Orientazio aproposa eguzkiaren argitasuna optimizatzeko eta tenperatura kontrolatzeko, material naturalak eta tokikoak, adibidez, egur-txirbilak, artilea eta lastoa, eta beren bizi-zikloa amaitzen dutenean berriro ere naturan integratzen diren eraikinak. Horiexek dira bioeraikuntzaren irizpideak.
Iñaki Urkia (Tafalla, Nafarroa, 1962) adierazgarri argietako bat da. Harengana joan gara lastozko etxeez, auzo bioklimatikoez, etxebizitzen isolatze naturalaz… hitz egin diezagun.
- Zerk bultzatu zintuen arkitektura ekologiko eta iraunkorrera hurbiltzera, termino horiek herritar gehienentzat oraindik ere ezezagunak ziren garai batean?
Oso prozesu naturala izan zen. Aita arotza zen, eta amak olibondoak eta mahatsondoak zituen, eta, beraz, txikitan naturarekin eta elementu naturalekin harreman zuzen-zuzenean bizi izan nintzen beti. Gainera, naturari eta elementu naturalei eman ahal zitzaien erabilera ikusi nuen familia osoak harrizko txabola bat eraiki zuenean Puiun gure erleentzat.
Etxean espontaneoki egiten genuena gero Tafallako Talde Ekologistan landu genituen lehen proiektuak bihurtu ziren. Turbinak, haize-errotak… Nuklearren aurkako mugimenduen urteak izan ziren, energia berriztagarrien alternatiben bila aritzekoak.
Zer ikasi aukeratzeko garaia iritsi zenean, Biologia ikasteko asmo handiagoa nuen, baina bizilagun batek Arkitektura ikastera animatu ninduen, beti izan baitut gogoko marraztea. Ideia ona iruditu zitzaidan, eta hemen nago orain.
- Ikasketen amaierako proiektua arkitektura ekologiko eta iraunkorrerantz bideratu zenuen.
Bai, hala da. Oso kontzientziatuta nengoen. 84an, anaiarekin batera, “Energía hidráulica y eólica práctica” liburua kaleratu nuen. Oso urte politak izan ziren, bioeraikuntzaz, geobiologiaz… hitz egiten hasi ginen. Toki geografiko desberdinetako arkitektoak elkartzen ginen eta batera jartzen genuen egiten genuena. Asko ikasi genuen. Karrera amaitzeko egin nuen proiektua Tafallako “El Vivero” baserri eskola eraikitzeko diseinua egiteko izan zen, eta bertan ikasita neukan guztia sartu nuen.
- Eta orain bide horretatik jarraitzen duzu. Izan ere, zure jardun profesionalak bioeraikuntzan jartzen du arreta, eta administrazio publikoarentzat eta bai bezero pribatuentzat ere egiten duzu lan.
Bai, Lorenea egin dugu Noainen, Arbizuko kanpina eta Zubiriko Agotzenea aterpetxea. Biotzariko alkate nintzenean, Berriotzarreko gaztetxea eraikitzeko egurrez hornitzeko lanetan ere lankidetzan aritu nintzen. Hura egurra eta agotza erabilita egin zen. Javier Esquisabel eta Fernando Martínez izan ziren proiektuaren disenatzaileak.
Horren ostean Lizasoko Slow Food-eko barraskiloa egitea tokatu zitzaidan hango baserri eskolan, bioeraikuntzaren ikastaro luze baten medio.
Orain, Ilurdotzen etxe bat egiteko proiektu batean ari naiz, eta etxeren bat egin dugu Zorokiainen, gaztandegi txiki bat Lizason eta bi zuhaitz gaineko txabola Hiriberri Artzibarren.
- Baina ez zara aritzen eraikitzen bakarrik. Prestakuntza ere ematen duzu.
Bai. Gero eta jende gehiagok ikasi nahi ditu teknika hauek, norberak bere etxea egiteko. Bide ona da, eta, gainera, administrazioa inplikatzen ari da. Adibidez, Lizasoko baserri eskola eraiki ahal izan zen ekimen pribatuari eta publikoari esker.
Edonola ere, onartu behar dut, oro har, egin gabe mahai gainean gelditu izan diren proiektuak administrazioarenak izan direla. Oso astuna da, ez da hain arina, arriskuak bere gain hartzen eta prezioetara egokitzen den partikularren taldearekin alderatzen bada. Kasu horretan, lehentasuna bizi-kalitatea da.
Prestakuntza-kopurua handitzea ere ez da harritzekoa. Mota honetako etxe bat eraikitzea enpresa batek egiten badu, 1.000 euro inguru kostatzen da metro koadroa. Norberak egiten badu, ordea, 600 euro inguru dira. Aurreztea lortzen dena nabarmentzeko modukoa da, nahiz eta, argi esan behar den, halako proiektu bati ekiteko denbora asko eta asko eskaini behar den, urtebete edo urte pare bat gutxienez.
