Posted

“Denbora asko galdu dugu ingurumen-gaiak giza osasunarekin ez lotzean”

Julio Díaz eta Cristina Linares zientzia-ikerketaren profesionalak eta txiolariak dira. Eta bat datoz hau adieraztean: ikertzea bezain garrantzitsua da dibulgatzea. Eta zoonosi batek eragindako pandemia batek gure zibilizazioaren oinarriak dardararazi dituen garai batean, beren arrazoibideak indarra eta zentzua hartzen du. “Jendeak jakin behar du ingurumen-arazoak zuzenean lotuta daudela beren osasunarekin”.

- - - - - - - -

Apirilaren 7an Osasunaren Munduko Eguna ospatzen da; aurten honeko lelopean: «Gure Planeta. Gure osasuna».

Planetaren osasuna eta gizakiarena oso harreman estua duela ez da lehengo aldia esaten duguna. Izan ere, 2021eko urtarrileko post batean adierazi genuenez, «Covid-aren krisiaren ondorioek gabezia asko utzi dituzte agerian ingurumen-erronken kudeaketan, eta erakutsi du gure osasuna eta naturarena estuki lotuta daudela» (irakurri hemen).

Gaur gaian adituak diren bi pertsonengana jo dugu: Julio Díaz eta Cristina Linares. Ikertzaileak dira Karlos III.a Institutuko klima-aldaketako, osasuneko eta ingurumeneko erreferentzia-unitatean.

Beren lanaren funtsezko zatitzat jotzen dute dibulgazioa, “jendeak ulertzen duenean baino ez baitu jarduten”. Hori dela-eta, 2015az geroztik Twitterreko @ensgismau beren kontua elikatzen dute, zeinak egun 7.150 jarraitzaile dituen. Horrez gain, hitzaldiak egiten dituzte, ikastaroak ematen dituzte, hedabideekin kolaboratzen dute, eta abar.

Beren helburua da herritarrei ulertaraztea planetaren osasuna eta gizakiona estu-estu lotuta daudela eta klima-krisia dugun mehatxu handietako bat dela.

Eta “zakuan zer den ikusteko, ahurtara bat aski”. Zuzenean klima-aldaketarekin lotuta dagoen gaixotasun zoonotiko batek eragindako pandemia batetik atera ezinik gaude egun.

Egoera honek aldaketa zorrotzak eta premiazkoak exijitzen ditu, baina, edonola ere, espero izatekoa litzatekeena baino mantsoago ari direnak gertatzen. Izan ere, pandemian zehar ahots asko goratu ziren eta aurreikusi zuten gizateria mehatxatzen duten arazoen gaineko kontzientzia hartuko zuela gizarteak, “baina oker ginen -damu du Juliok-. 2021ean %6 emendatu ziren CO2 isurpenak… 2020ko apirilean galdetu zidaten ea indartuta aterako ginen pandemiatik eta baiezkoa erantzun nuen… Hobe izango zen isilik gelditu banintz!”.

Duela hamarkada batzuetatik hona hitz egiten da osasunaren eta ingurumenaren arteko erlazioaz eta ingurumena andeatzeak dituen arriskuez, baina mezua azalean gelditzen da edo, gutxienez, ez da barneratzen nahikoa, gure erosotasuna eta bizimodua arriskuan jarriko duten erabakiak hartzera bultzatzeko. “Egia da. Ez dugu autoa aparkatuta utzi nahi, adibidez, edo gutxiago kontsumitu. Baina ez da bakarrik herritarren ardura”.

