Peio Oria Iriarte AEMET Estatuko Meteorologia Agentziak Nafarroan duen lurralde-ordezkaria da. Berarekin hitz egin dugu, Foru Komunitatean ikusten ari garena azaldu diezagun: aurrekaririk gabeko uholdeak eta prezipitazioak neguan, lehorteak eta ikaragarri beroak diren tenperaturak udan…
- Hau uda aurtengoa, ezta? Zaharrenek esaten dute ez duela inoiz halako berorik egin hainbeste egun jarraietan. Zuzen dabiltza?
Arrazoia dute neurri handi batean. Azken mendean, beste bero-gertaera handi batzuk egon dira Nafarroan, adibidez, 1982ko sanferminetan. Baina aurtengo udakoa erabat historikoa izan da. Izan ere, ekaineko bero-boladako bi egun eta uztaileko bero-boladako hiru Nafarroa osoko azken 50 urteetako 10 egun beroenen artean daude. Sute handien gauean tenperatura ez zen 26 gradutatik jaitsi Iruñean, eta, beharbada, gaurik beroena izango zen XIX. mendearen amaieraz geroztik.
Kantauri isurialdean ere etengabeko beroak izan dituzte. Lesakan 44 gradutara heldu ziren ekaineko bero-boladan, eta Etxalarren eta Iruritan, 43,5 gradutara, uztailekoan.
Esango nuke intentsitate horretako bi gertaera, independenteak (nahiz eta nolabaiteko korrelazioarekin) eta soil-soilik hilabeteko tartearekin, edozein estatistika klimatologiko “klasikotatik” kanpo gelditzen direla.
Nafarroan, halako uda baten aurrekari bakarra dago, 2003koa, non abuztuko lehen hamabostaldia oso beroa izan zen eta 14 egun jarrai izan zituen bero-boladak.
Baina 2022a ez da atzean geldituko.
Horrez gain, esaten dute ez duela “elurra egiten lehen bezala”.
Elurraren kontuari erantzutea zailagoa da.
Kontuan izan behar da aurreko mendeko 60ko hamarkadaren amaiera, 70ekoa eta 80koa oso hamarkada hezeak izan zirela, eta elur-kantitate handiko gertaerak izan genituela Nafarroan. Eta ziur asko, hori izango da gogoan dutena.
Oro har, azken hamarkada hau beroagoa izan da Nafarroan, baina, hala ere, azken 50 urteetako elur-gertaera handienetako batzuk ere izan ditugu, aurreko mendeko batzuen mailan. Adibidez, 2013ko, 2014ko eta 2015eko urtarrilak eta otsailak, eta bai 2018aren hasiera ere, elur askokoak izan ziren. Eta horrez gain, Filomena bera ere izan dugu Erriberan.
- Hala beroa nola elurrarekin gertatzen dena noizbehinkakoa izango da ala aurrerantzean hala izango da?
Nahiko ziur nago ez dugula 20 urte itxaron beharko aurtengo uda hau bezalako bat ikusteko eta gehiago egongo direla hamarkada honetan bertan.
Eta era berean uste dut gero eta gauza arraroagoak ikusiko ditugula elurrarekin. Bi urte daramatzagu oso elurte esanguratsuak eginez irailaren amaieran eta urriaren hasieran Pirinioetan. Aurten bertan, elurte ona egin zuen apirilaren hasieran, neguko gainerako egunetan baino gehiago.
Oro har, mendearen erdialderako/amaierarako sumatzen den egoera da elurrik gabea zenbait menditan, besteak beste, Pirinioetan, baina uste dut aitortu behar dugula ikaragarrizko zalantzak daudela horren gainean. Oso zaila da elurra modelizatzen (aldagai nahikoren eta patroi atmosferikoen mende baitago), eta epe luzera proiektatzeak Pirinioetara edo Iberiar penintsulako beste mendi batzuetara, halako aldakortasun handia duen eskualde batera, muga handiak dituela uste dut.
