Posted

Arrain nekazaria

Sistema akuaponikoa da Farmer Fish, miniaturazkoa, edonoren eskueran dagoena, eta bertan arrainak baserritarrak dira eta landareek ura garbitzen dute. Bere xedea da erraztea ikasi ahal izatea nola erlazionatzen diren biologikoki eta modu iraunkorrean izaki bizidun desberdinak. Izan ere, batzuetan ahaztu egiten zaigu naturan izaki guztiek orekan bizi behar dutela.

- - - - - - - - - - -

Esaten dute akuarioei begira egoteak bakea eta sosegua helarazten duela. Orain, irudikatu bat etxean, bulegoan edo eskolan kokatuta eta jarri gainean landare polit batzuk, hazteko lurrik behar ez dutenak. Hori da funtsean *ZubiGune Fundazioak, Farmer Fish izeneko erronkaren bidez, proposatzen duena, eta ZubiOrganic proiektuan sartzen da.

Hain zuzen ere, sistemaren helburua da erraztea ikasi ahal izatea nola erlazionatzen diren biologikoki eta modu iraunkorrean izaki bizidun desberdinak. Begetalak eta landareak zaintzen dituen baserritarra da arraina. Jaten duenean, landareak hazi egiten dira, bioekonomia zirkularreko ekosistema txiki horretan modu naturalean sortzen diren mantenugaiak edo nutrienteak aprobetxatuz. Azken batean, guk arraina zaintzen dugu, arrainak landareak elikatzen ditu eta landareek arrainaren ura garbitzen dute. “Hori baino konplexuagoa da sistema, baina, hain zuzen, horrela laburbildu ahal izango litzateke. Aurretiko prozedura baten bidez, arrainek sortutako hondakinak landareetarako mantenugai bihurtzen dira. Landareek mantenugai horiek xurgatzen dituzte eta ura prest uzten dute arrainentzat. Miniaturazko sistema akuaponikoa da, eta bertan berriro aprobetxatzen dira baliabideak etengabe”, azaldu du Jose Mari Muñozek, proiektuaren arduradunetako batek.

Lankideekin batera, Jose Marik arrainen baserri hau ikastetxeetan, enpresetan, bulegoetan eta abarretan sartzeko lan egiten du; alde batetik, habitatei eusteko eta espezieak kontserbatzeko oreka biologikoa zeinen beharrezkoa den kontzientzia hartzeak duen garrantziarengatik; eta beste alde batetik, osasunerako naturako elementuekin etengabeko kontaktuan egoteak dituen onurengatik. “Oraingoz, gure esperientzia handiena ikastetxeekin daukaguna da, zehazki, Lehen Hezkuntzako eskolekin. Haietan, onarpena eta ikasleen eta irakasleen inplikazioaren maila bikaina izan da hasieratik”.

Funtzionamendua eta mantentzea erraza da. “Bai, edozein adinetako eta profiletako pertsonentzat da. Publikoa oso gaztea denean kontzeptuak sinplifikatu egiten dira, eta ikasleentzat eta interesa duten eta adinez handiagoak diren beste batzuentzat denean, ikuspegia teknikoagoa da”. Hazkunde motela duten landare batzuen haziak ematen ditu Fundazioak. Izan ere, 10 egun ere igaro daitezke haziak jartzen direnetik lehenbiziko ernamuinak ikusten diren arte. Baina ez bada itxaron nahi, gehien gustatzen zaizkigun landareen aldaxkak aldatu ahal dira zuzenean loreontzien substratuan, landareak jatorrian zuen lur guztia kenduta aurretik. “Landarea gehiegi hazten bada, gidatu egin beharko da soka edo euskarri batekin, estalkia eta loreontziak landare txikiak hartzeko diseinatuta baitaude”.

Gorago esan den moduan, landareek akuarioko uretatik bertatik lortuko dute bizigaia. Hori dela-eta, garrantzitsua da arrainen elikagaia egokia izatea arrain orojaleentzat eta hondora daitekeena, flotatzen gelditzen diren formatuak edo ezkatenak iragazte-sistemara iristen baitira, arrainek jateko aukera izan baino lehen.

Jarraibide erraz horiek aintzat hartuta, akuarioaren baretasunaz gozatu ahal izango da eta bai landare naturalen berdetasunaz ere toki itxietan. Baina ondorio ikusgai eta ukigai hauen pean, erabateko filosofia eta asmoen adierazpena dago. “Hau arrainek sistemaren orekan egiten duten lana irudikatzeko modua izatea nahi dugu. Arrainek landareak elikatzen dituzten hondakinak sortzen dituzte. Hartara, arrainak landareak zaintzen dituzten “baserritarrak” dira. Baina, egiatan, lortu nahi duguna da pertsonek ulertzea eta oso modu praktikoan barneratzea hainbat kontzeptu, hala nola bioekonomia zirkularrarena, iraunkortasunarena, akuaponiarena, uraren aprobetxamenduarena eta energia berriztagarrien aplikazioarena”, ondorioztatu du Jose Marik.

_______

*ZubiGune Fundazioa irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatua da, enpresen, Usurbilgo (Gipuzkoa) Lanbide Heziketako ikastetxearen eta zentro teknologikoen itunaren emaitza, ingurunearen garapen teknologiko eta sozialean inplikatuta dauden agenteen lankidetzarekiko konpromisotik sortua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.