Maria Antonietarenean. Lan bakoitzak interes berezi bat du; izan ere, artista bakoitzaren aukera berez izan da interesgarria. Aukeratzeko gutxiago zuten haiek ere aurkitu ahal izan zuten zukua ateratzeko zerbait”, adierazi du Bizentek. 

Atsegin hutsaz gain, bildumak zenbait helburu ditu. Haietako bat da literatura-lanari beste modu batera irudikatua izateko aukera bat ematea, idatziz irudikatua izateko moduaz gain. Beste bat da bisitariek eleberriak ezagutzea eta txikiei istorio ezagun horien berri ematea, orain objektu artistiko moduan ikus daitezkeenak, bilbea beste modu batera kontatzen digun objektu moduan. Eta azkenik, mikro-objektuari buruz, liburuari buruz, ikuspegiak zabaltzea eta multzoa aberastea, erakusketaren izaera kolektiboari esker.

Erakusketa hau, beraz, irakurtzeko, pertsonaiak, animaliak, lekuak, egoerak eta giro bereziak irudikatzeko gonbita da; literaturaren eta beste arte-adierazpen batzuen artean elkarrizketa sortzeko gonbita.  

Izan ere, liburuetako bakoitzaren gainean egindako esperimentazio artistikoak eskultura, liburu-objektu, pop up book, argazki… bihurtu ditu, beste aukera bat eta bizitza berria emanez, kasu askotan, ahanzturatik salbatuta.

Nor da Kontxesi Vicente Isiegas?

Sortzailea naiz eta bai irakaslea ere, grabatu- eta litografia-tailerretan, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan.

Nire ibilbide profesionalean, ikasleen zenbait erakusketa bultzatu ditut, eta bai artisten liburu kolektibo batzuk argitaratzea ere.  

Bakarka egin nuen azken erakusketa “Ibilbideak” izan zen. Erakusketa ibiltaria izan zen, eta kokatzeko aukeratutako erakusketa-lekuetako bat Erriberriko gaztelua izan zen. Horrez gain, komisarioa izan naiz erakusketa batzuetan, adibidez, MAV erakusketan (Emakumeak Arte Bisualetan), Arte Eskolako aretoan. 

Intro Comunicación enpresako eta Iruñerriko Mankomunitateko langileei babesa eman izana eskertu nahi diet, erakusketa honen alde egin baitzuten, izen-zerrenda bat eta garatu beharreko proiektu bat besterik ez nuenean. Berehala izan zuten konfiantza eta aukerak ikusi zituzten.

Eta, era berean, esker ona adierazi nahi diet erakusketa hau gauzatzeko bidea eman duten artistei. Eskerrik asko, xehetasun bakoitza halako arretarekin zaintzeagatik muntatze-, diseinu- eta publizitate-taldean.  

Mila esker, artearen alde egiteagatik. Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.