Posted

Kutsatzaile kimikoak goi-mailako harrapakariengana iristen dira

Orken ehunetan kutsatzaile kimikoak egoteak egiaztatu egiten du osagai kutsatzaileek gorantz egiten dutela elikadura-sisteman. Lehenbizi, ozeanora iristen dira hondakin-uren araztegien eta industria-isurketen bidez, gero organismo txikiagoek irensten dituzte eta, ondoren, beste handiago batzuek, haien artean gizakiok. Eta horrek guztiak zer pentsatua ematen du…
Imagen de Eveline de Bruin en Pixabay

- - - - - - - -

Kanadako Columbia Britainiarreko Unibertsitatearen (UBC) azterlan batek orken ehunetan kutsatzaile kimikoen presentzia detektatu du. Hartara, goi-mailako harrapakarietan kutsatzaile horiek egoteak esan nahi du kutsatzaileek elikadura-sisteman gorantz egiten dutela.

Lehenbizi, kutsatzaileak ozeanora iristen dira hondakin-uren araztegien eta industria-isurketen bidez, eta gero organismo txikiagoek irensten dituzte. Baina kontu ezaguna da arrain handiak txikia jaten duela, eta, hortaz, osagai horiek gero gorantz egiten dute elikatze-katean, gailurreraino iritsi arte.

Identifikatutako kutsatzaile gehienak substantzia perfluoroalkilatuak eta polifluoroalkilatuak dira, oso ohikoak diren produktuetan egoten direnak, hala nola ziretan, zartagin itsasgaitzetan, kosmetikoetan eta abarretan. Eta “Betiereko kimikoen” multzoa osatzen dute. Zehazki, izen hori ematen zaie ingurumenean luzaroan irauten duten osagaiei, degradatu eta desagertu gabe.

Osagai horietako asko, era berean, substantzia toxikoen zerrendaren barnean daude, kutsatzaile organiko iraunkor (KIO) berri ere esaten zaienen zerrendan. Zenbait adituk merkatutik kentzeko exijitzen dute, izaki bizidunen osasunari eragiten dioten substantziak baitira. Eta, jakina, izaki bizidun horien artean gizakiak gaude.

“Jendeak jakin behar du ingurumen-arazoak zuzenean lotuta daudela beren osasunarekin”, adierazi zuten Julio Díazek eta Cristina Linaresek aurreko argitalpen batean (irakurri hemen) Eta argi dago zuzen zebiltzala, Kanadako orkei gertatzen zaiena zuzenean ari baitzaigu eragiten.

Egoera honek aldaketa zorrotzak eta urgentziazkoak exijitzen ditu, baina, hala ere, badirudi aldaketa horiek desiragarria litzatekeena baino motelago gertatzen ari direla. Hamarkada batzuk badira osasunaren eta ingurumenaren arteko erlazioaz eta ingurumena andeatzeak dituen arriskuez hitz egiten ari garela, baina, antza denez, mezua ez da sakon sartzen edo, gutxienez, gure erosotasuna eta bizimodua arriskuan jarriko duten erabakiak hartzera eramango gaituen modu batean.

Horretan pentsatzen badugu gutxienez, lehenbiziko pausoa ematen ariko gara.

*Iturria

https://www.agenciasinc.es/Noticias/Encuentran-restos-toxicos-de-papel-higienico-y-quimicos-eternos-en-las-orcas

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.