Beste gauza bat da Pirinioetako glaziarren gaia. Nahiz eta urte elurtsuak izan, hemen epe luzera berotzeko joerak jarraituko du, bereziki udaberrian eta udan, eta horrek ekarriko du urte batzuen buruan desagertzea.
- Eta nola eragiten digu horrek? Zergatik nabarmentzen da hainbeste izotz iraunkorrak, glaziarrak eta abar desagertzeak dakarren arriskua?
Planetaren zati izoztua –dela itsasoen eta ozeano artikoen gainean flotatzen duen itsas izotz moduan, dela plataforma kontinental eta glaziar moduan, dela tundraren zati handi baten gaineko zoru izoztu moduan– da atmosferan berotegi-efektuko gasen pilaketa handi batek, adibidez, karbono dioxidoarenak eta metanoarenak, nagusiki eragin duen klima-sistemako desorekari azkarrena erantzuten ari zaiona.
Toki-eragin ikaragarriez gain, hala nola ekosistemei kalte egitea, kontuan hartu behar da basoetako sute handiak ugaritzen ari direla, tenperaturak igotzen ari direla berotegi-efektuarengatik eta orain arte izan dugun bizi-forma erabat aldatzen ari dela, eta horrek gure ekonomian ere badu isla: laborantza gutxiago, arrantza gutxiago, sute gehiago eta abar.
Horri gehitu behar zaio gasak askatzeak –besteak beste, lurzoru izoztuan eta jalkin organikoetan harrapatuta gelditutako metanoa, izotza urtu ondoren agerian gelditzen direnak– globalki tenperatura zenbait gradu berotzea ekarri ahal izango lukeela, eta oso azkar, gainera. Itzulerarik gabeko puntu esaten zaion horietako bat da.
- Itxura txarra du, bai. Baliteke neguko uholdeek eta udako lehorteek gizartea gehiago sentsibilizatu izana, klima-aldaketaren gai honi dagokionez, ezta?
Bueno, egia da gure latitudeetan klima-aldaketa prezipitazio-ezeko aldiak bultzatzen ari dela, lehorte luzeagoak ekartzen dituztenak ondorio moduan, eta bai oso biziak edo uholdezkoak diren prezipitazio-gertaerak ere.
Hori ez da aurreikuspena edo etorkizunerako proiekzioa, baizik eta jada gertatzen ari da eta munduko toki askotan ikusten ari gara.
Ekaitz lehorrak ugaritzeari ere eragiten dio? Izan ere, badirudi aurtengo udan suteetako askoren eragileak izan direla. Ez da hala?
Oraindik ez daukagu estatistikarik, baina azken 20 urteetan badira ekaitz elektriko dezente gehiago izan dituzten udak, esate baterako, 2009an, 2014an, 2017an eta 2018an.
Udan, orain arte, hiru bero-bolada izan ditugu: aurrenekoa ekainean, bigarrena uztailean eta hirugarrena abuztuan. Gainazalean dagoen bero handiak lagundu dezake ekaitzak izugarri igotzea, nahiz eta hori ez den baldintza nahikoa. Hezetasuna eta ezegonkortasun atmosferikoa ere behar dira, ura kondentsatzeko eta goranzko korronte indartsuetarako, hurrenez hurren. Airea oso beroa bada eta egoera oso egonkorra, aurtengo udako egun gehienetan gertatu den moduan, ez dago ekaitzak garatzeko modurik toki gehienetan. Penintsularen orografia eta mendikateek harresitutako kontinente txiki baten forman duen kokapen geografikoa aintzat hartuta, horrek bultzatzen du, udak aurrera egiten duen neurrian, gertagarriagoak edo probableagoak izatea ekaitzak mendi-inguruneetan, oso bereziki, Pirinioetan, Iberikoan eta ipar-ekialdeko koadrantean. Penintsularen barnealdean jatorri termikoko presio baxuak sortzeak, sarritan jatorri mediterraneoko haizeak bultzatzen dituztenak, ekaitzak eragin ditzake, baina berriz esango dut hori beste faktore batzuen mende dagoela.