Eta puntu honetan, ez Juliok ez eta Cristinak ere ez dute baztertu nahi dibulgatzaile zientifiko moduan duten ardura. “Denbora asko galdu da ingurumen-gaiak giza osasunarekin ez lotzean. Denbora gehiegian lotu da klima-aldaketa izebergaren gainean dagoen hartz zuri ahularen irudiarekin. Horrek ekarri du ingurumenaz eta klima-aldaketaz hitz egiten den bakoitzean animalientzako mehatxuan pentsatzean, ez, ordea, gure osasunerako mehatxuan. Gauza jakina da duela urte batzuetatik kutsadurak eragina duela osasunean, batez ere haurren eta adineko pertsonen osasunean. Haurren bronkiolitisak klima-aldaketari lotuta daude, eta duela gutxiko azterlan batean jasota dago asma askoz ere gehiago hazten dela hirietan, airearen kalitate txarrarengatik. Arnas arazo batengatik neska baten heriotzari buruzko Erresuma Batuko auzitegien epai bat behar izan da kutsadura kausa moduan agertzeko… Ez bada esaten ingurumena osasuna dela eta osasuna ingurumena, nekez edukiko ditugu kontuan beste alderdi batzuk eta ez zaigu burutik pasa ere egingo, adibidez, autoa etxean uztea ez kutsatzeko”.

Hala eta guztiz ere, biak ala biak bat datoz hau adieraztean: “Aldaketek goitik etorri behar dute. Denbora asko daramagu zama herritarrengan jartzen, zer egin behar duten esaten, nola egin behar duten, baina ez dago babesik goitik, erakundeetatik. Bakarkako aldaketak garrantzitsuak dira, baina eraldaketa kolektiboak dira behartzen dutenak, jendea aldaraztea ekartzen dutenak. Garrantzitsua da erakundeen babesa, baina gure agintariei ingurumenaren arloko prestakuntza, sentiberatasuna eta heziketa falta zaie. Badirudi arazo konplexuei aurre egiteko beldur direla, agintean egon behar duten denboran arazo horri heltzeko nagitasuna sentitzen dutela. Eta argi dago klima-aldaketa orain arte aurrez aurre izan dugun arazo konplexu eta zailena dela. Dena den, erakundeentzat gai deserosoa da. Otsailaren 28an, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) txosten bat kaleratu zuen, baina Osasun Ministerioak ez du ezer esan, ez du txio bakar bat ere idatzi osasunarekin eta klima-aldaketarekin lotuta. Saharako ganduaren kontu horrekin ere ez zuen egin, eta hori hondar-partikulaz betetako airea arnasten aritu ginela! Osasun Ministerioak GIBaz, alkoholaz eta pandemiaz hitz egiten jarraitzen du, baina ez du ezer aipatzen ez klima-aldaketaz ez haren arriskuez. Zergatik ez dago ingurumeneko eta osasuneko zinegotzigorik, kontseilaritzarik eta zuzendaritza nagusirik?”.

Bien iritziz, Trantsizio Ekologikorako eta Osasunerako ministerioek elkarrekin egin beharko lukete lan, egunero ingurumen-arazoengatik aurrez aurre ditugun arriskuak askotarikoak baitira.

Juliok eta Cristinak argi dute:

– “Kutsadura akustikoak kutsadura kimikoaren inpaktu antzekoa du, gutxienez, hilkortasunean eta ospitaleratzeetan. Baina ez denez ikusten, ez da arazoa. Zirkulazioak eragiten duen zaratari ez zaio arretarik eskaintzen. Aisialdiak eragiten duen zarataz baino ez da hitz egiten, nahiz eta zirkulazioaren zarata hiri-inguruneetan egunero jasan behar dugun zerbait den. 

Osasun mentala. Gero eta lotura gehiago ari gara ikusten ingurumena andeatzearen eta osasun mentalak okerrera egitearen artean. Muturreko fenomeno meteorologikoek (lehorteak, bero-boladak, uholdeak), zarataz gain, kutsaduraz gain, kalte handia eragiten diote osasun mentalari. Eta ez dira bakarrik eko-antsietateko kasuak, baizik eta klima-fenomeno horiei lotutako gaixotasun mentalen agerraldiak. Hemen ikertzeko arlo garrantzitsua dago. Denok gaude haien arriskupean”.

*Iturria: sapienscuriosa.blogspot.com

Interesgarria iruditu bazaizu irakurritakoa, agian intereskoa izango dituzu beste hauek:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.