Posted

Zuhaitzek izenak eman dizkiote Iruñeari

Mikel Belaskorekin hitz egiteak historiari eta egungoak azaltzen dituzten paisaia ahaztuei leiho bat zabaltzea dakar beti. Egungo Iruñea ezagutzeko landarediak duen garrantzia azaldu digu. Hiriko toponimiak basoez eta zuhaixkez, artzaintzaz, zuhaitzak mozteaz… hitz egiten digu; azken batean, hiriaren eta bertako biztanleen historiaz.
Pamplona 1956, "Historia del abastecimiento", David Alegría Suescun

- - - - - - - - - - - - -

Iruñea hiri berdetzat jotzen da, landare ugari baitu. Hiriak egun birika asko ditu, baina, Mikel Belaskok kontatu digun moduan, historian zehar ez da beti hala izan.  

Mikel Belaskorekin hitz egiteak historiari eta egungoak azaltzen dituzten paisaia ahaztuei leiho bat zabaltzea dakar beti. Toponimian aditua da, zenbait libururen eta prentsako artikuluren egilea, kolaboratzailea hedabideetan eta erakundeetan, eta, batez ere, hizkuntzaren eta hizkuntzak gordetzen dituen sekretuen zalea.

Landaretza horrek, edo landaretza ezak, Nafarroako hiriburuko toponimian eduki duen garrantzia ulertu dugu berarekin. Eta hala jakin dugu, gerra askotako gudu-zelai izanik, denbora luzean Iruñeak hirigunetik gertu basoak edukitzea ekidin zuela, etsaiek haietan babes hartzea saihesteko.

Horren adibidea da, esate baterako, Taconera parkea. Izen hori jada 1276an argitaratu zuten, inguru horretako zuhaitz guztiak moztu eta motzondoak bakarrik utzi eta gero (gaztelaniazko “tocón”). “XVII. mendean nagusitu ziren berriro zuhaitzak parkean”.

Basoberritzeko ondorengo saiakerek Basotxoa ekarri zuten, egun parke horren barnean kokatua. Hiriko zenbait zuhaitz berezi hartzen ditu barne: sofora japoniar bat, gorosti bat, ailanto bat, lizar arrunt bat…

Eta hirigune historikotik aterata, izen botanikoak dituzten zenbait auzo ditugu.

Badirudi Arrosadia (1489ko izena) izenak inguru hau hartzen zuen arrosadiari egiten diola aipamena.

Mendillorri (1192) bi hitzen batura da: “mendia” eta “elorria”, muino horretan ugaria baitzen. Bideo honetan auzo honeko paseo bo0tanikoan aurki ditzakezun beste bitxikeria batzuk ezagutuko dituzu.

Arantzadia edo elorria ere baziren Arantzadi (1291) eta Beloso (1177).

Lezkairu, lezkak ugari zituen tokia, beste landare-mota bat. Inguru honi Soto ere esaten zioten, artzaintzarako toki aproposa, zuhaiztia izan ezin zitekeena. Izendapen hori oso garrantzitsua zen garai hartan, abeltzainek ez baitzuten baimenik artaldeak haietatik kanpo eramateko bazkatzera.

Hala eta guztiz ere, zuhaitz-ale zaharrenak kontserbatu diren toki bakarra Ezkaba mendia da. “Tradizionalki hiriko basotzat hartu izan da. Izan ere, Atarrabian Oianpea kalea dute, “oihanaren pean”, herri horren kokapenari aipamena eginez”.

Mikelek hiriaren ikuspegi bat eman digu. Basoez eta zuhaixkez, artzaintzaz eta zuhaitzak mozteaz… hitz egiten digun Iruñeko toponimiaren zertzeladaren bat azaldu digu; azken batean, hiriaren eta bertako biztanleen historiarena.

*Goiko argazkia: Pamplona 1956, “Historia del abastecimiento”, David Alegría Suescun: http://www.mcp.es/sites/default/files/basicpage/historia_del_abastecimiento_1.pdf

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.