Posted

Akuiferoak gazitzen ari dira

Akuiferoen egoera ona lehengoratzeko hamarkada bat edo gehiago igaro beharko litzatekeela uste da. Dena den, egoera kritikoan dauden ur-masen % 8 berreskuratzeko, gutxienez, 2039a edo gehiago iritsi beharko litzatekeela kalkulatzen da. Jokoan dagoena gure edateko ura da klima-krisi eta -larrialdi larri baten garaian, non gero eta lehorte handiagoa dagoen eta gero eta baliabide hidriko gutxiago dagoen. Benetan jarri behar dugu dena arriskuan?

- - - - - - -

Hirugarren zikloko (2022-2027) plan hidrologikoak egiteko dokumentuen arabera –Ur Konfederazioek aurkeztutako dokumentuak–, Espainiako lurpeko ur-masen % 44 egoera txarrean daude. Horrek esan nahi du ez dela bete Uraren Esparru Zuzentarauan ezarritako ingurumen-helburuak lortzeko 2015eko epea, 2021ekoa eta, beharbada, 2027koa.

Uste da egoera ona lortzeko hamarkada bat edo gehiago igaro beharko dela. Egoera kritikoan dauden ur-masen % 8 berreskuratzeko, gutxienez, 2039a edo gehiago iritsi beharko dela kalkulatzen da.

Egoera txar horren arrazoiak askotarikoak dira, eta hauek dira nagusiak: gehiegizko ustiapena, zeina areagotu egiten den lurraldean gero eta hegoalderago joanda; kutsadura, zeina pilatu egiten den nekazaritzak pisu handia duen lekuetan, baina baita makroetxaldeak hedatzeagatik beteen dauden lekuetan; eta gazitzea.

Izan ere, akuiferoak gazitzea ingurumen-fenomeno kezkagarria da, mundu osoan lurpeko uraren kalitateari eragiten diona.

Baina, zergatik gertatzen da?

Akuiferoak gazitzea honela definitzen da: lurpeko uretan disolbatuta dauden gatzen kontzentrazioa handitzea. Gatz horiek hainbat iturri naturaletatik eta gizakiokin lotutakoetatik etor daitezke.

* Iturri naturalak: gatz-intrusioa, ur gaziaren labaintze naturala ur gezako akuiferoetarantz, kausa komuna da. Lurpeko eraketa arrokatsuetan dauden gatz-mineralak disolbatzearen ondoriozkoa ere izan daiteke.

* Gizakiokin lotutako iturriak: giza jarduerek, besteak beste, nekazaritzak, meatzaritza-ustiapenak eta putzuak zulatzeak, bizkortu egin dezakete gazitzea. Nekazaritzan ongarri eta pestizida gehiegi erabiltzean, akuiferoetarantz iragazi ahal dira eta haien gazitzea handitu. Horrez gain, lurpeko ur gehiegi ateratzeak ere ur gaziaren eta gezaren oreka naturala nahastu ahal du, gatz-intrusioa barrualdean hedatzeko bidea emanez.

Edonola ere, arrazoia bat edo beste izan, akuiferoak gazitzeak ondorio larriak ditu ingurumenerako eta gizakion bizirako:

* Edateko uraren kalitatea okertzea: ur gazikara ez da egokia giza kontsumorako ez eta industria-erabilera askotarako ere. Gazitzeak murriztu egiten du eskuragarri dagoen ur geza, komunitateak aukerako iturriak bilatzera behartuz, eta hori garestia eta zaila izan daiteke.

* Ekosistemei kalte egitea: ur gazia kaltegarria izan daiteke ur gezako ekosistemetarako. Gazitzeak uretako animalien eta landareen konposizioa nahastu ahal du, eta horrek habitatei kalte egin diezaieke eta elikatze-kateari eragin diezaioke.

* Eragina nekazaritzan: ur gazia ez da egokia labore gehienak ureztatzeko. Ureztatzeko erabiltzen diren akuiferoak gazitzeak nekazaritzako produktibitatea murriztu ahal du eta elikagaien segurtasunari eragin ahal dio.

Akuiferoak gazitzeari aurrea hartzeko eta hura arintzeko zenbait estrategia daude:

* Uraren kudeaketa iraunkorra: lurpeko uraren kudeaketa arduratsuak, adibidez, erauzketa arautuak eta karga artifizialak, gatz-intrusioa prebenitzen eta oreka hidrikoari eusten lagundu dezake.

* Nekazaritzako jardunbide iraunkorrak: nekazaritzan ongarrien erabilera gutxitzeak gatzak akuiferoetarantz iragaztea minimizatu ahal du.

* Ur gaziaren tratamendua: gatzgabetzeko teknikek eragin dezakete ur gazikara giza kontsumorako eta nekazaritza- eta industria-erabilera batzuetarako egokia izatea. Nolanahi ere, prozesu horiek energia asko kontsumitzea ekartzen dute.

Baina, zalantzarik gabe, bide onena da kontzientzia hartzea jokoan dagoena gure edateko ura dela, klima-krisi eta -larrialdi larri baten garaian, non gero eta lehorte gehiago dagoen eta gero eta uholdezko ur gehiago dagoen, zeinak ez diren maila freatikora heltzen. Horregatik bakarrik ere mereziko luke natura-biltegi horiek babestea.

Akuiferoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, irakurri post hauek:

Erne: akuiferoak arriskuan daude (World Water Day)

Mendi-hegala finkatu, iturburua ez itotzeko

Landa hesitzea (World Water Day)

Iturria:

Ana Tudela: Datadista

SOS acuíferos: la grave situación de nuestras reservas de agua subterránea

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.