Posted

Metamorfosi, Europako herri klimigratzailea

Azken tanta hotzaren eraginak jasan eta gero, Metamorfosik, Greziako Tesalia eskualdeko herri txiki batek, erreferendum baterako deia egin zuen, kokaleku seguruago batera lekualdatu behar ote zuten erabakitzeko. Eta emaitza baiezko nabarmena izan zen. Obrak hasi dira, eta aurreikusten dute kokaleku berrirako lekualdaketa bi urteren buruan egitea. Orduan, Metamorfosiko biztanleak Europako lehen klimigratzaileak edo migratzaile klimatikoak izango dira.

- - - - - - - - -

Azken tanta hotzaren eraginak jasan eta gero, Metamorfosik, Greziako Tesalia eskualdeko herri txiki batek, erreferendum baterako deia egin zuen, kokaleku seguruago batera lekualdatu behar ote zuten erabakitzeko. Eta emaitza baiezko nabarmena izan zen.

Obrak hasi dira, eta aurreikusten dute kokaleku berrirako lekualdaketa bi urteren buruan egitea. Orduan, Metamorfosiko biztanleak Europako lehen klimigratzaileak edo migratzaile klimatikoak izango dira.

2023ko irailaren 7an, hamar minutu eskasean, ura Metamorfosiko etxeetako sarrailetaraino iritsi zen, Greziako Tesalia eskualdeko herri txiki horretan.

Iragarpenek ez zuten huts egin, eta Daniel ekaitzak ekarri zuen bi egunetan Ingalaterran urte osoan erortzen den euri-kantitate berbera erortzea. Ondorioz, bi pertsona hil ziren eta kalte materialen balioa lau milioi eurotik gorakoa izan zen.

Ez zen lehenbiziko aldia izan, gainera. Izan ere, 1953an, 1994an eta 2000n inguru horretan uraren indar suntsitzailea pairatu behar izan zuten.

Kotoi-labore galduak, etxe suntsituak, porrot egindako negozioak eta, betiere, berriro gertatu ahal izateko mehatxua. Klima-aldaketa lurraldea hondatzen duten muturreko fenomeno klimatologikoak eragiten ari da.

Egoera honen aurrean, Metamorfosiko biztanleek neurriak hartu behar zituztela jakin zuten eta, azken hondamendia igaro eta handik bi hilabetera, erreferendum baterako deia egin zuten, herria kokaleku seguruago batera lekualdatu behar ote zen erabakitze aldera.

Eta emaitza baiezko nabarmena izan zen.

Hori bai, herritarrek eskatu zuten kokaleku berri hori gertu egoteko, nekazaritzako ondasunei, beren bizimoduari eta kultura-identitateari eutsi ahal izateko.

Obrak hasi dira jada. Herri berria egungotik sei kilometrotara egongo da, Palamas udalerrian, han ez baitago ez uholde- ez eta lurrikara-arriskurik ere.

Aurreikusten dute lekualdaketa bi urteren buruan egin ahal izatea. Eta orduan, Metamorfosiko biztanleak Europako lehen klimigratzaileak edo migratzaile klimatikoak izango dira.

Azkenak izango al dira? Metamorfosiren kasuak eztabaida handia eragin du mundu mailan, klima-aldaketa arintzeko eta komunitate zaurgarrienei haren ondorioetara egokitzen laguntzeko urgentziazko neurriak hartzeko premiaren gainean.

Izan ere, badirudi klima-migrazioa fenomeno gero eta ohikoagoa izango dela aurrerantzean, klima-aldaketak muturreko ekintzak sendotzen dituen neurrian, besteak beste, lehorteak, uholdeak eta itsasoaren maila goratzea.

Klimigranteei buruzko gaiak interesatzen bazaizkizu, horra hor post bat:

Legezko babesa iheslari klimatikoentzat?

*Iturriak:

https://www.rtve.es/noticias/20240529/metamorfosi-pueblo-griego-voto-cambiar-lugar-culpa-cambio-climatico/16063410.shtml

https://www.cadena3.com/noticia/la-mesa-de-cafe/metamorfosi-el-primer-pueblo-europeo-en-mudarse-por-el-clima_389530

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.