Posted

Nekazaritzak eta abeltzaintzak edaten duten ura

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapen-eredu berriek ekarri dute ur-eskaera handitzea, erreserba hidrikoak gutxitzen ari diren une batean. Datadistako kide Ana Tudelak ohartarazpen hau egin du: “Edateko ura falta zaigu. Eta urik gabe, ez dago bizirik”.

- - - - - - - - - - -

Ana Tudela ingurumenaren arloko kazetaria da, eta bai Datadistaren sortzailea ere. Datadista ingurumenaren arloko komunikabidea da, ikerketako kazetaritzan eta datuen bisualizazioan espezializatua.

Haien datuen arabera, Espainia munduko hirugarren ardo-ekoizlea da, zitrikoen lehen ekoizlea EBn eta fruitu gorrien lehen esportatzailea, Herbehereekin batera. Horrez gain, munduko oliba-ekoizle handiena da, eta hirugarrena, txerriki-ekoizpenean (Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren ondotik), eta lehenbizikoa, EBn.

Eta badirudi abeltzaintzako eta nekazaritzako modu tradizionala aldatuta eta industria hori guztia eredu intentsiboago baterantz bideratuta lortu dela hori dena, baliabide berriak exijitzen dituen eredu baterantz.

Espainia Merkatu Komunean sartu zenean 1986an, 100.000 hektarea olibadi baino gutxiago zituen ureztatze-sistemarekin jarrita. 2020an, 852.277ra iritsi zen. Eta ez, hain zuzen, ura sobera dagoen tokietan, hektarea horiek Andaluzian baitaude, zehazki, Jaénen, Kordoban, Granadan.

Nekazaritzaren sektorean, eredu integratzaile baten alde egin da, eta bertan, nekazariak ez ditu bere animaliak, baizik eta etxe bat jartzen du, eskulana eta minden kudeaketa. Horrek ahalbidetzen du makroetxaldeak eta abeltzaintza-ustiategi intentsiboak ugaritzea.

Hartara, eredu berri hauek berekin ekarri dute baliabideen eskari handiagoa, besteak beste, urarena.

Datadistaren arabera, “2021ean (hori da eskuragarri dagoen azken datua) ur-erabileraren eskaeren % 80,4 laborantza-erabilerarako izan ziren,  % 15,59, hiri-hornikuntzarako, % 3,41, industria-erabileretarako, eta gainerako % 0,59a, beste erabilera batzuetarako. Eskaera horiei erantzuteko, arro bakoitzean erabilgarri dauden ur-iturri desberdinak erabiltzen dira, hala nola urtegiak, gatzgabetzeko instalazioak eta lurpeko urak”.

Eta iturri horiek orain gutxitzen ari dira, gehiegizko ustiapenaren eta lehortearen ondorioz.

2024ko apirilean, irakurri genuen Katalunia larrialdi-fasean sartuko zela lehortearengatik. Baina arazoa lehenagotik zetorren. 2022-2023 urte hidrologikoa bereziki lehorra izan zen, eta Espainiako lurraldearen % 14,6 larrialdira eraman zuen, ur-eskasiarengatik, eta % 27,4, alertara. Prezipitazioak batezbestekoa baino % 17,1 baxuagoak izan ziren. Egoera horren ondorioz, Ministroen Kontseiluak egoerari aurre egiteko urgentziazko jarduketen errege-dekretu bat onartu zuen. Dekretu horretan larrialdiko neurriak eta obrak jaso ziren, eta haien artean nabarmendu zen penintsularen hegoaldean gatzgabetzeko hiru instalazio handi eta berri eraikitzea, eta Mediterraneoko Arroetako Uren Estatuko Sozietateari (Acuamed) baimena ematea, energia fotovoltaikoak elikatutako gatzgabetzeko instalazio berri txikiagoak eraikitzea lizitatzeko.

Edonola ere, itsasoko ura gatzgabetzeak ondorioak ditu ingurumenean eta bai energia-kostu handia ere.

Lurpeko urei aipamena eginez, Ana Tudelak ziurtatzen du “erreserben % 44 oso egoera txarrean” daudela.

Erreserba horien % 27k egoera txar kuantitatiboa dute gehiegizko ustiapenarengatik. Erauzitako urak gainditu egiten du uraren ziklo integralaren berritze-kantitatea (euria, ebapotranspirazioa, konexioa beste ur-masa batzuekin…).

Horri gehitzen badiogu klima-aldaketaren ondoriozko lehortea edo maila freatikora heltzen ez diren uholdezko euriak, ikusten dugu nola doan gutxiagotzen lurpeko ura, “gainazaleko urik ez daukagunerako dugun altxor hori”.

“Nahiz eta legeak berariaz esaten duen uraren lehentasuna giza kontsumoa dela, egia da egun nekazaritza eta abeltzaintza direla erreserbak ahitzen ari direnak.

Ikaragarrizko balioa duten ekosistemak hondatzen ari gara, besteak beste, Daimieleko Taulak, Doñana eta abar. Baina arazoa ez dira ekosistemak, gizakiak baizik, edateko ura falta baitzaigu. Eta urik gabe, ez dago bizirik”, ohartarazi du Ana Tudelak.

Akuiferoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, irakur ditzakezu post hauek:

Akuiferoak gazitzen ari dira

Erne: akuiferoak arriskuan daude (World Water Day)

Ikusezina ikusgai egiten (World Water Day 2022)

 

* Ana Tudela Flores espainiar kazetaria da, ikerketako kazetaritzan eta informazio ekonomikoan espezializatua. Antonio Delgado kazetariarekin batera, 2017an Datadista sortu zuen, ikerketako kazetaritzan eta datuen bisualizazioan espezializatuta dagoen komunikabidea, eta horrek ahalbidetu die zenbait komunikabide jeneralistarekin batera lan egitea.

* Iturriak:

https://www.datadista.com/medioambiente/estado-actual-del-agua-disponible-en-los-embalses-en-espana/

https://climatica.coop/desalinizacion-espana-sequia/

https://www.nationalgeographic.com.es/medio-ambiente/cataluna-entrara-fase-emergencia-por-sequia-como-me-afectaran-restricciones_21504

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.