Luzaroan, haurrak babesten saiatu gara, lurretik bereizita eta toki aseptikoak sortuta. Baina, beharbada, iritsi da hau hausnartzeko unea: haurren ingurunetik bizi mikroskopikoko ia forma oro kentzean naturarekiko harremanaren oinarrizko zati bat ere ez ote garen kentzen ari.

Finlandian egin zuten azterlan batean, ohartu ziren basoko lurra, soropila eta beste elementu natural batzuk zenbait haur-eskolatako jolastokietan sartzeak 3 eta 5 urte arteko neska-mutikoen larruazalaren eta hestearen mikrobiota aldarazi zuela 28 egun eskasean. Hala, horrek ideia hau indartzen du: gure osasuna ere inguruan dugun biodibertsitatearen mende dago.