Hirietan auto pribatuen abiadura eta kopurua eta zarata murriztea helburu estrategikoa da hiri-ingurunea leheneratzeko, kutsadura gutxitzeko eta zirkulazio-istripuak murrizteko. Ikuspegi horrek hiria gizartiartzeko xedea ere badu, oinezkoei eta txirrindulariei protagonismoa itzulita, eta toki atseginagoak eta bizigarriagoak sortuta. “Trafikoa baketzea” esaten diogu horri.
Autoaren gehiegizko erabilerari sustagarria kentzen dioten eta hiri-inguruneetan zirkulazio-abiadura moteltzen duten neurriak ezartzean datza trafikoa baketzea, eta helburu nagusi hauek ditu:
• Bide-segurtasuna hobetzea, istripuen kopurua eta larritasuna gutxituz.
• Airearen kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztea, toki osasungarriagoak sortuz.
• Garraiobide iraunkorren erabilera bultzatzea, adibidez, bizikleta, garraio publikoa eta oinez egiten diren joan-etorriak.
• Espazio publikoa berreskuratzea, berdeguneetarako, parkeetarako eta gizarte-jardueretarako.
Iruñean, Joseba Asiron egungo alkatearen aurreneko agintaldian, “Hiria atsegin egitea” esan zitzaiona ezartzen hasi ziren. Horretarako, espaloiak zabaldu zituzten eta haietan hiri-altzariak kokatu ziren bertatik pasatzen zirenentzat, kaleak oinezkoentzat jarri ziren eta zenbait kaletara sartzea murriztu zen, besteak beste.
Handik gertu, Bilbon, 2020ko irailean, hiriko kaleen % 87tan “Bilbo 30” izenekoa ezarri zuten: orduko 30 kilometroko abiaduran ibiltzeko muga. Neurri hori ezarri zuen 300.000 biztanletik gorako Europako lehen hiria izan zen, eta ekarri zuen airearen kalitatea hobetzea eta istripuak % 10 gutxitzea.
Bere aldetik, Bartzelonan, Udalak orduko 30 kilometroko muga aplikatu zuen bigarren mailako kaleetan 2020ko martxotik aurrera, eta bai bide nagusi askotan ere 2020-2021ean. Hala, neurri hori hiriko bideen % 50-70era baino gehiagora hedatu zuen. “Super etxe-uharteen edo etxadien” kontzeptua garatu zen, gune horietan oinezkoak eta bizikletak lehenesteko.
Pirinioez haraindi, Parisen, 2021ean, orduko 30 kilometroko muga orokorra ezarri zen kale gehienetan, bidegorriak hedatzearekin batera. Eta hori guztia osatzeko, eremu adierazgarri eta entzutetsuak oinezkoentzat jarri ziren eta berdeguneak sortu ziren.
Eta Oslon, hirigunean aparkalekuak kendu ziren progresiboki eta auto partikularrak sartu ahal izatea mugatu zen. Ondorioz, oinezko eta txirrindularientzat hiri atseginenetako bat bihurtu zen.
Trafikoa baketzearen adibideetako batzuk dira horiek, baina ez bakarrak, Europako hiriek gero eta gehiago begiratzen baitiote pertsonen ongizateari eta zirkulazio-istripu larriak murrizten dituen, airearen kalitatea hobetzen duen, zarata gutxitzen duen, oinezko, terraza eta parkeetarako espazio publikoa berreskuratzen duen eta tokiko merkataritza eta turismo iraunkorra bultzatzen duen eredu honen alde egiten baitute.
Baina, batez ere, hiri atseginagoak sortzen ditu, eta haietan pertsonok gero eta argiago ikusten dugu mugikortasuna desberdina izan daitekeela, orain arte ezagutu duguna ez bezalakoa.
Mugikortasun jasangarriari buruz gehiago jakin nahi baduzu:
KUDEA>Go!, elkarlaneko landa-mugikortasuna
Bicimugi: landako eta hiriko esparruaren arteko mugikortasuna
Iturriak:
• El País: Bilbok orduko 30 kilometrora mugatu du gehieneko abiadura bertako kale guztietan
• BBC: Parisek orduko 30 kilometrora murriztu du abiadura bertako ia kale guztietan
• The Guardian: Nola kendu zituen Oslok aparkalekuak hirigunean eta gutxitu zituen autoak
• Bartzelonako Udala: Superilles proiektua
Utzi erantzuna