Posted

Teknologia berriak, zientzia-dibulgazioaren zerbitzura

Julio Díaz eta Cristina Linares ikerketa zientifikoaren eta dibulgazioaren arloko profesionalak dira. Beren iritziz, dibulgazioa, edozein mailatan, eta “itzultzeko” ahalegin gehigarria eskatzen badu ere, ezinbestekoa da kontzientzia harrarazteko eta sentsibilizatzeko. Eta horretarako, eskura dituzten tresna guztiak baliatzen dituzte. Baita 7.200 jarraitzaile baino gehiago dituen Twitterreko kontu bat ere.

- - - - - - - - - -

Osasuna, klima-larrialdia, ingurumen-heziketa, zientzia-dibulgazioa… Oso ezagunak zaizkigun kontzeptuak dira eta gutxitan ikusten ditugunak elkarrekin. Gai zientifikoak dibulgatzea, jendarteratzea, ez da batere erraza, eta klima-aldaketa pertsonon osasunarekin batzea, protagonismoa hartzen badoa ere, orain arte ulertezina zen joera da.

Julio Díaz eta Cristina Linares Karlos III.a Institutuko klima-aldaketako, osasuneko eta ingurumeneko erreferentzia-unitateko ikertzaileak dira, eta 2015ean Twiterren kontu bat irekitzea erabaki zuten, @ensgismau, beren ikerketen eta eztabaida-leku desberdinetako mintzaldien berri emateko.

Eta a priori edo aldez aurretik hutsala eman dezakeen horrek lagundu du egun 7.200 jarraitzailek ulertzea inguruan duten errealitatea, ikuspuntu zientifiko batetik baina hizkera arruntean kontatua.

“Zientzialariak gara -azaldu du Juliok-, eta gure lana ikertzea da, proiektuak egitea, doktore-tesiak zuzentzea eta, batez ere, egiten dugunaren gainean argitara ematea. Baina, era berean, gure ustez garrantzitsua da gure ikerketak ezagutaraztea, bai baitakigu zientzian egiten diren gauzetako asko, eta gizaki guztioi eragiten digutenak, ez direla ezagutzera ematen herritarren artean. Eta hori ezin da hala izan. Esate baterako, gure osasuna ukitzen duten inguruen-alderdiak. Beti defendatu izan dugu mezuak barneratzeko jendeak ulertu egin behar dituela”.

Cristinak baiezkoa eman du buruarekin eta hau gehitu du: “Edozein mailatan dibulgatzea gustatzen zaigu, edozein publikorentzat: ikasleak, profesionalak, hirugarren adineko pertsonak, ikertzaileak, medikuak, meteorologoak, prestakuntza-ikastaroetan… Gure iritziz, dibulgazioa gure lanaren funtsezko zatia da”.

Horregatik aukeratzen dute sare soziala beren lanerako bozgorailu moduan, herritar ororengana iristeko bide tradizionalak alde batera utzi gabe. Beti izan dute oso harreman ona haiekin, nahiz eta egun aitortzen duten gero eta beharrezkoagoa dela “itzulpen” lana egitea. “Une honetan, agentzietatik iristen diren albiste asko daude. Guk egiten duguna da bide espezializatuetako mezua itzultzea, herritar ororengana hel dadin. Gero, jendeak elkarri eragiten dionean eta galdetzen duenean, informazio gehiago eskaintzen diogu, kontsultatzeko eta egiaztatzeko aukera izan dezan”.

Azken albisteen berri izaten eta gaurkotasuneko gaiak jasotzen saiatzen dira. “Gurea informazio ona eta fidagarria aurkituko duela badakielako jendeari harpidetzeko aukera ematen dion kontua izatea gustatzen zaigu; Saharako gandua zer den eta gure autoa zergatik dagoen hondarrez beteta ulertzen laguntzen duelako, eta, batik bat, hondarrez beteta dagoen eta arnasten dugun aire horrek gure organismoan izan ditzakeen ondorioen gainean gogoeta egitera bultzatzen duelako”.

Eta bide horretan bidaide bikaina aurkitu dute. “Adore handia eman digu ingurumen-heziketako taldeak aurkitzeak. Helarazi nahi ditugun mezuak bidaltzeko tresna ezin hobea da ingurumen-heziketa, gureez bestelakoak diren beste dinamika batzuk baliatzen baititu, hurbilagokoak diren beste teknika batzuk. Ingurumen-heziketak gure azterlanak eta ikerketak itzultzen ditu, jendeari iristen zaizkion esaldiak sortuz”. 

Ez da hau haiei buruz hitz egiten dugun lehendabiziko aldia (irakurri hemen) baina esaten dutena oso interesgarria da beti, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.