- Egiten erakusten duzun etxe horiek zer ezaugarri dituzte?
Mantentzen oso errazak dira. Udan freskoak izaten dira, eta neguan, beroak. Hori lastoaren bidez lortzen dugun isolatzeari esker gertatzen da. Isolatzaile horren prezioa isolatzaile industrial batena baino askoz ere merkeagoa da, eta, hortaz, eraikin osoarena ere halakoa da. Isolatze horrek, era berean, eragina du berokuntzan, ez baitu eskatzen ezta mila kilogramo egur ere erabiltzea urtean. Beraz, hor ere aurrezpen handia lortzen dugu.
Gauza berbera gertatzen da eraikitzeko erabiltzen den zurarekin ere. Ia ez dago landua eta beti hurbileko lekuetatik iristen da, inguruko zerrategietatik. Hartara, tokiko negozioa babesten da eta erabiltzen den produktua 0 kilometrokoa da; horrenbestez, karbono-aztarna ez da handitzen.
Gainera, etxearen bizi-zikloa amaitzen denean, ardientzako janari edo konpost bihurtzen da. Eta hori kontuan hartu behar da.
Hau da, eraikuntzan kalitate bikaineko materialak erabiltzen dira (bioeraikuntzari buruz egindako Europako azken biltzarrean, Valentzian, adierazi zuten lastoa hobekien katalogatuta dagoen material isolatzailea dela), baina naturari kalterik egin gabe.
- Eraikinen bizi-zikloa aipatzen duzu. Hiru txerritxoen ipuinean, lastozko etxea zen aurrena ateratzen zena hegan. Gauza berbera gertatzen al da benetan?
Kar-kar, kar-kar. Ez, ez. Neandertalen garaitik erabiltzen da lastoa eraikitzeko. Batzuetan, bakarrik, eta beste batzuetan, lurrarekin nahastuta. Lastoa adreilu moduan erabiltzen XX. mendearen hasieran hasi ziren, Nebraskan, Ameriketako Estatu Batuetan, han ez baitzuten zur onik. Eta etxe haietako batzuk, jada 120 urte dituztenak, ezin hobeto daude eta oraindik ere erabili egiten dira. Hormigoi armatuzko bloke bakar batek ere ez du bermerik ematen behin 50 urte igaro eta gero… Beti konpondu egin behar da.
- Zer desberdintasun dago Passivhaus estandarraren arabera egindako etxeen eta bioeraikuntzako etxeen artean?
Guk, txantxetan, Passivhaus eta pajishaus esaten dugu (gaztelaniazko “paja” hitzetik). Alde nagusia aireztapen-sistema da. Esan daiteke lastozko etxeetan bero-galera txikiagoa dagoela eta aireztapena modu naturalean gertatzen dela.
Nafarroako Gobernuak aireztapen ona eta airearen kalitate ona exijitzen du. Orain, isolatze termikoko bere araudia zorrotzagoa da. Hori abantaila da bioeraikuntzarako, lehen uste oso eta sendoa genuelako egiten genuenak orain legezko babesa baitu.
- Esan al daiteke Nafarroa aitzindaria izan dela bioeraikuntzan?
Ziurtatu daitekeena da Nafarroak natura pribilegiatua duela eta mendiko aran batzuetako biztanleria-dentsitatea Alaskakoa baino txikiagoa dela; beraz, ingurumenarekiko errespetuzkoak diren etxeak egiteko lekua dugu.
Horrez gain egur, agotz eta kare ezinhobea dugu. Ez dugu deus gehiagorik behar.
Azken bolada honetan etxebizitzen birgaikuntza egiteko, bioeraikuntzaren irizpideak jarraitzen ari dira, eta hori oso gauza ona da. Herriko arkitektura-ondare aparta dugu, zaindu eta hobetu behar duguna.
Gainera, administrazio publikoa auzo bioklimatikoak eraikitzearen alde egiten hasi da, eguzki-energia baliatzeko irizpideekin. Esate baterako, Sarrigurenen saiatu zen, nahiz eta gero emaitza ez zen izan espero zena bezain ona. Batzuetan, gehiegi nagusitu da diseinua, argazkian hobeki gelditu zedin.
Zaragozan gehiago asmatu dute horretan. Goya parkea eta Valdespartera auzoa bioeraikuntzaren adibide onak dira.
Eta horrelako hausnarketetan uzten dugu arkitekto berezi hau, proiektu berriei begira eta lanean buru belarri aritzeko gogoz. Harekin hitz egin ondoren argi eta garbi geratu zaigu bioeraikuntza ez dela moda bat, ingurumenarekiko harreman bat baizik.
Utzi erantzuna