Posted

Zentzumenen Parkea: mundu osoko 50 ingurumen proiektu onenetako bat

Noain Iruñearen aldirietan dagoen udalerri txiki bat da. Orain dela urte gutxi arte, bere izena gehiago edo gutxiago lotzen zen bertako lurretan dagoen eskualde mailako aireportuari edo herriari atxikita dauden industrialdeetako industriei. 2006az geroztik, ordea, Noain izena etengabe dago lotuta ingurumen arloko sari eta aitortzei. Aldaketa garrantzitsu horren erantzulea Zentzumenen Parkea da, herriaren kanpoko itxura ez ezik, herri osoaren ingurumen sentiberatasuna ere aldarazi duen birika berdea.

- - -

BIRIKA BERDEA HERRI INDUSTRIAL BATERAKO

Zentzumenen Parkearen erdiko aldean pergola behatoki bat dago, eta handik ingurune osoaren ikuspegi orokor bat eduki daiteke.

Mundu osoko 50 ingurumen proiektu onenetako bat dela uste da. Munduko beste herri edo hiri batzuetan errepikatu ahal izatea balioztatu da, eta beste aitortza batzuen artean nabarmendu dira diseinurako, sorkuntzarako eta mantentzerako erabilitako irizpide ekologikoak. Ez dago zalantzarik: 55.000 metro koadroko eremua hartzen duen parke berezi bat dugu.
Bi gune handiren inguruan antolatuta dago Zentzumenen Parkea. Alde batetik, Lorenea izeneko eraikina dago, eta, besteak beste, bisitariei harrera egiteko balio du. Eta beste aldetik, parkea bera dago, estilo berezi eta bitxi baten arabera diseinatua, lorezaintzako bost mota desberdinen bidez bost zentzumenak erabili edo ustiatzeko.

    • IKUSMENA LORATEGI INGELESEAN lantzen da. Zuhaixken eta loreak dituzten landareen bilduma zabala du, bai bizikorrak eta bai sasoikoak ere. Horrez gain, arrosa lorategi batek multzoa osatzen du, non kolorea den protagonista.
    • UKIMENA LORATEGI FRANTSESEAN lantzen da. Bertan, belardiak, zuhaitzen lerroak eta landaresiak tartekatzen dira, eta beren uki eta ehundura desberdinak alderatzea ahalbidetzen dute.
    • USAIMENA LORATEGI MEDITERRANEARREAN lantzen da. Lorategi honetan usain landareen 20 espezie baino gehiago daude, haien bidez gozatu eta ikasi ahal izateko.
    • DASTAMENA LORATEGI JANGARRIAN lantzen da. Hain zuzen, fruitu txikien zuhaixkak dituen alde bat eta autobilketarako baratze bat daude, salmentarako. Den-dena modu ekologikoan lantzen da bertan.
    • ENTZUMENA LORATEGI JAPONIARREAN lantzen da. Lorategi honetan urak, zuhaitzek eta zuhaixkek erlaxatzeko eta soinuez gozatzeko txokoak eskaintzen dituzte, dela uraren bideekin dela haizeak adarren artean egiten duen soinuarekin.

Noaingo Zentzumenen Parkeko lorategi japoniarraren zati bat. Argazkia: Noain-Elortzibarko Agenda 21.

Eremu original honen inguruan –erdian urmael bat ere badu, behatokia duena, banatzaile eginkizuna duena eta ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera ematen duena–, beste azpiegitura eta zerbitzu batzuk sortzen joan dira, parkea bakana izatea eragiten dutenak.

Zentzumenen Parkea azpiegitura natural bihurtu da, herritarren eta ezagutu nahi duen ororen gozamenerako, eta, gainera, herri osoaren ingurumen kontzientzia handitzeko aitzakia izan da.

Parkearen inguruan azpiegitura desberdinak sortzen joan dira: Avicompo izenekoa, Lorenea eraikina (geroago emango dugu haien gaineko informazio gehiago), bizikleten banku bat eta baso txiki bat, herrian haurrak jaiotzen diren erritmo berean hazten dena urtero. Parkearen eta eremu horretaz gozatzera joaten diren pertsonen egunerokoa dinamizatzen duten jarduera desberdinak dira: direla Nafarroa osoko ikasleak, direla familia argazkiak egiteko, batik bat udaberrian, ikuspegi hauek hautatzen dituzten familiak, direla parkea jabetza pertsonala balitz bezala zaintzen duten herritarrak. Horrek guztiak eragina du bandalismo indizea txikia izatean.

