2022ko irailaren 20an, sute batek Ezkaba mendiaren mazelak suntsitu zituen. Mendi hori zenbait hirigunetatik hurbil dago, besteak beste, Iruñetik, eta Iruñerriko baso zaharrena dago bertan.
Doña Mayor ikastetxe publikoa menditik oso gertu dagoen auzo batean dago, eta, horrenbestez, gertakari horren lekuko zuzena izan zen. Ikastetxe horrek zenbait urte daramatza ingurunea zaintzearekin eta ingurumenaren gaineko kontzientzia harraraztearekin lotutako proiektuak garatzen, eta, beraz, laster ikusi zuen erronka aukera bihurtzeko eta “Ezkaba Reforest´action” egitasmoari ekiteko modua. Zehazki, egitasmo hori Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek garatu zuten, Nekazaritza eta Basogintzako IIP, Donibane IIP eta Maria Ana Sanz IIPko ikasleekin elkarlanean, denak Iruñeko ikastetxeak.
Eta halako ingurumen- eta hezkuntza-eragina izan zuen, bai parte hartu zuten ikastetxeetako hezkuntza-komunitaterako, eta bai ikastetxearen auzorako ere, ezen Iruñeko Udalaren 2023ko Ikaskuntza eta Zerbitzuko Proiektuen sariketan saria jaso baitzuen.
Joan den ikasturtean, ikastetxeak Donibane IIPko “Recuperemos Ezkaba” Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektuan parte hartu zuen, mendiko biodibertsitatea leheneratzen laguntze aldera, habia-kutxak muntatzen eta kokatzen. Hortaz, ikasleak oso trebatuta zeuden ingurune horrekin.
Hala ere, sutearen ondorengo errealitatea gertuagotik ezagutu nahi izan zuten eta Nekazaritzako eta Basogintzako IIPko ikasleak egiten ari ziren mozketa-lanak bisitatu zituzten. Eta, hala, une horretan, ohartu ziren mendia basoberritzeko lanetan lagundu zezaketela eta, aldi berean, mendiaren mugakide den ingurabidean gertatzen den aire-kutsaduraren eragina leuntzeko hondar-aletxo bat jar zezaketela.
“Ezkaba Reforest´action” proiektua zientzien arloko curriculumarekin lotzen da, eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lerrokatzen da, ikastetxea inguratzen duen ekosistema aztertzeari dagokionez. Gainera, zeharka, curriculumeko beste arlo batzuekin lotuta dago, adibidez, gaztelaniarekin, matematikarekin, arte-adierazpenarekin eta robotikarekin.
Egitasmoa garatzeko, ikastetxeak irizpide profesionalak eta teknikoak eta Udalaren aholkularitza izan zituen, ikastetxean ezartzeko helburuarekin, hartara, plantazioaren mantentzea emateko eta denboran iraungo zuen lotura bat lortzeko, komunitaterako erreferentzia bihurtuko den baso txiki bat sortuta.
Hala, urtarrilean, 60 zuhaitz landatu ziren, jasotako aholkularitza teknikoaren arabera hautatutako hiru espezie desberdinetakoak: Quercus pubescens edo ametz ilaunduna, Prunus mahaleb edo oilarana eta Pinus halepensis edo Aleppo pinua. Eskualdeko Hiri Garraioko garajeen atzealdeko lursailean landatu zituzten, zehazki. Horretarako, metodo tradizionala erabili zuten, eta ingurumen-inpaktu ahalik eta txikienarekin. Basoberritzeko erabili ziren zuhaitzak Doña Mayor ikastetxeko ikasleek landatu zituzten, loreontzietan, Nekazaritzako eta Basogintzako IIPko irakasleek antolatutako jarduera batean. Horrek ahalbidetu zien behatzea eta etxean zaintzea bi hilabetean.
Beste ekintza batzuk ere egin ziren proiektua osatzeko. Apirilaren 18an, ikasleek diseinatutako erakusketa inauguratu zen, hartara, proiektuari zabalkundea emateko Arrotxapeko San Pedro ingurumen-museoan. Proiektuko ekintza garrantzitsuenak zenbait taulatan irudikatu ziren, eta taula horiek elkarlanean diseinatu ziren, IKT tresnak baliatuta. Halaber, inspirazio-gaiarekin lotuta –basoa, sutea eta ingurumena zaintzea– ikasleek egindako zenbait artelan ere erakutsi ziren, eta horrez gain, argazkiekin eta bideoekin egindako proiekzioak hartu ziren barne.
Beste alde batetik, ikasleek suhiltzaileekin hitz egiteko eta haiei elkarrizketa egiteko aukera izan zuten, suteak itzaltzeko lanei buruz, eta Gorosti elkarteko botanikari batekin hitz egin zuten, Ezkaba mendiko ekosistemari eta sute baten ondorioei buruz.
Amaitzeko, Maria Ana Sanz IIPko ikasleek Villar López fotokazetariaren aholkularitza jaso zuten, dokumentazio-lanak hobetzeko eta proiektuari buruzko erakusketako taulak diseinatzen laguntzeko.
Robotikako eta STEMeko (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) maila-arteko tailerrak, Ezkaba mendiaren ekosistema eta ingurunea zaintzearekin lotuta, txango bat plantaziora, bisita gidatu bat eta proiektuaren gaineko informazio-kartel bat kokatzea –ikasleek eurek diseinatua eta, QR kode baten bidez, proiektuari buruzko informazioa irakurri eta plantazioaren planoa eta gainerako informazioa ikusteko aukera ematen duena– izan ziren ekiten eta ingurunea hobetzeko komunitateari zerbitzu-ekintzetan liderra izaten ikasten lagundu zuen Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektu honi forma eman zioten azken ekintzak.
Ezkaba Mendiari buruzko beste post batzuk:
Utzi erantzuna