Posted

Material berriak garai berrietarako

Diseinuaren munduan iraultza gertatzen ari da. Besteak beste, modaren, arkitekturaren eta interiorismoaren profesionalak material berrien bila dabiltza, beren sorkariak egiteko. Ekonomia zirkularraren premisei erantzuten dieten eta ingurumenarekin bakezkoak egiteko bidea ematen diguten material iraunkorren bila, hain zuzen.

- - - - - -

Zerbait ari da mugitzen diseinuaren arloan. Eta ez, ez gara ari modaz, gelditzeko etorri den eta sakonagoa den zerbaiti buruz baizik. Planetarekin eta ingurumenarekin bakezkoak egiteko aukera emango diguten material berrien bilaketaz ari gara.  

Adibideak asko dira. Algekin edo sagar-hondarrekin egindako larruak, pinu-orratzak maneiatzetik lortutako ehun-zuntzak, te- eta azukre-zapatilak, artaburutik ateratako kontratxapatuak…  

Eta bilaketa horretan egiten ari den bidea ezagutzeko erreferenteetako bat bilakatu da Madril.

Esate baterako, otsailaren 9a eta martxoaren 14a artean, Teatro Fernán Gómez antzokian Madrid Desing Festival (MDF2021) egiten ari dira. Aurten, bere leitmotivak honetan jarri du arreta: nola lagundu diezagukeen diseinuak mundua berreraikitzen. Zenbait jarduera, erakusketa eta solasaldiren bidez, gogoeta eragingo dute publikoan, materialen erabilera arduratsuak, iraunkortasunak eta tratamenduek ingurumenarekiko errespetu handiagoarekin jokatzen nola lagundu diezaguketen jakiteko.  

Esparru horretan gauzatzen diren erakusketen artean, “Nuevos materiales para una economía circular” izenekoa dago (Material berriak ekonomia zirkular baterako), diseinuzko altzarien fabrikatzaile Andreu Worldena. Hartara, erakusketa horretan, ekonomia zirkularraren kanonak eta gidalerroak errespetatzen dituzten material iraunkor propioekin egindako piezak daude ikusgai. Enpresa horrek helburu hartu du 2030erako ezaugarri horietako produktuekin katalogo oso bat osatzea, eta horretarako inbertsio handia ari da egiten i+g+b sailean. 

Beste alde batetik, otsailaren 11 eta maiatzaren 9a artean, Madrilgo Centro-Centro aretoan “Materia Gris” erakutsiko da, diseinuaren arloan agertzen doazen material berrien bilduma bat. Hain zuzen, material horien ikerketan ingeniaritzako, arkitekturako, biologiako, botanikako eta abarretako profesionalek parte hartzen dute. Jatorri biodegradagarriko “biomaterialekin” egindako 40 lan inguru.   

Horrez gain, erakusketa hori material berrien artxibo batek osatzen du. Bartzelonako Elisava eskolako Master in Design Through New Materials masterretik datozen material berriak dira, hain zuzen. “Clint, lehorgailuetako ehun-hondakinetatik ateratako material berria” (klikatu hemen) argitalpenean azaldu genuen moduan, zentro hori espezialista da material berriak aztertzen.

Hori guztia ez da gai berria eta ez da blog honetan jorratzen dugun lehen aldia. Aurrekoetan, moda-diseinuan nagusitzen ari ziren ehun berriak aurkezten genituen, ehun-hondakinak gutxitzeko ikasleen ekimenak eta birziklapenaren alde egiten zuten diseinatzaileen eskarmentua, besteak beste.

Argi dago bakarka hartzen ditugun erabakiek eragin globala dutela eta ekologia sistema ekonomiko iraunkor baten oinarria izan daitekeela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.