Posted

Urumea, ur-meheen ibaia

Urumea ibaian kanoan egiten diren paseoak eskaintzen dituen enpresa bateko gerentea da Unai Elizasu. Ingurumenarekiko konpromisoa hartuta, paseo horietan ibaia garbitzera gonbidatzen ditu bezeroak, beste garbiketa-jarduera batzuk antolatzen ditu eta hiriaren fisonomiari itxura eman dion –presente dago bere identitatean– eta ahanzturan galtzen diren garaietatik jende eta inguruabar asko ezagutu dituen ibai baten istorioak kontatzen ditu.

- - - - - - - - - -

Unai Elizasu 14 urterekin hasi zen arraunean. Lehenbiziko arraunkadak Urumea ibaian eman zituen, Donostian, eta aurreneko unetik ibaiaren magiaz maiteminduta gelditu zen.

2010ean, ideia bat ibili zuen bueltaka eta bueltaka buruan. Nola zitekeen posible hura bezalako ibai batean inork ez eskaintzea barnetik ezagutzeko aukera? Eta lanari ekin zion.

Sari handiena, Kontxako bandera, eskuratzeko uda-sasoian gehien saritutako traineruak irailean elkartzen dituen hiri batean, Unaik erabaki zuen, aisia moduan, lehia alde batera utzirik, besterik gabe dibertitzeko, arraunean aritzeko aukera nahi zuenari gerturatzea.

Eta hala jaio zen Arrauning, ibaian kanoa-irteerak antolatzen dituen enpresa bat. Horrez gain, pedalontziak alokatzeko aukera ematen du eta neurrirako jarduerak prestatzen ditu, adibidez, ibaia garbitzekoak, zeinak konstante bat diren bere egunerokoan.

Nolanahi ere, ez dago egutegi finkorik garbiketa horietarako. “Ez, ez dugu egun jakinik ibaia garbitzeko. Gure irteera guztietan garbitzen dugu. Eta, horrez gain, une bakoitzaren beharretara egokitzen gara: marea biziak, euria, hondakinak pilatzea, uraldiak eta abar.

Eskola-jarduerak ere antolatzen ditugu. Ekintza jolas gisa planteatzen dugu, “altxorraren bila” ibiltzea bezala. Izan ere, azken batean, hondakinak uretakoak ez diren altxorrak dira. Askotan, ez dugu ezer ateratzen eta hori ere oso ariketa interesgarria da, txikiek uste baitute ibaia zikin dagoela eta gero ohartzen baitira ez dagoela hala”.

Donostian, garai batean, herri-esaera bat esaten zen: “Cómo huele el Urumea, cuando baja la marea” (Zer usaina darion Urumea ibaiari, itsasbehera dagoenean). Edonola ere, egia da duela denbora batetik garbiketa-lanek esaera hori zentzurik gabe uzten lagundu dutela. “Ibaia orain nahiko garbi dago. Izenaren esanahiari hurbiltzen ari zaio: ur mehea, ur gardena. Hala ere, asko dago egiteko. Udalaren laguntza edukiko bagenu garbiketa profesional bat egiteko, astean behin uretara sartuz, askoz ere garbiago eduki ahal izango genuke”.

Loiola eta Loiolako Erriberak auzoak ibaiari begira dauden modako toki bihurtu izanak Urumea ibaiari aurpegia garbitzen lagundu du. Dena den, Unai oso kritikoa da eraiki berri denarekin. “Batzuk kexatu egiten dira etxean hezetasuna dutelako. Baina Erriberetan bizi badira…! Hori ibaia ez ulertzea da”.

Ibaiaren ur-goraldiaren eraginak ekiditeko edo, gutxienez, minimizatzeko hartu diren neurriekin ere oso kritikoa da. “Toki batzuetan, lekua eman zaio ertzetan, baina beste batzuetan, besterik gabe, horma erraldoi bat eraiki da, ibaia barnetik bizi dugunoi inguruan duguna ikusi eta behatu ahal izatea eragozten diguna. Nire ustez, egun, asko begiratzen zaio Urumeari, baina ez Urumeatik bertatik. Eta zerbait zaindu ahal izateko, ezagutu egin behar da. Ezagutzen denean bakarrik maitatzen eta zaintzen da. Eta horixe da gure helburua: Urumeak eragiten digun zaletasuna eta maitasuna jendeari helarazi ahal izatea barnetik”.

Eta bezeroen erreakzioa aintzat hartuta, Unaik helburua betetzen du. Ibaian gora doazen bitartean Donostiaren historiari, inguru horren eraldaketari eta abarri buruzko azalpenak entzuten dituzten bezeroek itzultzean ikusten dituzten hondakin guztiak biltzen dituzte. “Egia esateko, gogotik saiatzen dira”.

Esaten duenez, aurkitutako hondakinen artean denetik dago: garbigailuak, labeak, motorrak, eskiak, bizikletak, erosketa-orgak, isunak, azterketa medikoak, liburuak, oheak, armairuak, gurpilak, pioletak, arnesak, panpinak eta abar. “Sarritan, ateratzen dugun hori ondo badago, berrerabili egiten dugu”.

Aurkitutako hondakin bitxienen artean, 1965ean idatzitako maitasun-gutun bat dago. Bere horretan zegoen eta testua argi eta garbi irakur zitekeen. Marea bizi batzuen ondoren aurkitu zuten, egun batzuk geroago. Ohikoa ez zen tokiren bateraino iritsiko zen ura eta folioa herrestan eramango zuen. Ibaia garbitzen ari zela Unaik aurkitu zuenean, hartu egin zuen, “besterik gabe, papera zelako eta, beraz, zabor bat”. Goiburuan “Madrid, 15 de abril de 1965” (Madrilen, 1965eko apirilaren 15ean) irakurri zuenean, ordea, zerbait berezia zela konturatu zen. Regina madrildarrak Fermin donostiar maiteari idatzi zion. “Garai batean idazten zen maitasun-gutun horietako bat da, eta ez orain bezala, dena Whatsappen bidez esaten dela. Politena izan zen bikote horrekin harremanetan jarri eta gutuna eman ahal izatea. Senar-emazte zoriontsuak dira eta Donostian bizi dira”.

Historia luzea duen eta orain Unaik kanoaz ibiltzen duen eta maitasunez zaintzen duen ibai batek gordetzen dituen istorio ugarietako bat da.

Beste ibai tazuen barnean dauden istorioak ezagutu nahi badituzu, irakurri artikulutxo hauek:

Premiazkoa: hondakin plastikorik ez ibaietan

Erne: akuiferoak arriskuan daude (World Water Day)

Gure ibaietako oroitzapenak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.