Posted

Paseoan, Ezkaba mendian (II)

Beharbada, Oscar Pérez Andueza Iruñeko birika berdeetako bat hobekien ezagutzen duten pertsonetako bat izango da, eta bai haren gaineko dibulgatzaile onenetako bat ere, Flora Navarra y Aragón bere blogaren bidez. Gaur, Ezkaba mendian paseo birtuala egitera eramateko eskatu diogu.

- - -

Aurreko argitalpen batean, azken 15 urteetan Oscar Pérez Anduezak Ezkaba mendiko landarediaren gainean egin duen lanaren berri izan genuen. Birtualki, iruindar ingeniari honek Ezkaba mendian egindako paseoetan detektatu dituen 484 landare-espezie desberdinak ezagutu ahal ditugu, eta bai Nafarroako eta Aragoiko beste eskualde batzuetakoak ere. Gaur, berak gidatuta eta bere ezagutza oinarri hartuta, Iruñetik hain hurbil dagoen natura-ingurune honetan paseo birtuala egin nahi izan dugu, bertan benetan ibiltzen garenean arreta handiagoarekin zeri erreparatu behar diogun jakin ahal izateko. Aurrena gozatzeko, eta gero natura gure balkoi eta terrazetan nola erreplikatu ahal izango genukeen adibideak izateko.  

Zein da urteko une onena mendira joateko, bertan dauden espezieen loraldia aintzat hartuta?

Urteko edozein sasoi ona da landareak ikusteko, garai baten edo beste baten arabera loraketak desberdinak ikusten baitira. Dena neguko loreekin hasten da, besteak beste, otsababa eta timelearekin. Gero, udaberri hasierakoak etortzen dira, ongietorria egiten digutenak eta zuhaitzen hostoak atera aurretik aprobetxatzen dutenak, adibidez, bioletak, udaberri-loreak, gibel-belarrak, lilipak eta abar. Baina sasoi onena, zalantzarik gabe, maiatza da, zerbaitengatik deitzen baitzaio “loreen hilabetea”. Gero, abuztutik urrira, udazkeneko landareak izaten ditugu.

Txango bat egingo bagenu une honetan, zein espezie ikusiko genituzke seguru asko?   

Aste hauetan, mendia ikusgarri dago, eta, aste honetan euria egingo balu, gogoan izateko udaberria izango litzateke.

Landareak ikustea orientazioaren eta mendian ibiltzen garen altueraren mende dago. Dena den, goiz batean 100 espezie baino gehiago ikus daitezke. Txangoa hegoaldeko hegalean egiten badugu, deigarriena orkideak dira, espezie desberdinekin. Izan ere, 34 espezie desberdin ditugu. Batzuek gizaki urkatuen forma dute, beste batzuek erle emeak imitatzen dituzte, beste batzuek gaueko tximeletak erakartzen dituzte, eta abar.

Orquidea Limodoro. Es muy escasa en el monte Ezkaba)
Limodoro orkidea. Oso eskasa da Ezkaba mendian

Era berean, oso bitxiak dira landare usaintsuak, gure natura usainez eta kolorea betetzen baitute eta landareak baliatzen baitituzte polinizatzaileak erakartzeko. Haien artean daude ezkaia, basa-albaka, santolina, izpilikua, arkakaratsa, atxaparra… Askotan esaten dut hori guztia gure lorategietan erreproduzitu ahal izango litzatekeela eta haiek naturalizatu, hau da, ahalik eta modu onenean imitatu natura.

Tomillo-Thymus vulgaris

Ikusi dugu urteko sasoiaren arabera espezie-kopuruak gorabeherak izaten dituela, baina, oro har, Ezkaba mendian 484 espezie inguru egongo liratekeela. Hori hala da?   

Egun, 15 urteren ondoren, eta nire kideen eta beste pertsona batzuen laguntzarekin, 484 espezie desberdin aurkitzea lortu dugu. Germán Rodríguez iruindar botanikariak, bere lehen azterlanean, duela 30 urte, 450 espezie sailkatzea lortu zuen. Nire kolaboratzaileen taldeak eta nik espezie haietako gehienak eta beste batzuk gehiago ikustea lortu dugu. Kontuan izan behar da natura asko aldatu dela urte hauetan. Izan ere, Ezkaba mendia baso gutxi eta bazkaleku eta soro zabalak izatetik ia osorik basokoa izatera igaro da, gero eta bazkaleku gutxiago duena, eta horrek eragina izan dezake espezieak gutxitzean eta, horrenbestez, biodibertsitatea gutxitzean. Hori dela-eta, gure ustez, Ezkabako etorkizuneko eskualde-parkea kudeatu beharko litzateke mosaiko erako mendi bati eusteko moduan, baso irekiak, bazkalekuak, harkaiztegiak… izateko moduan. 

Ezkaba mendiko flora tipikoaz hitz egin daiteke? 

Bueno. Garrantzi bereziko 4 eremu sailkatu ditugu: bazkalekuen eremuak, tontorren eremuak, basoen eremuak eta flora alpetarraren eremuak. Baina ingurune honetako espezie endemiko bat nabarmenduko nuke, nire ustez, oso ongi identifikatzen duena mendi hau. Zuhaixka herrestari bat da, lore horiak dituena eta Genista teretifoliaizena. Ezkabako hego-ekialdean ikus daiteke, hegal erdialdean.

Arbusto rastrero con flores amarillas llamada Genista teretifolia
Zuhaixka herrestari, lore horiak dituena eta Genista teretifoliaizena

Azalpen horiek guztiak kontuan hartuta, animatzen zara Ezkaba mendian paseoa egin eta ikusi duzuna kontatzera?

Argazkiak: Óscar Pérez Andueza. Blog Flora de Navarra y Aragón

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.