Posted

SukkhaCitta, Jakartako slow fashion edo moda lasaia

Mundu aldakor batean bizi gara, eta bertan berehalakotasuna eta presa etengabeak dira. Hala ere, badirudi slow fashion edo moda lasaiak aurka egin nahi diola erritmo horri eta bere joko-arauak ezarri nahi dituela, hartara, ingurumena eta pertsonen komunitatea lehentasun bihurtzeko. Indonesiako SukkhaCitta enpresa horren erakusgarri ona da.

- - - - - - - - - - -

Jatorri etikoko alpakazko jantziak, Perun ehunduak; Siziliako laranjondoetatik eta kaktusetatik ateratako larru beganoa; Angelina Jolie eta jantziak diseinu esklusibo berri bihurtzeko bere tailerra… Badirudi slow fashion edo moda lasaia gizartean barneratzen hasi dela.

Indonesian, SukkhaCitta enpresa dago, eta printzipio hori bere DNAn darama. Izan ere, bere jantziak egiteko, 60 eta 180 egun artean irauten duen prozesu bat behar du. Eta hori bai, produktu baten eskaera izugarri igotzen bada eta elementuek ez badute horretarako bidea ematen, enpresak, besterik gabe, izakinak bukatzen ditu.

Bildumako oihal guztiak ehuneko ehunean begetalak diren materialekin eginda daude (zuntz naturalak, laborantza birsortzaileko tindu begetalak…). Kotoi-zuntzak eskuz haritzen dira eta eskuzko ehungailuetan ehuntzen dira. Batik teknikan –eskuz eta argizariarekin marrazteko teknika– adituak diren artisau indigenek apaintzen dituzte oihalak. Gero, kolore-upeletan murgiltzen dituzte, eguzkitan lehortzen utzi, ebaki eta josi egiten dituzte. Behin arropa eginda, SukkhaCittak Jakartan duen denda bereizgarrira bidaltzen dute, Internetez merkaturatzen dute edo Singapurko edo New Yorkeko denda finetan saltzen dute.

Riadini-Flesch enpresaren sortzaileak uste du kontsumitzaileak ahalduntzeak ordaintzen denaren eta arropa lortzeko itxaron behar den denboraren balioa ulertzeko bidea emango duela.

Izan ere, arropa-marka hau, ingurumenaren gainean egiten duen zainketarengatik ematen duen balioaz gain, Java, Bali, Flores eta Mendebaldeko Timorko ehunka nekazari eta artisauen motor ekonomikoa bihurtu da.

Eta hori, Indonesia bezalako toki batean, non biztanleen % 9k (hogeita lau bat milioi pertsona) oraindik ere zailtasunak dituzten bizibidea ateratzeko, oso aintzat hartu beharrekoa da.

Bere historia hasi zen Riadini-Flesch gazteak jantziak tindatzeko batik teknika tradizionala egiten zuten hiru artisau ezagutu zituenean. Emakumeek kontatu zioten lanbide zahar hori amengandik ikasi zutela, eta ama haiek beti tindu naturalak erabili izan zituztela oihalak koloreztatzeko.

Arropa azkarrago egin behar izateak, ordea, artisauak tindu kimiko merkeagoak eta lortzen errazagoak erabiltzera bultzatu zituen, nahiz eta tindu kimiko horiek kalte egiten zieten biriketan eta erabiltzen zituzten tokietako urak eta lurrak kutsatzen zituzten.

Aldi berean, Riadini-Flesch ohartu zen nekazariek kotoiaren hazkuntza alde batera utzita zutela labore bakarra lantzen aritzeko, besteak beste, artoa. Horrek lurzoruak andeatzen zituen eta flora eta faunari eragiten zion, labore-aniztasunari onura ateratzen ohituta baitzegoen.

Anila beti izan zen Indonesiako paisaietan presente egon zen landarea, eta tradizionalki erabili izan zuten oihalak tindatzeko. Riadini-Fleschek proposatu zien ekoizleei barietate erresistente bat lantzeko, Assamgo anila, zeina giro itzaltsuetan haz baitzitekeen (eta, hala, ez zen beharrezkoa zeuden basoak moztea) eta, era berean, ahalbidetzen zuen tumpang sari izaneko teknika indigena bat sustatzea, hainbat landareren hazkuntza mistoa.

Modu horretan, kotoia artoaren ondoan landatu zen, itzala ematen baitzion, piper minek izurriteak kontrolatzen lagundu zuten eta kakahueteek nitrogenoa gehitu zioten lurzoruari.

2019an, ekintzaile gazte hark artisautzako lehen eskola irekitzea lortu zuen, Rumah SukkhaCitta fundazioarekin, enpresaren beraren etekinekin finantzatua, eta bai dohaintza eta dirulaguntzekin ere. Eskolak tailerrak antolatzen zituen, haietan artisauek batik teknika irakasteko belaunaldi gazteei, eta nekazariek hazkuntza mistoaren onurak erakusten zituzten. Hazkuntza misto horrek, SukkhaCitta enpresaren jantziak egiteko behar zen kotoia emateaz gain, ekartzen zuen familiak hobeki elikatzea, kontsumitu edo saldu zezaketen barazkien eta fruitu lehorren soberakina lortzen baitzuten.

Azken lau urteetan, markak beste lau artisautza eskola zabaldu ditu, bigarren mailako plataforma bat abiarazi du beste batzuk hornitzeko bere material birsortzailez eta lankidetzak ezarri ditu hamaika herrixkarekin. Orain arte, nekazaritza-lurzoru komertzialaren 50 bat hektarea eraldatzen lagundu die komunitateei, eta inguru horretako 1.500 biztanlerengan baino gehiagorengan eragin zuzena izan du. Gainera, espero du 2030ean hektareak 970 izatea eta biztanleak 10.000.

Horrez gain, SukkhaCittaren salmentak urtean % 31 eta % 40 artean ari dira handitzen, eta horrek ahalbidetzen dio enpresari, batetik, berarekin lankidetzan aritzen diren herrixketako biztanleen bizi-maila hobetzea eta, bestetik, etekinen zati bat bideratzea laborantzarako lurrak erosteko interesa duten pertsonei dirulaguntzak finantzatzera.

Arropa jasangarriari buruz gehiago jakin nahi baduzu:

Zer gertatzen da jada erabiltzen ez dugun arroparekin?

Ehun-hondakinak ehun-gaiak bihurtuak

Gizakion ilea, ehun-material moduan

Gazteen sormena eta inplikazioa, hiperkontsumo arduragabearen aurka

Iturria: National Geographic, 2025eko urria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.