Avicompo: hondakin organikoak oiloen arrautzekin trukatzeko azpiegitura bitxia

Avicompo izenekoa instalazio original bat da, aldi berean auzo konpostajerako gune eta oilategi gisa balio duena. Parkea paseatzeko erabiltzeaz gain, Noaingo herritarrek etekin handiagoa atera diezaiokete parkeari udal programa batean parte hartuta. Programa horrek aukera ematen du etxebizitzetako hondakin organikoak oiloen arrautzekin trukatzeko, hilabetean behin mini-abeltzain bat izateko esperientzia ematen duen auzo konpostajeko mota batean. Bideo honetan, instalazioaren funtzionamendua kontatzen da:

Avicompo instalazio soil bat da, kostu txikikoa, 1.200 litroko hiru konpost-ontzik eta oilategi batek eratutakoa. Kanpoko bi patio txikitarako sarbidea du. 30 familia boluntariok egunero eramaten dituzte beren janari hondarrak, eta hilabeteko egun batean Avicompora botatzea egokitzen zaie. Bertan, hamar oilok eta oilar batek ia soil-soilik hondakin organiko horiek jaten dituzte. “Ordain” moduan, familia bakoitzak egun horretan sortutako arrautzak eramaten ditu etxera, bere hondakin organikoen kudeaketan ardura hartzeagatiko pizgarri zuzen moduan. Lortutako gainerako konposta auzo baratze batean erabiltzen dute. Lehen urtean 4.740 kilogramo hondakin organiko bota zituzten, 6,5 eta 20,7 kilogramo artean eguneko, eta inauste hondakinen 200 kilogramo baino gehiago. Kalitate handiko 1.884 kilogramo konpost sortu ziren, eta parte-hartzaileek kalitate handiko eta elikagai segurtasuneko 2.400 arrautza bildu zituzten.

Parkeko erreferentziazko beste leku bat: lastozko etxea

Lorenea eraikina erreferentziazko lekua da parkean. Bisitariei harrera egiteko gunea da, lorezaintza eta baratzezaintza ekologikoko interpretazio zentroa, udal bulegoa, denda, kafetegi ekologikoa eta bizikleten gaineko aholkularitza zerbitzua.

Bisitariei harrera egiteko gunea, lorezaintza eta baratzezaintza ekologikoko interpretazio zentroa, udal bulegoa, denda, kafetegi ekologikoa eta bizikleten gaineko aholkularitza zerbitzua. Horiek dira parkeko beste erreferente baten eginkizunetako batzuk: loreen etxea edo Lorenea eraikina. Udalerriko biztanleek sortutakoa da, ingurumen boluntariotzako ekimen baten bidez.

Azpiegitura berezia bere estetika eta eraikitzeagatik ere bada, eraikuntza bioklimatiko pasiboko irizpideak aplikatuta eginda baitago. Hartara, oso bitarteko gutxirekin, energia aurreztea eta eraginkortasunez erabiltzea ahalbidetzen du. Diseinuan hainbat alderdi hartu ziren aintzat, esate baterako, orientazioa, isolatze zuzena, lastozko hormetan oinarritutakoa, eta eguzkia, berotzeko energia nagusi moduan. Eraikuntzako elementuak hemen kontsultatu ahal dira.

Bertan lan egiten dutenek eta handik igaro direnek fede ematen dute eraikina eraginkorra dela energiari dagokionez: udan, barneko tenperatura oso fresko egoten da; eta neguan, eguzkia edo udaleko lorezaintza zerbitzuak biltzen duen egurra erabiltzen duen berogailu bat nahikoak dira bero edukitzeko. Energia berriztagarrien hiru instalazio –biomasa, eguzki energia fotovoltaikoa eta haize energia– nahikoak dira behar den energia elektrikoa emateko.

 Lorezaintza ekologikoa, kontaktua animaliekin, aisiako eta pedagogiako eginkizuna, landa hirira hurbiltzea, elikagaien jatorria ulertzea, bandalismoa gutxitzea… Zentzumenen Parkeak Noaini ekarri dizkion onuretako eta ezaugarrietako batzuk dira, eta batek nolabaiteko inbidia sentitzen du maiztasun handiagoarekin gozatzeko aukera dutenekiko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.