Posted

Inguruan dugun biodibertsitatearen mende al dago osasuna?

Finlandian egin zuten azterlan batean, ohartu ziren basoko lurra, soropila eta beste elementu natural batzuk zenbait haur-eskolatako jolastokietan sartzeak 3 eta 5 urte arteko neska-mutikoen larruazalaren eta hestearen mikrobiota aldarazi zuela 28 egun eskasean. Hala, horrek ideia hau indartzen du: gure osasuna ere inguruan dugun biodibertsitatearen mende dago.

- - - - - - - - - -

Hainbat urtean, itxura batean logikoa zen premisa batekin diseinatu dira eskoletako jolastoki asko: jolastoki horiek zenbat eta leunagoak, garbitzen errazagoak eta zolatuagoak izan, orduan eta hobeki. Hartara, horren emaitza da zementua, legarra, kautxua edo asfaltua nagusi duten tokiak izatea, non natura murriztuta gelditzen den, kasurik onenean, zuhaitz edo jardinera gutxi batzuetara.

Alabaina, zer gertatzen da jolastoki horiei bizia itzultzen diegunean? Zer gertatzen da neska-mutikoek lurra uki dezaketenean, landareak zaindu, soropilaren gainean jolastu edo hostoak, goroldioa eta zur-zati txikiak maneiatu?

Ikusten ez dugun baina etengabe gurekin dagoen mundu batean egon liteke erantzuna: mikroorganismoen munduan.

Finlandiako zientzialari-talde batek herrialde horretako Lahti eta Tanpere hirietako lau haur-eskolatako jolastokiak eraldatu zituen. Hala, legarraren zati bat ordeztu eta basoko lurraren 100 bat metro koadro eta soropilaren 200 bat metro koadro jarri zituzten. Horrez gain, jardinerak gehitu zituzten, zohikatz blokeak eta material naturalak, gora egiteko, hondeatzeko, landatzeko eta jolasteko.

Azterlanean, 3 eta 5 urte arteko 75 adingabek parte hartu zuten. Eraldatutako lau haur-eskola horiez gain, ikertzaileek hiru hiri-ikastetxe ohiko aztertu zituzten, oso berdeak ez ziren jolastokiak zituztenak, eta bai naturara orientatutako beste hiru ikastetxe ere, haietako ikasleak gertu zituzten basoetara eskuarki joaten zirenak.

Esku-hartzeak 28 egun iraun zuen. Denbora horretan, naturalizatutako jolastokietako neska-mutikoak landarediarekin eta lurrarekin harremanetan egon ziren egunero, bai jarduera gidatuetan eta bai jolas librean ere. Esperimentuaren aurretik eta ondoren, aztertzaileek jolastokietako lurraren eta parte-hartzaileen larruazalaren eta gorozkien laginak hartu zituzten. Halaber, odol-laginak ere aztertu zituzten, sistema immunitarioaren funtzionamenduarekin lotutako adierazle jakin batzuk ikertzeko.

Kontua ez zen, besterik gabe, ikustea ikasleak gehiago dibertitzen ote ziren ingurune berde batean. Galdera askoz harago zihoan: ingurumen-biodibertsitateak aldaraz al ditzake gure gorputzean bizi diren mikroorganismoak eta, haien bidez, eragina izan al dezake gure defentsetan?

28 egunen ondoren, eraldatutako jolastokietako lurrak ohiko jolastokietako lurrak baino bakterio-komunitate askotarikoagoa zuen. Eta aldaketa hori ikasleen larruazalaren gainean ere gertatu zen.

Naturalizatutako ikastetxeetako neskek eta mutilek larruazal-bakterioen zenbait multzoren dibertsitate handiagoa agertu zuten, bereziki proteobakterioena. Izan ere, naturara orientatutako haur-eskoletara joaten ziren eta basora maiz irteten ziren ikasleen mikrobiotaren antz handiagoa hartzen hasi zen haien mikrobiota.

Hestean ere detektatu ziren aldaketak. Aldaketa horien artean, Ruminococcaceae familiako bakterioen dibertsitatea handitu zen. Familia horrek, hain zuzen, butiratoa sortzeko gai diren espezieak hartzen ditu barne, eta substantzia hori heste-ingurune osasungarri bat mantentzeari lotuta dago.

Baina, beharbada, emaitza deigarriena agertu zen adierazle immunitarioak behatzean.

Esku-hartzeko taldean handitu egin zen mekanismo erregulatzaileei lotutako molekularen (interleukina 10) eta hanturazko prozesuekin lotutakoaren (interleukina 17) arteko erlazioa. Aldaketa hori ez zen ikusi ohiko hiri-ikastetxeetako jolastokietan.

Oro har, emaitzek iradokitzen zuten gehiegizko hanturazko erantzunak moderatzeko gai diren mekanismoak aktibatzen zirela.

Zientzialarien komunitateak adierazi du azterlan luzeagoak beharko direla eragin horiek zenbat irauten duten eta azkenean onura kliniko bihurtzen diren jakiteko.

Horrek ez du esan nahi lurra sendagaia denik edo oinarrizko higiene-neurriak alde batera utzi behar direnik. Ezta ingurumen-esposizio oro onuragarria denik ere. Haurrentzako eremuek material seguruekin diseinatuta eta kutsatzaileetatik edo mikroorganismo patogenoetatik aldenduta egon behar dute.

Baina bai adierazten duela jarraitu beharreko bide bat: ekidin egin behar da haurrak biologikoki pobretuta dauden inguruneetan haztea, eta naturarekin harreman egunerokoa, segurua eta askotarikoa erraztu behar da.

Mikrobiotari buruz gehiago ezaqgutu nahi baduzu:

Jaten duguna gara

Transplante fekalaren onurak

Iturri nagusia: Roslund et al., “Biodiversity intervention enhances immune regulation and health-associated commensal microbiota among daycare children”, Science Advances-en kaleratua, 2020an.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.