Ángel Gil Gómezek errealitate areagotuko kutxa bat sortu du, ikasgelan geologia eta geografia erakusteko DBHko ikasleei. Duela hiru urte bururatu zitzaion ideia, ohartu zenean ikasleek ez zutela ulertzen topografiaren kontzeptua, ez eta egiten zituzten kalkuluak, ez eta sestra-kurbak ere… Horri konponbide bat eman nahian, arsandbox bat aurkitu zuen Ameriketako Estatu Batuetan eta hura erabiltzen zuen unibertsitatearekin harremanetan jarri zen. Orain, bere hondar-kutxak uraren zikloa, sumendiak, koladak, tsunamiak, presen hausturak eta ohiz kanpoko uraldiak azaltzen ditu.