Posted

Ozeano berri bat

Joan den ekainaren 8an, Ozeanoen Mundu Egunarekin batera, National Geographic Society elkarteak ofizialki aitortu zuen Ozeano Australa existitzen dela. Antartikaren inguruan dago, eta ez du kontinente batek mugarriztatzen, itsaslaster batek baizik. Adituek adierazi dute aitortza hori ikaragarri garrantzitsua dela, planeta osoan ingurumen-inpaktu zuzena eragiten duen natura-ingurune batean jartzen baitu arreta.
pxfuel.com

- - - - - - - -

Gogoan al dituzue eskolan ikasten genituen ozeanoen izenak? Lau ziren, ezta? Atlantikoa, Barea, Indiakoa eta Artikoa. Bueno, bada joan den ekainaren 8az geroztik munduko mapa aldatu egin da eta testuliburuetan beste ozeano bat gehiago ikasiko da: Australa.

Nahiz eta komunitate zientifikoak aspalditik dakien Antartika inguratzen duten urek gainerako ozeanoetatik desberdinak diren ezaugarri batzuk dituztela, orain arte inork ez du ofizialki aitortu haiek hartzen dituen ozeano bat existitzen dela.

Orain, National Geographic Society elkarteak ekainaren 8an, Ozeanoen Mundu Eguna zela-eta, zehaztu zuen kontinente zuria inguratzen duten urek, hego latitudeko 60 graduetaraino, ozeano-izaera dutela, “hotzagoak direlako eta ez hain gaziak, itsas korronte zirkunpolarraren ondorioz (Ozeano Antartikoko edo Australeko zirkulazioan ezaugarri den itsaslasterra, mendebaldetik ekialdera ibiltzen dena kontinentearen inguruan)”. Hartara, beste ozeanoak inguruan dituzten kontinenteen arabera definitzen diren bitartean, Ozeano Australa itsas korronte batek definitzen du.

Itsaslaster hori arduratzen da itsas masa eta beroa planetaren alde batetik bestera mugitzeaz, eta, hortaz, ozeano berri horrek eginkizun erabakigarria du mundu osoko kliman. Eta horrez gain, karbonoa itsas sakoneran pilatzen laguntzen du.

Beste alde batetik, Ozeano Australak ezaugarri ekologiko bakanak dauzka, beste toki batzuetan ikusten ez diren itsas ekosistemak hartzen baititu barne: baleak, pinguinoak, itsas txakurrak, itsas elefanteak eta itsas lehoiak, krill ugari… Hego Georgiako artxipelagoa ahaztu gabe. Azken hori, hain zuzen, munduko eskualde horretan populatuen dagoen bizitza basatiko lurraldea da, non itsas hegaztiek eta xibarta baleek iparrerantz migratzen duten negua heltzen denean.

Horregatik nabarmentzen dute adituek eguneratze kartografiko honen garrantzia eta ozeano hau aitortzea, kontserbatzea eta bereziki behar eta merezi duen ingurune baterantz arreta bideratzeko modua delako, gure munduaren eta bertako biziaren mesedetan.

Iturriak:

https://www.televisa.com/noticias/oceano-austral-el-nuevo-oceano-descubierto-en-la-tierra/

https://as.com/diarioas/2021/06/14/actualidad/1623653321_772892.html

https://www.ngenespanol.com/ecosistemas/oceano-austral-el-nuevo-oceano-oficialmente-reconocido-en-la-tierra/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.