Egia da aurtengo udan ekaitz handiak izan ditugula, haize zakar-zakarrekin, kazkabarrarekin eta euri-zaparradekin. Dena den, lehorrak ere izan ditugu, adibidez, ekainekoak, bero-bolada bete-betean. Ekaitz lehorrekin batera haize-bolada zakarrak izaten dira, eragin ditzaketen suteen kontrola galtzea eragin dezaketenak. Aurten, Nafarroan, tximista batek eragindako bi baso-sute handi egon dira, gutxienez, Arroizkoa eta Leirekoa. Dena den, Estatuan askoz ere okerragoa izan da, eta Levanten eta Gaztelan dozenaka mila hektareako suteak eduki dituzte.
Estatistikak kontuan hartuta, uste dugu Foru Komunitateko suteen historikoan gutxi gorabehera %5 baino ez direla tximistek eragindakoak. Beste autonomia-erkidego batzuetan, adibidez, Aragoin, baino askoz ere gutxiago da, nahiz eta aurten, agian, egoera pixka bat desberdina izan den.
- Eta zer-nolako itxura hartzen diozu neguari? Berriro ere sufritu beharko dugu ibaiak handitu direlako?
Ezin dugu jakin oraindik. Esate baterako, Nafarroan, 2019aren, 2020aren eta 2021aren ezaugarriak izan dira udazkenaren amaiera eta abenduaren hasiera ikaragarri euritsuak izatea, nahiko lehorrak izan diren urte batzuen ondoren.
Oso hezeak izan diren neguen adibideak ere badira azken 10 urteetan, besteak beste, 2013koa, 2015ekoa eta 2018koa.
Udazkenaren erdi edo amaiera aldera baino ez ditugu izango gero helduko den neguaren zantzuak, nahiz eta iragarleen fidagarritasuna urtaroen eskalan, eta batez ere neguaren urtaroan, oraindik ere oso mugatua den.
Horrez gain, oso garrantzitsua da helaraztea batez besteko baldintza batzuk bakarrik marrazten dituztela, eskala txikietan gerta daitezkeen muturreko gertaerak kontuan hartu gabe, eragin dezaketenak gero eta handiagoa den irregulartasun bat izatea epe luzerako baldintzak zehaztuko dituena. Orain argituko dut. Demagun ez dela tanta bakar bat ere erortzen Iruñerrian Eguberriak arte eta urteko azken astean 500 litro batzen ditugula metro koadro bakoitzeko. Urteko metaketari dagokionez, oro har, urte heze batez hitz egingo genuke, baina argi dago patroia edo eguraldi-joera erabat anomaloa izango litzatekeela, urik gabe hainbat hilabetean eta ondoren oso prezipitazio handiak.
Oreka-ez horiek agerikoak izaten hasten dira munduko toki askotan era susmagarrian. Askoz ere aktiboagoa den ziklo hidrologiko batetara itzultzen ari gara, lehortasun luzeko egoera batzuetan tartekatuta, antizikloi subtropikalak iparralderantz hedatzeak markatuta epe luzerako eskala batean, klima-aldaketak bultzatuta.
- Eta ezin izango lirateke aprobetxatu neguko uholdezko prezipitazioak udan egarria saihesteko?
Jada egiten da. Horri dagokionez desadostasun handia badago ere, batez ere tokiko eta ingurumeneko ikuspuntutik, Nafarroan azken urteetan ohartu gara zer-nolako garrantzia duten urtegiek egungo une eta egoerarako, adibidez, ureztatzerako Erriberan edo uholdeak laminatzeko.
Urtegiak betetzen lagunduta, abenduko eta urtarrileko gertaeretako euri historikoak dira ekarri dutenak Nafarroan, nahiz eta oso udaberri eta uda lehorrak izan, ez izatea Iberiar penintsulako beste toki batzuetan duten egoera bezain txarra, gutxienez, modu orokorrean.
Ez dakigu zer gertatuko den, baina argo eta garbi dago klima aldaketa hemen dagoela. Honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, horra hor post zerrenda bat.
Utzi erantzuna